Flora inbaditzaileak erradikatu dituzte Oria eta Araxes ibaietan

Maier Ugartemendia 2014ko eka. 12a, 12:50
Landare inbaditzaileen aurkako tratamendua amaituta, bertakoak landatu dituzte

Eskualdeko ibaietako ibar basoetan dauden flora inbaditzaileak erradikatzeko lanen lehen fasea burutu dute eskualdean, Ikaztegieta, Baliarrain, Altzon, Alegian, Leaburun, Lizartzan, Orendainen eta Tolosan. Hurrengo fasea Tolosatik Villabonara bitartekoa izango da. Egindako lanen berri eman zuten atzo Unai Iraola Alegiako alkateak, Iñigo Muñoz Ingurumen Teknikariak eta Lorena Uriarte Aranzadi Zientzia elkarteko kideak.

Aipatu bezala, erradikatzeko lan hauek Araxes azpi-arroan eta Oria ibaiaren zati batean egin dira. Muñozek azaldu bezala zati hauek Natura 2000 sarearen barruan daude eta, hortaz, «leku babestuak dira». Gauzak honela, espezie inbaditzaileek bertan izan dazaketen eragina are «kaltegarriagoa» izan daitekeela uste du.

Lorena Uriarteren arabera, landare hauek exotikoak dira «kanpoko jatorria duteko» eta inbaditzaileak dira «ugaltzeko gaitasuna» dutelako. Lau dira eskualdeko ibaietan erradikatu dituzten landareak: Lila, Panpa-lezka, poligono japoniarra eta Tupinamboa.

Uriarteren arabera, landare hauek bertako ekosistema «erabat hausten dute», eta ez dute bertako landareria potentziala egoten uzten; hau da, ez dute «bertan egon beharko luketen fauna eta landare espezieak hazten uzten».

Landare hauek erradikatzeko bi tratamendu erabiltzen ari dira. Batetik, kimikoa «herbizida aplikatzen zaie». Bestetik, mekanikoa, «moztu egiten dira». Behin tratamendua eman ostean, bertako landareak landatzen dira Uriarteren arabera «ekosistema berreskuratzeko eta ez uzteko espezie hauei berriro sartzen».

Flora hau gure ingurunean egotearen arrazoiak, berriz, irudiari dagozkionak dira: «oso ikusgarriak izaten dira eta helburu apaingarriekin ekarritakoak izaten dira». Baina, Uriartek azpimarratzen du ingurunea «polita» egiten badute ere «bertako biodibertsitatea asko murrizten dutela». Landare hauek gehiago ez zabaltzeko ibarbasoak «zainduak» egotea da garrantzitsua, bertako landare eta zuhaitzak izan beharko lukete nagusi.

Informazio zabaltzeko panelak

Eskualdeko biztanleria flora inbaditzaileen arazoaren jabe egitea eta sentsibilizatzea nahi dute proiektu honekin. Horregatik, bi panel informatibo jarri dira ibaien ertzean; bata Alegian eta bestea Tolosan. Unai Iraolaren esanetan, bide honetan «aurrerapausoak ematea eta kontzientziazio lana egitea garrantzitsua da, prebentzio lan bat egiteko». Aipatutako panel hauetan Natura 2000 sareari buruzko informazioa emateaz gain, landare inbaditzaileak zer diren eta zeintzuk diren azaltzen dute testu eta irudi bidez.

Bestalde aipatu behar da proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzaren dirulaguntza jaso duela, eta Tolosaldeko udalek, Tolosaldea Garatzenen koordinaziopean eraman dutela aurrera, URA agentziaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Behin lehen fasea amaituta, bigarren eta hirugarren bat ere beharko direla uste dute. Bigarrena Tolosatik Villabonarako izango da, baina hau jada datorren ikasturtetik aurrera izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!