Nekeak ez du lekurik

Imanol Garcia Landa 2014ko eka. 13a, 08:00

13 urte diskorik argitaratu gabe egon ondoren, Incansables txarangak 'Omenez' kaleratu du. Tolosako Kabi Alai elkartea aukeratu zuten aurkezpena egiteko, lotura estua baitute beraiekin.

Entzun Incansables Txarangako Josu Sanchezi egindako elkarrizketa Ataria Irratian

 

Incansables izena entzun eta gutxi izango dira txaranga batekin lotzen ez dutenak. 45 urte badira Euskal Herriko hiri, herri eta bazterrak alaitzen dituztela, eta orain disko berri bat argitaratu dute, Omenez izenekoa. Tolosako Kabi Alai elkartea bere «bigarren etxea» dela diote, eta bertan egin dute diskoaren aurkezpena.
Josu Sanchez tolosarra da txarangako kideetako bat. Zortzi urte daramatza Incansables-eko parte izanez, eta diskoa argitaratzearen arrazoia azaldu du: «Bisitan joaten ginen herrietan edo emanaldia eskaintzen genuen aldiro galdetzen ziguten noiz aterako genuen disko berri bat. Aurrekoa arrakastatsua izan zen eta zain zeuden berri bat noiz aterako». Azkenean, taldekideak elkarri zirikatu eta animatuta, diskoa kaleratu dute.
Txarangako bost sortzaileetatik taldean jarraitzen duen bakarra da Joaquin Ortega Canario hernaniarra. Berak moldatu edo sortu ditu diskoaren abesti gehienak. «Lan asko egina zegoen, aurretik abesti horiek jotzen genituelako kalean. Gero, zenbaitetan moldaketak egin behar izan dira, kalean jotzerakoan formatu bat izaten delako eta gero grabatzerakoan beste instrumentu batzuk sartzen direlako».

Halere, Ortega konbentzitu behar izan zuten beste taldekideek. «Ordu asko sartzen dituzu», dio Ortegak. «Egia da disko bat grabatzen duzunean txaranga baten balioa handitu egiten dela. Baina Internetek, bere gauza onak dituen moduan, txarrak ere baditu, eta horrelako proiektu batean sartzen bazara eta gero norbaitek diskoa Interneten zabaltzen badu, ederki izorratzen zaitu». Bestalde, taldekide gazteen jarrera ere ulertzen duela dio: «Nik zazpi-zortzi diskotan parte hartu dut, eta nahiko beteta sentitzen nintzen. Besteak gazteak dira eta ilusioa eta gogoa zuten disko bat egiteko». Behin baiezkoa esaterakoan bazekiela zer etorriko zen dio: «Entsegu mordo bat, paper mordo bat... Gero, emaitza musikalari begiratzen badiozu, gauza oso politak daude».
Grabazioetan tentsioa nabaritzen dela esan du Ortegak: «Azkenean ahal duzun ondoen egin nahi duzu, eta une bat iristen da ez duzula ondokoak bezala pentsatzen, eta hasten zarela esaten besteari beste modu batera eginez gero hobe dela». Gero, entseguetan erraz egiten dena, grabazioan okertu egiten dela gaineratu du, urduritasunak tarteko: «Zerbait ez zaizu ateratzen eta blokeatu egiten zara; gero ezpainak nekatu egiten zaizkizu ere, eta atsedenak ere hartu behar dituzu». Azkenean lau egun behar izan zituzten grabaketa egiteko: «Jendeak pentsatzen du grabaketa lekura sartu eta segituan egiten dela. Azkenean lau egun izan dira, eta aurretik ordu mordo bat sartu ditugu entseguak egiten. Ondo egin nahi duzu eta gero emaitza ere horrela izaten da».
Baionako Agorila diskoetxearen bitartez argitaratu dute, eta Andoaingo Garate estudioetan grabatu, Mikel Fernandez Krutzaga soinu teknikariarekin. «Argi genuen berarekin egin nahi genuela», dio Sanchezek. «Aurreko diskoa ere berarekin grabatu zuen taldeak, eta emaitza oso ona izan zen». Hamar kide dira egun txarangan, horietatik bi tolosarrak, Sanchez bera eta Jesus Maria Moneo. Beste bi musikari ere gipuzkoarrak dira eta gainontzekoak nafarrak dira. Grabaziorako aurretik Incansablesen aritutako hiru musikarik lagundu die.

Txarangako kideei omenaldia
Diskoaren izenak bere azalpena du, Sanchezek esan duenez: «Hasiera batean txaranga sortu zutenei eskaintzea zen, eta horregatik du izen hori, eta horretaz gain txarangan parte hartu dutenei eta funtzionatzen lagundu dutenei eskainia da ere. Bereziki egun txarangan dagoen sortzaileetako bati eskainia da, Canario-ri».
Diskoaren azken abestia iaz zendu zen Txomin Castro Sietemesino billabonatarraren omenez sartu dute. «Abestia aurtengo inauterietan estreinatu genuen, Ostegun Gizenean, Kabi Alai elkartearen aurrean», esan du Sanchezek. Habanera bat da Castrori eskainitako pieza. «Oso lotua zegoen inauteriei», dio Ortegak. «Eta habanerak oso ohikoak dira Tolosako inauterietan, eta gainera doinu sentikorrak dira. Taldekideek esan zuten diskoan sartu behar zela. Egia esan, disko batean, abesti mugituak izatea eta habanera bat sartzea ez da ondo ezkontzen, baina azkenean omenaldi bat da Sietemesino-ri eta diskoa betirako gelditzen den gauza bat da».
Hernani, Tolosa eta Villabonako boskote batek eman zion hasiera taldeari: Txomin Castro Sietemesino, Jesus Maria Zalacain Pipas, Jose F. Esnaola Paotxa, Felipe Sagarna Zapa eta Joaquin Ortega Canario.  Azken hau da egun jarraitzen duen bakarra, eta esan daiteke bera dela txarangako arima: hainbat instrumentu jotzen ditu eta bera izan da disko berriaren proiektuan pisu handiena izan duena. «Txarangako errepertorio gehiena bere eskuetatik pasatakoa da», dio Sanchezek.
Ortegak dioenez, txarangak garai berrietara egokitzen jakin izan du: «Jende askok esan duenez, bidea markatu du Incansablesek. Orain 40 urte nahikoa zen lau kalejira, bi pasodoble eta beste bi abestirekin. Baina pixkana gauza gehiago sartzen zoaz, eta musika kalitatea ere jarri nahi duzu. Azkenean, askok dioten moduan, gaur egun txarangek erabiltzen duten oinarrizko errepertorioa guk sortutakoa edo moldatutakoa izan da».
Lehen musikariak batetik edo bestetik elkartuta egiten ziren txarangak, eta Gipuzkoan batez ere Tolosako inauterietako doinuak hartuz, eta Nafarroan sanferminetakoak jasoz, osatzen zituzten errepertorioak. «Gu hasi ginen gauzak osatzen», dio Ortegak, «eta txaranga askok orain gutxi arte, eta egun batzuk ere bai, guri grabatzen ziguten edo moldaketak eskatzen zizkiguten, edo partiturak bidaltzen genizkien».
Incansables txarangak besteengan duen eragina irudikatzeko, Sanferminetan hasi zireneko eguna du gogoan Ortegak, orain 20 urte inguru: «Alegria peña aldera nindoala, txaranga bat, ez nuena ezagutzen, nire moldaketa bat jotzen ari zen. Eta gero beste bat entzun nuen eta aurrerago ere beste bat. Iruñean aurretik jo gabeak ginen, baina gure errepertorioa alde guztietatik zegoen».

Adin guztientzako
«Disko berrian saiatu gara adin tarte guztietarako doinuak sartzen, eta hauek alaiak izatean», esan du Sanchezek. Kalejirak daude, abesti latinoak, swing, dixieland, rock, filmetako zenbait soinu bandekin ere osatu dute pieza bat, doinu mexikarrak,...  Abesti hauetako asko dagoeneko jotzen zituzten aurretik, eta orain ere, diskoa zabaltzearekin batera, espero dute gehiago eskatuko dizkietela. Aurrera begira, San Joan jaietan ariko dira, sanferminetan eta beste hainbat lekutan, «diskoa kalean defendatzen».
Kabi Alai elkartearekin lotura estua du Incansablesek. Orain 35 urte inguru hasi ziren inauterietan parte hartzen beraiekin, eta egun ohorezko bazkideak dira. «Urteurrenak direla, festak direla, beti gurekin kontatzen dute. Gure bigarren etxea da», dio Sanchezek. Umorez hartu beharreko ofizioa da txarangetako musikariarena Sanchezen ustez: «Kalean zabiltza, parranda egunetan, jendea alaitzeko asmoz, eta beraz zure umorea ere transmititzen da ingurukoengan».
Ortegak esan duenez, txarangen mundua «asko» aldatu da: «Beste gauzak bezala, txarangen munduak ere bere garapena izan du». Hasi zirenean, 1970ko hamarkadan, txarangak sustraituago zeudela dio: «Gaur egun jendeak disko asko ditu etxean, kontzertuak ikustera joaten da batera edo bestera, eta orduan hori dena ez zen existitzen. Orduan bost musikari jarriz gero kalean, mila pertsona zenituen atzean. Zegoen apurrarekin disfrutatzen zenuen».
Modak asko aldatu direla esan du: «Lehen egunez gehiago bizitzen zen festa. Orain gazte jendeari gehiago gustatzen zaio gauez ateratzea». Horregatik diskoan musika mota asko bildu dituzte.
Tolosan lau lekutan erosi daiteke Omenez diskoa: Zunbeltz dendan, eta Orbela, Ikatza eta 19-90 tabernetan.  www.incansablestxaranga.com webgunean ere eskuragarri jartzeko asmoa dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!