Egunkaria

Defentsak Fiskaltzaren helegitea inpugnatuko du

Ataria 2014ko ekainaren 17a

Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Auzitegiko epaileak ekainaren 4an jakinarazi zuen auzia artxibatzea erabaki zuela, ustezko delituak preskribatuta daudela iritzita. Fiskaltzak zortzi auzipetuei diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuak faltsutzea egozten die. Alegian bizi den Begoña Zubeltzu da akusatuetako bat, eta bihar izango da Atarian.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko Fiskaltzak uste du Egunkaria-ko auzi ekonomikoa ez dagoela preskribatuta, eta, ondorioz, kasua artxibatzearen aurkako helegitea aurkeztu du, Efe berri agentziari Fiskaltzako iturriek jakinarazi diotenez.

Akusazioaren arabera, helegitea sartzearen arrazoia "formazkoa eta soilik teknikoa" da. Fiskaltzak dio zortzi akusatuek Egunkaria-ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutu zituztela eta diru laguntza publikoak eskuratzeko iruzurra egin zutela. Dena dela, Gipuzkoako Diputazioak txosten batean aitortua zuen Egunkaria-k ez zuela zerga iruzurrik egin, eta Jaurlaritzak bi txostenetan esan izan du laguntzak legezkoak zirela.

Kasua Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren esku geratuko da orain.

Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi akusatuentzat 128 urteko espetxealdia —9 eta 18 urte artekoak— eta 221 milioi euroko isunak eskatu zituen Fiskaltzak aurretiazko saioan, apirilean.

2003ko urrian izan zen auzi ekonomikoko operazioa. Zortzi hilabete lehenago euskarazko kazeta itxi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak —honek 2010eko apirilean absoluzioa eman zuen, Egunkaria eta ETAren arteko harremanik ez zegoela argudiatuta—. Auzi ekonomikoa orduan Auzitegi Nazionaletik Gipuzkoara igorri zuten, ustezko delituak "arruntak" liratekeelako, ez "terrorismoarekin" lotutakoak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!