Milioi bat euro baino gehiago jasoko dituzte Tolosaldeko 8 herrik kirol instalakuntzetarako

Tolosaldeko Ataria 2014ko eka. 19a, 12:25
Berazubiko estadiorako 600.000 euroko diru laguntza eman du Foru Aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosako Berazubi estadioa birmoldatzeko 600.000 euroko laguntza emango du, eta Villabonako Arratzain futbol zelaia egiteko berriz, 200.000 euro. Proiektu nagusiak aipatu biak badira ere, eskualdeko beste sei herritan ere jasoko dituzte laguntzak. Guztira 1.122.942 euro jasoko ditu Tolosaldeak. Diru laguntza hauek kirol instalakuntzak egiteko edo birmoldatzeko 2014-2016 Kirol Ekipamenduen Planaren barruan emango dituzte.

Tolosa eta Villabonaz gain Adunak, Anoetak, Berrobik, Elduainek, Irurak eta Zizurkilek ere jasoko dituzte laguntzak.

  • Aduna: Frontoiaren eraberritze proiektua; 13.825 euro
  • Anoeta: Osasun Parkea jartzea; 9.000 euro
  • Berrobi: Eskolako kirol gunea estaltzeko aterpea eraikitzea; 67.378 euro
  • Elduain: Frontoiean saskibaloi saskia ipintzea; 1.660 euro
  • Irura: Skate pista; 69.000 euro
  • Tolosa: Berazubi estadioko 1. eta 2. faseko lanak; 600.000 euro
  • Amasa-Villabona: Arrantzain futbol zelaia; 200.000 euro
  • Zizurkil: Elbarrena futbol zelaian belar artifiziala eta argiztapena instalatu eta emakumeentzako aldagelak egitea; 162.079 euro

Guztira Gipuzkoako 41 kirol instalakuntzetarako emango du diru laguntza, guztira 7.025.000 euro bideratuz. Deialdira aurkeztutako proiektuak 2016a amaitu aurretik bukatu behar dira. Ikerne Badiola Kultura, Gazteria eta Kiroletako diputatuak eta Asier Sarriegi Kiroletako zuzendariak azaldu dutenez, "plan honen helburua herritarrei, edozein udalerritan bizirik ere, ariketa fisikoa egiteko aukera eskainiko dieten Gipuzkoa osorako kirol azpiegitura sare orekatu eta eguneratu bat finkatzea da".

Diru laguntzarik handiena, aurkeztutako aurrekontuaren arabera, Zumaiako frontoi luzea egitera bideratuko dute, 750.000 euro, eta hurrengoa da Tolosako Berazubi estadioak jasoko duena, 600.000 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!