Alegialdean bezala, herri horietako udalerri gehienen laguntzari esker finantzatuko da kanpaina eta iritsiko da Tolosaldeko Ataria egunkaria eta astekaria herritar guztien etxeetara. Ekainaren hirutik ekainaren 20a bitartean, egunero-egunero banatuko baita egunkaria eta astekaria. Doan.
Horrekin batera, herri aurkezpenak eta irratsaioak egingo dira herrietan. Izan ere, harpidedun egiten direnek, egunkaria eta astekaria finantzatzen laguntzearekin batera, egunero-egunero Ataria Irratia (107.6 FM) eta www.ataria.info webgunea egiteko behar-beharrezkoa den baliabide ekonomikoak lortzen lagunduko lukete.
Etziko irratsaioa, Lizartzatik
Ataria-ren papereko euskarria banatzen hasi aurretik, etzi bertan izango da lehen irratsaioa Lizartzatik bertatik. 10:00etan hasita, hainbat herritar igaroko dira Ataria Irratiaren mikrofonoetatik. Besteak beste, herriko udal ordezkariek eta ikastetxeko haurrek hartuko dute parte.
Irratsaioaz gainera, ekainaren 9an astelehenean 19:00etan herri aurkezpena egingo da herrian bertan. Herritarrek Tolosaldeko Ataria-ren arduradunekin hitz egin eta eta proiektuari buruzko iritziak eta beste partekatzeko aukera izango dute. Berastegin ere aukera bera izango da. Ekainaren 6ean, ostiralean, izango da hitzordua, 21:00etan.
Ataria, elkarlanaren fruitu
Tolosaldeko Ataria errealitate dugu joan den urritik. Txolarre Irratiak, Tolosaldeko Hitzak eta Galtzaundi euskara taldeak indarrak batuta sortu den proiektua da. Urte askotako lanaren emaitza izan da Ataria.
Komunikabide talde bakoitzak bere eremua definitu eta irabazia zuen. Asko zen eskualdean euskarazko hedabideek lortu zutena, baina, ere berean, argi zegoen bakoitza berean egonda, aurrera begira baino gehiago, bereari eusten zegoela. Etorkizunean erreferentzialak izateko urrats sendoak eman behar ziren aurrera, arriskatu egin behar zen, indarrak batu eta elkarlanean arituz.
Ezaguna da, bereziki azken hamarkadan, eta mundu osoan, komunikazioaren sektoreak bizi izan duen etengabeko eraldaketa. Izan ere, interneten eta teknologia berrien erabilera orokortu izana eragin zuzena izaten ari da hedabideen ohiko negozio ereduan, eta horrek krisi sakona ekarri du tokiko komunikabideen esparrura. Baina, krisiak krisi, Tolosaldeak behar du euskal hedabideen sare indartsua, erreferentziala. Euskararen normalizazioak behar beharrezkoa du. Eta hori lortzeko ahaleginean abiatu da Tolosaldeko Ataria.
Irratsaioak herriz herri
Azken konponketa teknikoek emaitza onak eman dituzte eta egun, ia eskualde osoan ondo entzun daiteke Ataria Irratia 107,6 fm-ean. Hori ezagutarazteko eta herritarrek irratian zuzenean parte har dezaten ahalbidetzeko, Ataria Irratia ondoko herrietan izango da ostiral goizetan:- Lizartza. Maiatzak 30
- Berrobi. Ekainak 6
- Berastegi. Ekainak 13
- Belauntza. Ekainak 20
- Leaburu. Ekainak 27
- Elduain. Uztailak 4
- Orexa. Uztailak 11
- Gaztelu. Uztailak 18