Halterofilia, onenak etxean daudenean

Asier Imaz 2014ko eka. 12a, 16:11
Onena izateko ez da beti irabazi behar. Batzuentzat, onenak, egunero-egunero ixil-ixilik lanean ibiltzen direnak dira. Eguneroko sentsazioak sentimendu bilakatzen dituztenak. Botatako izerdiak bere fruituak ematen ditu, ondoren. Batzutan, domina itxuran, bestetan, oroitzapen gisa.


Danok Danena Halterofilia Taldeak Villabonako Olaederra kiroldegian entrenatzen du. Beheko solairuan, igerilekuaren eta saunaren ondoko gelatxo batean. Bero ittogarria egiten du bertan, eta hori esatea, ez da gehiegikeria. Hala eta guztiz ere, gustura ibiltzen dira bertan pultsulariak, pake-pakean.
Gustura euren txokoan, eta oso gustura euren artean. Lehiaketetan, sarri, banaka parte hartu arren, Danok Danenako pultsulariek talde bat osatzen dute, eta entrenatzailea, kide bat gehiago da. Behar denean, gogorra, zorrotza, eta serioa.
Espainiako Txapelketak jokatu berri dira, eta autonomia erkidegoa ordezkatuz Danok Danenako zortzi pultsulari ibili dira. Zer ospatua badute, bakoitza bere neurrian ibili baitzen.
Orain, atseden garaia etorriko zaie gehienei, abuztua tarteko. «Ligaxka bat eta Villabonako Jaietako erakustaldia geratzen zaizkigu», dio Batis Kortajarena entrenatzaileak.
Denboraldiaren bigarren zatia irailan hasiko dute Danok Danenakoek. Besteak beste, azaroan Espainiako Taldekako Txapelketa jokatuko dute.
Jon Ander Iriartek taldean dagoen «laguntasuna» azpimarratu du Danok Danenaz hitzegiterakoan: «Presioa denon artean banatzen dugu, eta ondo eginez gero, parrada ere denon artean egiten dugu». Igor Sasiainek ere pultsularien artean dagoen giroa nabarmentzen du, baita beste herrialdetakoekin ere.
Halterofilian, indarrarekin batera burua garbi edukitzea beharrezkoa dela dio Iriartek. Igor Sasiainek, teknikaren garrantziaz hitz egiten du, lesioak sahiesteko bidea dela aipatuz. Azken honen anaiak, Ion Sasiainek, entrenatzailearen gogortasuna eskertzen du, konzentraturik egotearen garrantziarekin batera; eta guztiak, ados agertzen dira puntu horietan.
Asier Gallego bere buruarekin kritiko agertzen da, «taldeko txarrena» bera dela esanaz. Hori bai, behin hori onartuta, bere helburua zein den esan beharrik ez dago. Gallegoren erronka entzunda, guzitiek dakite bakoitzaren tamainan ibiltzeko, izerdia gogor botatzen jarraitzea beharrezkoa izango dela.
Susana Davila
58 kiloko kategorian ibiltzen da Susana Davila gaztea. Arrankadan 67 kilo altsatu ditu, eta bi denboran 85. Taldean giro ona dagoela dio Davilak, eta elkarrekiko feeling-a aipatzen du ondoren. Urtea indartsu hasi zuen Davilak, eta Europako Txapelketarako sailkatu zen. Poloniara joan aurretik, ordea, bizkarrean lesioa izan zuen. Hala eta guztiz ere, hamargarren amaitu zuen Europako Txapelketan. Berriro sasoian dagoela dio pultsulari gazteak. Udan ez du atsedenik hartuko, selekzioarekin konzentratuko baita laster. Aurrera begira, badu berezitasun bat Susana Davilak. Kirolarientzat egokitutako Blume akademian beka bat eskatu du, eta erantzunaren zain dago; beraz, baliteke Madrilera joatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!