Sabeletik mundura datozen galderentzako erantzunak

Imanol Garcia Landa 2014ko mai. 23a, 08:00
Erditze eta Jaiotze Errespetatuaren Nazioarteko Astea ospatzen da egunotan, eta Tolosan zenbait jarduera antolatu dira horren harira. Bi jarduera Abastos eraikinean izango dira, Sabeletikmundura.com, Altzoan elkartea, El Parto es Nuestro eta Tolosako Udalak antolatuta.

Sabeletikmundura.com egitasmoak sarean sei hilabete badaramatza ere, bere sortzailea den Nahia Alkorta Elezgarai irurarrak dioenez, «gure buruan hiru urte betetzera doa, guraso izatea erabaki genuenean halako informazio gosea sortu zitzaigun, eta liburuak irakurri, sarean bilatu eta ikusi genuen euskaraz ez zegoela ezer». Hortik abiatuta beraien esperientzia kontatuko zutela pentsatu zuten, eta horrela sortu zen Sabeletikmundura bloga.

Bertan kontatu zuten prozesu guztia, haurdunaldi aurretik hasi eta haurdunaldia bera, erditzea eta erditze ostea. «Bide guzti horretan bildutako informazio, liburu eta artikuluak ez ziren ezerezean gelditu, eta hori guztia bihurtu zen webgunean».

Gai horietaz hitz egiteko beharra dagoela gaineratu du: «Nahiz eta prozesu naturala izan, nahiz eta jende askok bizi izan, ez da horretaz hitz egiten. Pentsatu nuen guri gertatu zitzaigun hori kontatzea. Azkenean guk ez genuen haurdunaldia lasaia izan, eta gauza horietaz ez da hitz egiten. Adibidez, odol galerak, eta zergatik gertatzen diren… Orduan, hor dago behintzat gure esperientzia, eta norbaiti balio badio, har dezala».

Erditzea eta haurdunaldia «oso pertsonalak» izaten direla dio eta bakoitzak oso modu ezberdinean bizi duela: «Guk zorte txarra izan genuen, eta gure erditzea oso txarra izan zen. Oxitozina izan genuen, zesartar ebakuntzan bukatu zuen, eta tratua ez zen izan espero genuena. Badakigu erditze oso onak daudela bai ospitalean, bai etxean, baina erditze txarrak ere badaude. Gure asmoa ez zen erditze txar bat izatea, baina gure blogean horrela kontatu behar izan genuen».

Nolako erditzea izan nahi den pentsatu arren, gero gertatzen den guztia ez dagoela norberaren esku dio: «Gauza asko zure gorputzak berak erabakiko ditu, eta beste batzuk inguruneak ere eragingo du. Protokolo baten barruan sartzen zarenean, agian zuk nahi ez dituzun gauzak iritsiko dira eta horrekin ere kontatu behar dugu». Erditzera «burua zabalik» eta «datorrenarekin aurrera egiteko gogoz» joan behar dela esan du: «Azkenean haurra jaiotzera doa eta berari ahalik eta ongietorri hoberena eman behar diogu».

Informazioa, lasaitasun iturri

Sabeletikmundura.com webgunearen asmoa, batetik, guraso izatearen inguruko galderei sarean erantzunak euskaraz ematea da. Bestetik, «informazioak boteretsu egiten gaitu, hau da, jakitea zer eskubide ditudan erditzearen inguruan, edo gertatzen ari zaidana normala den ala ez. Informazio hori izateak sor dezake lasaitasuna». Alkorta Elezgaraik erditze ostearen garrantzia nabarmendu du: «Ezkutatzen den denbora bat da, ematen du jaio eta listo, ama eta aita desagertu egiten dira eta foku guztia haurrak hartzen du. Baina hor ere badago prozesu emozional bat, prozesu fisiko bat, eta hori aurrez ezagutzeak prestatu egiten gaitu».

Haurdunaldia eta haurrekin harremana duen mundua «gerra bat» bezalakoa dela dio: «Korronte oso ezberdinak daude, eta askotan ahazten zaigu gu garela erabakiak hartzeko gaitasuna daukagunak. Ematen du mundu guztiak duela iritzia emateko eskubidea, eta gainera emango dizu, eta askotan inposatu ere egingo dizu». Hain justu, webgunearen helburua da «norbera konturatzea erabakitzeko gaitasuna duzula, eta zuk modu batera egin nahi baduzu, eta informazioaren arabera edo sentitzen duzunaren arabera erabaki baduzu, horri eutsi egin behar diozula, presioak toki guztietatik etorriko baitira».

Egun, guraso izan nahi dutenen artean «kontzienteago» izateko nahia dagoela esan du: «Gure gurasoek oso arau zehatzak jartzen zizkiguten eta industriak asko markatutako belaunaldia gara: 70, 80 eta 90ko hamarkadan Nestlek agintzen zuen haurren bizitzetan». Horren aurrean, kontzientzia hartzeko jarrera dagoela gaineratu du: «Agian ez da hoberena jasotakoa, eta beste modu batera egin nahi duen jendea dago».

Aurkako korronteak ere indarra hartzen ari direla esan du: «Estivill metodoa, haurrei negar egiten uztea, haurrak bakarrik uztea, eta horrelako gauzak gero eta gehiago zabaltzen dira. Telebistan ere orain berriro hasiko den 'Supernanny' programak ere ematen duen hezteko modua oso arautua da, haurrak ez dauka erabakitzeko gaitasunik. Ez dugu ahaztu behar umeak pertsonak direla, txikiak, baina pertsonak dira eta badaukate pentsatzeko gaitasuna, eta askotan uste duguna baino gehiago».

Norberak erabakitzeko gaitasuna duenaren kontzientzia hartzea «garrantzitsua» dela nabarmendu du: «Zuk uste eta sentitzen duzun modura egiten baduzu, askoz gehiago disfrutatuko duzu, eta ez da izango sufrimenduz daramazun prozesu bat. Haur bat bizi guztirako da eta hori gozatzen ez baduzu, gaizki pasako duzu».

Alkorta Elezgarai berak webgunearen bidez bere aholkularitza zerbitzua eskaintzen du, eta zenbait produktu ere salgai daude. «Webgunea oinarria da, eta proiektuaren bihotza informazioa ematea, eta gero bakoitzak erabaki dezala zer behar duen. Webgunean zenbait haur eramaile eskaintzen ditugu, eta horiek erabiltzeko aholkularitza. Bestalde, edoskitzearen inguruko edo haurraren lehen zaintzekin lotutako aholkularitza ere eskaintzen da».

Webgunean bildutakoa «ebidentzia zientifikoa eta autore garrantzitsuek esaten dutena jasotzetik» datorrela azaldu du. Nils Bergman, Carlos Gonzalez, Laura Gutman, Ibone Olza, Michel Odent… dira horietako autore batzuk. «Mundu mailan erreferentzia dira eta horien hitzak euskarara ekartzen saiatzen gara».

 

Guraso izatea, pausoz pauso

Sabeletikmundura.com webgunean guraso izatearen prozesua atalka azaltzen da. Atal bakoitzaren inguruko azalpenak eman ditu Nahia Alkorta Elezgaraik


HAURDUNALDI AURREA

Askotan ez da horretaz hitz egiten. Garai garrantzitsua da. Egun gurasotasuna askotan atzeratzen den gauza bat da, eta horrek osasunean eragina du. Beti gomendatzen da haurdun geratzen saiatu aurretik odol analisiak egitea, gabeziarik duzun ikusteko, edo azido folikoa hartzea. Haurdunaldi aurretik ondo hasten bagara, normalean prozesu guztia ondo joango da.

HAURDUNALDIA

Hasteko, kontuan hartu behar dena lasaitasuna da. Normalean bederatzi hilabete inguru iraungo ditu, eta aldaketa asko emango dira: emozionalak, fisikoak, bikotekideak ere toki berri bat topatu beharko du… Mundua ikusteko zure modua aldatzen da. Zalantzak sortzen dira eta ohikoenak diren galderei erantzuna ematen saiatzen gara.

ERDITZEA

Erditzeari beldurra izatea sartzen zaigu txikitatik. Ematen du haur hori izateko sufritu behar duzun momentu bat dela erditzea. Erditze batzuk horrela badira ere, ez du esan nahi guztiak. Erditzeari buruzko informazioa aurretik izatean, zer gertatuko den jakitean eta bikotekideak ere jakitean zer gertatuko den prozesu horretan, lagundu ahal izateko, errazago joango da.

ERDITZE OSTEA

Banaketarik ez izaten saiatu behar da, eta kontaktu fisikoa izaten, begiraden garrantzia… Kontuan izan behar da hasieran zer proba egingo zaizkion amari, zein haurrari… Gauza horiek erditzeko klaseetan ez dira azaltzen.

EDOSKITZEA

Jaio osteko lehenengo mila minutuak dira bizitza guztian eragingo duten minutuak, Nils Bergmanek dioenez. Orduan garrantzitsua da ahalik eta banaketa gutxiena izatea; haurra zesartar ebakuntzaz jaio bada ere bai, gero eta ospitale publiko gehiagotan, hemen inguruan ez, baina Espainian zesartar ebakuntza dagoenean haurra ez da amarengandik banatzen, amaren gainean jartzen da zuzenean, eta horrek sortzen du amarengan eta haurrarengan inpronta deitzen den momentua. Maitemindu bezala egiten dira lehenengo begiradarekin eta horrek ziurtatzen du edoskitzea eta harremana sendoa izatea. Hori da naturak eman digun oparietako bat gure umeak babesteko. Babes asko behar duen prozesua da, eta instituzioetatik egin beharreko lan handia dago.

SOINEAN

Kontaktua garrantzitsua da, eta kulturalki mundu osoan egin dena. Haurrentzako aulkiak nahiko gauza berriak dira. Haurrak norbaiten ondoan egotea behar du, norbaiten babesean egon, eta hazten doan heinean joango da mundua deskubritzen. Merkatuan zoritxarrez badaude haur eramaile batzuk ez direnak egokiak, ez dira ergonomikoak, eta denda gehienetan saltzen diren markak dira. Horregatik, hor ari gara lan handia egiten ergonomiaren, eta haurraren eta gurasoaren postura zaintzearen alde: eraman dezagun gainean, baina arriskurik gabe.

NORA JO

Euskal Herriko hainbat profesional eta talde bilduta daude, eta saiatzen ari gara zerrenda osatzen. Beraien informazioa agertzen da, norbaitek beharren bat badu jakiteko nora jo dezakeen. Bestetik, agenda dago eta bertan azaltzen dira profesional eta talde horiek antolatzen dituzten ekitaldiak.

 

Publiko guztiarengana iristeko asmoz


Erditze eta Jaiotze Errespetatuaren Nazioarteko Astea ospatzen da egunotan, eta Tolosan zenbait jarduera antolatu dira horren harira. Bi jarduera Abastos eraikinean izango dira, Sabeletikmundura.com, Altzoan elkartea, El Parto es Nuestro eta Tolosako Udalak antolatuta.

· Gaur, 17:30ean, Amatasunaz jabetzen tailerra izango da. Hiru eta zortzi urte bitarteko haurrei zuzendutakoa izango da, eta haurdunaldia, erditzea eta edoskitzea landuko dute ipuin, antzerki eta jolasaren bidez.

Nahia Alkorta Elezgaraik azaldu duenez, «publiko guztiarengana iritsi nahi dugu, eta haurrei ere aukera eman haurdunaldia zerbait positiboa eta zerbait normaltzat hartzeko, baita erditzea nolakoa den eta erditze-ostean edoskitzea nola egiten den».

·Beste jarduera bihar izango da, 18:00etan. Erditze esperientziak biltzen dituen La voz de las mujeres dokumentala ikusi ahalko da eta ondoren solasaldia egingo da. Jarduerak irauten duen bitartean haur zaintza izango da. «Dokumentalaren bitartez ikusten da bakoitzak bere esperientzia propioa dugula, gure pozak eta gure tristurak, eta ez direla ezkutatu behar», azaldu du Alkorta Elezgaraik.

· Hirugarren jarduera, Sabeletikmundura.com webguneak antolatuta, Topic-en bihar egingo den hitzaldi-solasaldia izango da. Erditze artatzearen «humanizazioa»: zer eta nola islatzen da osasun legedian izena du eta Francisca Fernández Guillén abokatuak emango du. Alkorta Elezgaraik azaldu duenez, «erditze kasuetan espezializatuta dagoen abokatua da Francisca Fernández Guillén. Batez ere profesionalei eta prozesu honetan bidelagun direnei zuzendutakoa izango da, erditzearen gaia alde legaletik landuko delako». Ginekologoaren mugak zein diren, emaginarenak, doularenak, zeintzuk diren legeak baimentzen dituen praktikak eta zeintzuk ez, erditze plana aurkezten dutenean onartu behar diguten ala ez, episotomia bat egiteko baimen informatua behar den ala ez… gai horiek jorratuko dira, besteak beste.

Saioa 10:30etik 12:30era izango da, eta Topic-en bertan edo internet bidez jarraitu ahal izango da. 35 euro balio du parte hartzeak eta izena sabeletikmundura.com webgunean eman behar da.


 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!