Ekitaldi ugari, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta

Maier Ugartemendia 2014ko eka. 5a, 18:44
Egun berezia izan zen atzokoa eta hori dela eta hainbat herritan aste berdeak ospatzen ari dira. Honetaz gain Haurren Hiria proiektuak hartu zuen atzo, Tolosako San Frantzisko pasealekua.

Nazio Batuen Batzar Nagusietan, 1972ko abenduaren 15ean onartu zen ekainaren 5a Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izatea. NBEak munduan ingurumenak duen garrantziaz kontzientziatzeko baliatzen du egun hau. Egun hau aitzakiatzat hartuta eskualdeko hainbat herritan aste berdea ospatzen dute, ingurumenarekin lotutako hainbat ekintza burutuz.


Amasa-Villabonan aste berdea antolatu dute udalak eta Aizkardi Mendi elkarteak. Gaur bertan bigarren eskuko azoka bat egingo dute, berdura plazan, 17:30etatik aurrera. Bertan nahi duen orok parte hartu ahal izango du, bere gauzak trukatuz, salduz edo oparituz. Bestalde, herritarren artean ingurumenari lotutako prozesu bat dute martxan Amasa-Villabonan. Hain zuzen ere, etorkizunean nolako Amasamendi nahi duten erabakitzeko prozesua dute abian, eta honekin lotuta eskolatako haurrek etorkizunean nolakoa irudikatzen duten azaltzeko marrazkiak egiten ari dira.


Ibarran, piperrak landatzen
Ibarrako udalak ere hainbat ekimen antolatu ditu gaurko egunaren harira, eta aste berde honetan Uzturpe ikastolako haurrek parte hartu dute. Aurtengo aste berdearen helburua «ingurumena eta gizakia errespetatzen dituen gizarte bat sortzeko helburuarekin garapen esperientzia desberdinak aditzera ematea» da. Kasu honetan, herenegun hasi ziren ingurumenarekin lotutako ekimenak burutzen, eta nola ez Ibarrako ikur den piperra izan zuten protagonista.  Antolatzaileen esanetan, Ibarra «oso ezaguna» da piperrenagatik; hori dela eta, «garrantzi berezia» eman nahi izan diote eta piper landaketa bat egin zuten. LH 6. mailako ikasleak aritu ziren lanean, eta uda ostean, «landatutako piper horiei jarraipena egin eta nola ateratzen diren ikusiko dute». Heregun egin zuten ekimenean sasoiko barazkien postu bat ere jarri zuten. Ibarra 789 taldeak azalpen labur bat eman zien ikasleei, udal lorezainekin elkarlanean. Honekin udaberri garaiko barazkiak zeintzuk diren ezagutzea lortu nahi zuten, sasoiko barazkien kultura «galdu» egin baita. Antolatzaileen esanetan, «erosotasunak lehentasuna hartu dio kalitateari», eta sasoiko barazkien «abantaila eta garrantzia» ahaztu ditugu: «osasuntsuagoak eta ekologikoagoak dira».


Aipatutako ekimenaz gain, atzo bertan landare inbaditzaileak identifikatzeko ibilbide bat egingo dute, eta bihar, ikasleek landatutako 100 lizarrek denbora luzez iraun dezaten eta belarrak mozterakoan kalterik jaso ez dezaten, ikasleek lizar horiek babestuko dituzte.


Haurren hiria proiektua, Tolosan

Tolosako aste berdearen baitan, haurren hiria proiektua aurkeztu zuten Tolosan atzo, 17:00etatik aurrera. Juan Unzueta Tolosako Ingurumen Zentroko kidea da eta berak azaldu dio Atariari zer den Haurren Hiria.



EGITARAUAK

AMASA-VILLABONA
EKAINAK 6
17:30etatik 20:00etara. Bigarren eskuko azoka jarriko dute, Berdura plazan. Bertan gauzak trukatu, saldu edo oparitzeko aukera izango da.


IBARRA
EKAINAK 5
11:30etatik 13:00etara. Uzturpe ikastolako LH 4ko ikasleek Ibarran dituzten landare inbaditzaileak zeintzuk diren identifikatzeko ibilbidea egingo dute.
EKAINAK 6
11:30etatik 12:30etara. Uzturpe ikastolako DBH 1eko ikasleek 100 lizar landatu zituzten, lizar horiek iraun dezaten ikasleek babestu egingo dituzte.


TOLOSA
EKAINAK 5
17:00etatik 19:30era. San Frantzisko pasealekuan Haurren Hiria jaialdia antolatu dute. Bertan hainbat ekintza burutu ahal izango dira:
• Grafiti gunea: Ahotik margotzera! GKO-Galleryko artisten eskutik tailer parte hartzailea. Tailer honi esker aterako diren hausnarketak mural gisa ipiniko dira, hau da, marrazkien bitartez hitzak diona islatzen saiatuko gara dena mural bakar batean laburbilduz.
• Zirkoa kalera: Trebatuz ikasi! Zirkoan erabiltzen diren malabarismoak izango dira. Aditu baten laguntza izango dute parte hartu nahi dutenek. Situak eskarmentua duenez, haurrak trebatu ahal izateko tartea eskainiko duelarik.
• Atzoko jolasak: Eman astindu bat elektronikari! Egurrez egindako 24 jolas ipiniko dira espaloian jarduteko. Bakarka, bikoteka eta taldeka jolasteko jolas hauek guztiak eginda egongo dira eta trebakuntzan saiatzeaz gain, beste hainbat gaitasunetan aritzeko aukera ematen dute. Horiekin batera mini golfean jolastu nahi duenarentzat gune bat ere egongo da.
• Roller eta patinak. Tolosako roller taldeko kideen laguntzaz pista bat antolatuko da. Oztopo ezberdinak jarriko dituzte trebatze ariketak egiteko. Patinak, rolleak eta gurpil-oholak ematea gomendatzen dute.
• Puzgarriak: Pista amerikarra! Kalea girotzeko puzgarriak ipiniko dira. Pista amerikar erara pentsatuta daude bi handienak, eta txikiena, berriz, haur txikientzat.
•Piñata! Nikaraguako emakumeen Tolosako taldearen eskutik piñatak ipiniko dituzte haurrek jolastu ahal izateko.

Etorkizunean nolako Amasamendi nahi duten erabakitzeko prozesua abian da

Amasa-Villabonako udala herritarrek nolako Amasamendi nahi duten erabakitzeko lanetan dabil. Maiatzaren 19an, Amasamendiren inguruan hausnartzeko lehen bilera egiteko hamazazpi lagun elkartu ziren. Lehen aldiz erabiltzaile desberdinak elkarren aurrean eserita, bakoitzak mendiarekiko dituen sentimendu eta asmoak azaldu zituzten, norbere lanaren edo zaletasunaren ikuspegitik.
Lehen bileraren helburua, Amasamendik egun dituen erabilera ezberdinak ulertzea izan zen, esan bezala, erabiltzaile ezberdinen ikuspegiak batuz. Horrela mendiari ikusten dizkioten gabezi eta arazoen ulermen bateratua osatu ahal izan zuten, etorkizunerako asmoak eta desioak adostu nahian. Lehen bilera hartan parte hartu zutennetako batzuek euren kezkak agertu zituzten, eta beste batzuek euren erabilera azaldu zuten. Behin eta berriz aipatu zen erabilera erregulatzeko beharra. Adostasuna agertu zuten Amasamendiren erabilera azken urteetan asko igo dela aipatzerakoan, eta horrek ustiaketa birpentsatzea eskatzen duela uste zuten.
Hurrengo bileretan parte hartu nahi dutenentzat ateak zabalik daude oraindik. Hilaren 16an izango da bigarrena eta kudeaketa eredu desberdinak ezagutuko dituzte bertan. Hirugarrena, berriz, uztailaren 5ean izango da eta bertan prozesuko ideiak oinarri hartuta, Ordenazio plan bat idaztea da asmoa.

 

 Gipuzkoako Foru Aldundiak gipuzkoarrak zoriondu ditu

Era berean, atzoko eguna aukeratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak gipuzkoarrak zoriontzeko Birziklapenaren Jendartea eraikitzeagatik. Tolosaldeko hainbat herri ere aipatu ditu bertan oso errefusa gutxi sortzen dutela esan eta emandako norabide aldaketa eskertzeko. Bideo bat ere egin du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!