Tamaina txikiko lurrikarak izan dira Orexan eta Lizartzan

Ataria 2014ko ekainaren 6a

Orexa izan zuen erdigune, 2,8 graduko lurrikara txikiak
Asteazkenetik ostegunerako gauean, goizaldeko lauak aldera, bi lurrikara izan ziren eskualdean. Richter eskalan 2,8 graduko indarra izan zuen batek, eta Orexan izan zuen epizentroa. Bigarrena, ordu erdi beranduago izan zen, 2,4 graduko indarra izan zuen, eta Lizartzan izan zen erdigunea. Berastegin ere nabaritu zuten lurrikara.

Adituen arabera, indar gutxiko lurrikarak izan ziren. Orexan askok nabaritu ere ez zuten egin. Orexako alkateak, Eneko Maiozek, esan duenez, herrian denetarik dago, nabaritu zutenek golpe baten modukoa sentitu zuten ohean zeudela, baina askok nabaritu ere ez zuten egin. "Kuriositate bat izan da, asko ez dira enteratu ere egin".

Berastegin ere nabaritu zuten tamaina txikiko lurrikara. Aritz Mujika alkateak berak, ez zuen nabaritu, baina familia bat joan da udaletxera zerbait nabaritu zutela eta zer ote zen galdetzera. Orokorrean, ordea, ez dute ezer nabaritu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!