Eskualdeko 90 parte hartzaile, Quebrantahuesos proban

Ataria 2014ko ekainaren 18a

Sabiñanigon (Huesca, Espainia) hasi eta bukatzen den txirrindularien afizionatuen mailako probarik ezagunena, Quebrantahuesos, izango da larunbatean, ekainak 21. Tolosaldeko 90 pertsonak eman dute izena bi probetan; 68 iraupen luzekoan eta 22 iraupen ertainekoan.

Proba nagusia, iraupen luzekoa, 200 kilometro ditu, eta Treparriscos iraupen ertainekoak 85 kilometro. Eskualdeko afizionatu askok hartzen dute parte urtero proba honetan, eta aurten 90 izango dira Tolosaldeko ordezkariak, antolatzaileek Atariari argitu diotenez.

Eskualdeko parte hartzaileak:

  • Tolosa: 41 Quebrantahuesos eta 16 Treparriscos
  • Villabona: 5 Quebrantahuesos eta 4 Treparriscos
  • Ibarra: 12 Quebrantahuesos eta 1 Treparriscos
  • Alegia: 5 Quebrantahuesos
  • Anoeta: 2 Quebrantahuesos eta 1 Treparriscos
  • Irura: 3 Quebrantahuesos

Hau ez da hala ere, txirrindulari afizionatuek aurretik duten proba bakarra. Datorren astean bertan, ekainak 29, I. Abraham Olano Zikloturista Martxa izango da eskualdean.

Oriako Txirrindulari Eskolak antolatu du proba eta bi aukera egongo dira, luzea eta motza. Lehenengoan, txirrindulariek 194 kilometro egin beharko dituzte. Bataz besteko malda 4.280 metrokoa izango da, eta guztira, hamaika tontor gaindituko dituzte.

Tolosaldeko Atariak gehigarri berezia prestatzen ari da probaren xehetasun guztiak bilduz, eta ekainaren 26ean banatuko du Atarikideen artean.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!