Eraso matxistak saihesteko brigadak Ibarran eta Anoetan

Maier Ugartemendia 2014ko ekainaren 12a

Tolosaldeko Asanblada Antifaxistak eskualdean izandako "eraso matxista ugariei" erantzun bat emateko beharra ikusi dute, eta horregatik asteburu honetan brigada feministak jarriko dituzte martxan.

Asteburuan Anoetan eta Ibarran festak ospatuko dira, eta Tolosaldeko Asanblada Antifaxistak «azken boladan» eskualdean «eraso matxista ugari» jasan direla eta «inork zentzuzko alternatibarik» proposatu ez duenez, proiektu bat jarri dute abian. Hain zuzen ere, gaur gaueko 00:00etatik hasita, orduro, egunsentirarte, topaketak egingo dituzte inor etxera bakarrik joan ez dadin. Ibarrako plazako zubi inguruan eta Anoetan trenbide gaineko herri sarrerako zubian elkartuko dira.


Hala ere, hau «momentuko erantzuna» dela eta arazoari aurre egiteko «nahikoa ez dela» diote; izan ere, «erasotzaileek sistema patriarkaletik jasotako balioak azaleratu besterik ez dituzte egiten» euren ustez. Momentuko erantzuna «beharrezkoa» dela uste dute, «erasotuek momentuan zein ondoren sufritzen baitute». Gauzak honela, «patriarkatua suntsitzea» eta «erasoei erantzutea beharrezkoa» dela uste dute. Eta hori «guztion ardura» da.


Beraz, herritar guztiei «brigadetan parte hartzeko gonbidapena» luzatu diete; prest daudenak herri horietako txosna zein gaztetxeetan telefono zenbaki bat izango dute horretarako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!