Egunkaria

Epaileak 'Egunkaria'-ren auzi ekonomikoa itxi du, ustezko delituak preskribatuta daudelako

Tolosaldeko Ataria 2014ko eka. 4a, 10:54

Fiskalak apelazioa aurkezteko bost eguneko epea du. Zortzi dira akusatuak, horien artean Alegian bizi den Begoña Zubeltzu hernaniarra. Epaileak 'Egunkaria auzia' itxi duela eta, elkarretaratzea egingo dute ostiralean, ekainak 6, 11:30ean, Martin Ugalde parkean, Andoainen.

Joan den apirilaren 7an Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa egin zuten, Donostian. Kasua artxibatzeko eskatu zuten defentsak, auzia preskribatuta dagoela esanez. Aldiz, fiskalak zigor eskaerei eutsi zien, eta ahozko epaiketa egiteko eskatu zuen. Epaileak auzia itxi du ustezko delituak preskribatuta daudelako, eta auzipetuta zeudenak izan zezaketen erantzukizuna amaitutzat eman du.

Begoña Zubeltzu, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi akusatuentzat 128 urteko espetxealdia —9 eta 18 urte artekoak— eta 221 milioi euroko isunak eskatzen ditu fiskalak. Orain bost eguneko epea dauka apelazioa aurkezteko.

Iruzurra leporatzen zieten

Fiskalak zioen akusatuek Egunkaria-ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutu zituztela eta diru laguntzak eskuratzeko iruzurra egin zutela. Dena dela, Gipuzkoako Diputazioak txosten batean aitortua zuen Egunkaria-k ez zuela zerga iruzurrik egin, eta Jaurlaritzak esan izan du laguntzak legezkoak zirela.

Duela lau urte, Egunkaria-ko sumario nagusiaren absoluzioaren ondoren, auzi ekonomikoa Gipuzkoako Lurralde Auzitegira pasatu zen, eta honek, geroago, auzitik kanpo utzi zuen Dignidad y Justicia elkartea.

2003ko urriaren 16an izan zen auziko ekonomikoko operazioa, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Urte bereko otsailaren 20an itxi zuen Del Olmok euskarazko egunkaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!