Kulturaz betetako maiatza agurtu dute Iruran eta Zizurkilen

Maier Ugartemendia 2014ko eka. 4a, 11:41
Asteburuko ekitaldiekin eman diete amaiera Iruran eta Zizurkilen aurtengo egitarauei

Pasa den asteburuan Iruran ospatutako Euskal jaiarekin eta Zizurkilen ospatutako senidetzearekin eta zumbatonarekin eman diete amaiera aurtengo maiatza kultura eta maiatza saltsani, hurrenez hurren. Euskal kultura eta nazioartekoa izan dituzte oinarri bi kultur hilabeteetan.
Iruran, igandean ospatu zuten Euskal jaia. Artisau azoka eta dantzari txiki eguna ospatu zituzten. Euriagatik pilotalekuan jarri behar izan zituzten postuak, eta dantzariek ere kalejira egin gabe, zuzenean pilotalekuan eskaini zuten emanaldia. 32 postu jarri zituzten eta Alex Lasa Irurako kultur dinamizatzailearen arabera «gustura» gelditu ziren bertako giroarekin. Bi tailer ere bazeuden, «politak eta ikusgarriak» ziren eta jende askok parte hartu zuen, tailerretako batean materialik gabe ere geratu ziren. Orokorrean, hilabetean zehar ospatu dituzten emanaldiek erantzun ezberdina jaso dute herritarren aldetik. Lasak bi azpimarratzen ditu bereziki. Batetik, haurrentzat antolatutako Superheroi eta Klown tailerretan izandako izen emateen ondorioz, bi talde egin behar izan zituzten. Bestetik, kultur ezberdinen arteko poteoak ere normalean baino jende gehiago bildu zuela dio Lasak. Bertan bederatzi herrialde ezberdinetako jatorriak dituzten irurarrek prestatutako jakiak dastatzeko aukera izan zen. Balorazio orokorragoa hilaren 12an egingo dute, festa batzordean.
Maiatza saltsan «arrakastatsua»
Zizurkilen ere amaitu da aurtengo maiatza saltsan, eta udalaren esanetan «arrakastatsua» izan da jendearen erantzunagatik. Udalak bereziki azpimarratu du «herritarren parte hartze zabala».
Aurtengo helburua kultura ezberdinak ezagutzeko, Zizurkilen bizi diren jatorri ezberdinetako herritarrak elkartzea zen. Udalak «eskerrik beroenak» eman nahi izan dizkie herritarrei aurtengo egitaraua aurrera ateratzeko egin duten lan guztiagatik. Eta urteroko ekitaldiek ere «sendo» jarraitzen dutela uste dute, hauek ere herritarren parte hartzerik gabe «ezinezkoak» lirateke aurerra ateratzea herritarren «parte hartze eta borondatezko laguntza gabe».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!