Garai berriei egokituriko integrazioa jomugan

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko eka. 18a, 10:47
Jatorkin elkarteak ildo berri bati ekin zion duela lauzpabost urte eta, ikasle etorkinen hezkuntzan eragin nahi dute. Zentzu honetan, 'Arrakasta eta eskola porrota' hitzaldia antolatu du gaurko. 19:00etatik aurrera Tolosako kultur etxean ariko dira besteren artean, Xabier Tolosa Orixe institutuko zuzendaria eta Marwane Azergui ikaslea. Azergui arrakastaz gainditu du batxilergoa eta selektibitatea D ereduan ikasita.

Jatorkin elkarteak zortzi urte daramatza, Tolosan, lanean. Lehenago Irazki elkartea zena desagertu, eta hango zenbait kidek ekin zioten Jatorkinen bideari; Saad Malec marokoarra hasiera-hasieratik aritu da elkarteko jardueretan buru-belarri, eta azken lauzpabost urteotan hartu duten ildo berria nabarmendu nahi izan du.

Emeterio Arrese plazako balio-anitzeko eraikinean dute, Jatorkineko kideek, beren txokoa. 60 kide dituzte ofizialki, baina beste askoren beharrei erantzuten diete; egitasmoak antolatzen, berriz, 20 pertsona inguru aritzen direla dio Saad Malec-ek: «Gure elkartean hainbat jatorritako etorkinak daude, baina guztiak etorkizun hobe baten bila etorritakoak dira».

Horren harira, Jatorkinen ere krisia nabaritu dute, askoz ere gehiago baitita laguntza eske bertaratzen diren etorkinak: «Zortzi urte daramatzagu elikagai-bankua antolatzen, gure gisara, eta oso nabarmena da jendearen beharrak hazi egin direla, eta asko gainera».

Bide beretik, erakundeak ere estuago dabiltzala diote Jatorkineko kideek, eta, noski, «guk ere nabaritzen dugu».

Lan-ildoak aldatu beharraz

Saad Malec-en ustez, ordea, ekonomia ez da krisian dagoen bakarra. Jatorkinen lehen pausoak kultura eta folkloreari begirakoak izan ziren, norbere gastronomia, kultura nahiz tradizioak erakusteko.

Garai berriek bestelako lan-ildoak eskatzen dituztela uste du, ordea, Malec-ek: «Halako jardueren momentua pasa dela uste dut, gaur egun oso zaila baita, esaterako, Marokoko gastronomia nolakoa den ezagutzen ez duen tolosar bat aurkitzea. Askotan ikusi dugu, eta horrekin jarraitzea errepikatzea litzateke; hainbeste errepikatuz, lortu nahi dugunaren aurkakora iritsiko gara: bertakoen eta etorkinen arteko desberdintasuna areagotzera».

Horrenbestez, tradizio desberdinak plazaratu beharrean, hainbat jatorritako jendearen arteko elkarbizitza sustatu behar dela uste du Jatorkineko kideak. Eta bide horretan txertatu dituzte integrazioa nahiz eguneroko beharrak asetzeko baliagarriak izango diren ikasgai eta tailerrak.

Hezkuntza, integraziorako gakoa

Autoestimua, pertsonen arteko gatazkak konpontzea nahiz emakumeen autonomia lantzen ikasteko hainbat tailer antolatzen ditu elkarteak. Horien artean, bada Guraso aktiboak izeneko egitasmo berezi bat, hezkuntzari zuzen-zuzenean begiratzen diona.

Finean, guraso etorkinei informazioa ematea da helburua, ikastetxeek antolatzen dituzte guraso eskolek egiten duten moduan: «Guk, ordea, publiko zabalarentzat saioak antolatu beharrean, etorkinei begirako hitzorduak prestatzen ditugu».

Eta horrek badu arrazoi zehatz bat: ikasle etorkinen artean eskola porrota oso nabarmena da. Zenbait ikerketak diotenez, gainera, porrot horretan eragin handia omen dute familien lehentasunek: «Familia etorkin askotan ikasketak ez dira lehentasun bat, eskola-ohitura horiek ez baitira beren eguneroko zati», Saad Malec-ek dioenez.

Gauzak horrela, Jatorkin elkarteak oso argi dauka egin beharrekoa zein den: familia batek etxean ikasketei garrantziarik ematen ez badio, hori aldatzea. Hasteko, familiari motibazioa piztea da gakoa, beren ustez, eta haur eta gaztetxoei ikasteko grina piztea ikastetxeen eginbeharra izango da.

Tolosako kultur etxean gaur eskainiko duten hitzaldia izango da, besteak beste, etorkinen hezkuntzan eragiteko saioetako bat, 19:00etan hasita. Datorren ikasturteari begira ere jarri dira, ordea, eta eskolarako errefortzua eskaini nahi du Jatorkinek, ikasgaiak lantzeko edo baliabide materialak eskaintzeko.

Horretarako, erretiroa hartua duten irakasleak nahiz Jatorkini lagundu nahi diotenak erakarri nahi dituzte, proiektuan parte hartzeko: «Astean ordubeteko saioak eskaintzea da gure nahia, mailaz maila».

Egitasmoa sustatzeko pedagogia arloko praktiketako ikasleak ere lanean ariko diren arren, errefortzu horietan lagundu nahi duten herritarrei ateak zabaldu nahi dizkiete.

Horretarako, 685 75 73 70 edo 688 84 40 06 telefono zenbakietara deitzearekin batera, jatorkin@hotmail.es helbide elektronikora ere idazteko aukera izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!