Tolosaldeko udal gehienek sinatu dute hitzarmena Foru Aldundiarekin datuak elkarbanatzeko

Tolosaldeko Ataria 2014ko eka. 19a, 08:43
Beasainen sinatu zuten hitzarmena, atzo
Aurretik indarrean zegoen hitzarmenean 42 udal zeuden, eta orain 76. Gipuzkoako Foru Aldundiaren hitzetan, "informazio trukaketa aldebikoa izango da aurrerantzean: udalek aldundiari informazioa emango diote eta aldundiak udalei. Horrek guztiak eguneroko lana eta herritarren izapideak nabarmen erraztuko ditu. Horrez gain, iruzurraren aurkako borroka sendotzea lortu dugu”. Tolosaldeko 28 udalerrietatik 25ek sinatu dute akordioa. Bidania-Goiatz, Hernialde eta Ibarra dira sinatu ez duten herri bakarrak.

Helena Franco Ogasun eta Finantza diputatuak eman ditu hitzarmenaren inguruko xehetasunak. Gaur arte bazegoen indarrean informazio trukerako hitzarmena, 2005ean onartutako eredu baten arabera, eta horren bitartez Ogasun eta Finantza Departamentuak informazioa alde bakarretik ematen zien udalei beren funtzioak bete ahal izateko beharrezkoa zuten informazioa. Esaterako, gizarte zerbitzuen alorreko laguntzak kudeatzeko PFEZeko errenta oinarria eta Ondasun Higiezinen Zergari buruzko datuak ematen zituen Ogasunak edota udal zergen bilketa errazteko datuak; horrez gain, laguntzak tramitatzeko edo kontratu publikoetarako, eskatzaileak zerga-obligazioak beteta izanari buruzko informazioa eskaintzen zen.

Hitzarmen berriak informazioa elkarri emateko sistema iraunkor bat ezarri du, eta sistema horrek hiru helburu dauzka: Herritarrei tramiteak erraztea, administrazioen publikoen esku dauden datuak eta dokumentuak berriro ez aurkezteko duten eskubidea ahalbideratuz; bai udalei bai Aldundiari beren eskumenak betetzen laguntzea: eta zerga iruzurraren aurkako lanaren eraginkortasuna hobetzea.

Horretarako, informazioa trukatzeko hitzarmen eredu berri bat prestatu da. Bertan, batetik, orain arte Ogasunetik udalera bideratzen zen informazio fiskala ematen jarraituko da. Udal mailako helburuetarako eskura dauden eranskinen katalogoan jasotzen dira informazio emateko aukera horiek, interesa duten udalek hala nahi badute sinatu dezaketena, beharrezko informazio fiskala eskura izateko.

Bestetik, Foru Ogasunak Gipuzkoako udaletatik bere eskumenak gauzatzeko behar duen informazioa lortuko du, eta hori da berrikuntza nagusiena. Informazio hori udal guztietatik lortu beharrekoa da, zergak kudeatu eta ikuskatzeko datu orokor eta homogeneoak erabiltzea beharrezkoa den neurrian.

Helena Franco Ogasun eta Finantza diputatuaren iritziz, ekimena zalantzarik gabe, arrakastatsu eta eraginkorra da. “Arrakastatsua, elkarlanari esker, eta denon jarrera arduratsuei esker, Gipuzkoako udal gehienek hitzarmenaren eredu berria sinatzea onartu dutelako. Edo onartze prozesuan daude. Eta eraginkorra, hitzarmen berri honek askoz oinarri sendoagoa ezartzen duelako administrazio publikoek herritarrekiko ditugun funtzioak eta ardurak hobeto bete ahal izateko. Horrekin denok ateratzen gara irabazle”, adierazi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!