Tolosaldea ere Trebiñuko Argantzon Ikastolaren alde

Iñigo Terradillos 2014ko maiatzaren 24a

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, "Aupa Argantzon Ikastola!" izeneko lana aurkeztuko du gaur Trebiñun. Bonberenea Ekintzak zigilupean argitaratu da lana eskualdeko jende ugariren laguntzaz, eta KD eta DVDa ditu.

Diru arazo larriak dituen Argantzon Ikastolari laguntzeko sortu dute pailazoek lana. Baina badu bigarren helburu bat: "arazo horien arrazoi nagusia mahaigaineratzea"; alegia, Trebiñuko egoera azaleratzea. Izan ere, Argantzon Ikastolak, Trebiñun euskaraz ikasteko eskaintza bakarrak, etengabeko ahalegina egin behar du eguneroko lana finantzatzeko. Familia, irakasle eta gizabanakoen laguntzari esker dirau bizirik, eta urtean zehar xede horretarako antolatzen diren ekimenen baitan sortu da proiektu hau.

Bonberenea Ekintzak-en eskutik, Euskal Herriko hainbat txokotako artistak bildu dira, zortzi abestiz osaturiko KDa egiteko. Bestetik, erreportaje bat, bideoklip bat… dakartzan DVDa ekoiztu du Katxiporretak. KDko kantak Joseba Ponce “Garratz” (Dut, Kuraia, Zenbatak) eta Karlos Osinaga “Mingots” (Lisabö) musikariek konposatu eta jo dituzte. Imanol Ubeda “Narrats”-ek ere (Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean) egin du abesti bat. Musikariok sortutako kantuez gain, Imanol Urbietaren “Alavatik Arabara”-ren bertsioa ere aurkituko dugu. Kolaborazio bereziak ere izan dituzte pailazoek diskoa grabatzeko: Mikel Abrego (bateria), Mikel Zelaia “Mirri” (haizeak), Joseba Irazoki, Juantxo Arakama “Sofanbeltz”, Natalia Garmendia… Abestien hitzak ikastolako irakasle eta gurasoek zein bertsolari eta idazle zenbaitek egin dituzte, tartean Txoan Ormazabal tolosarrak.
DVDan, berriz, Isa Fernandez de Agirrek (Katxiporreta) egindako erreportajea dago ikusgai: “Aupa Argantzon Ikastola!!”. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek abentura biziko dute Trebiñuko lurralde eta historian barrena. Erreportajeaz gain, beste hiru bideo ere biltzen ditu DVDak: “Irria” kantaren bideoklipa, making off-a eta kredituak laguntzeko hanka-sartzeen bildumatxoa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!