Gerra Zibileko lehen erresistentzia guneak berreskuratuko dituzte auzolandegian

Maier Ugartemendia 2014ko mai. 22a, 12:55
Uztailaren 7tik 20ra, 18 eta 30 urte arteko gazteei bideratutako barnetegiak izango dira Asteasun, Adunan eta Zizurkilen; izena ematea zabalik dago ekainaren 27ra arte.

1936ko abuztuan eta irailean matxinada frankistari aurre egiteko lehen erresistentzia antolakuntza eta enfrentamenduak Tolosaldean gauzatu ziren. Aduna, Asteasu eta Zizurkil izan ziren gaztaka gune Gerra Zibilean. Orduko aztarnen bila ariko dira 18 eta 30 urte bitarteko hamasei gazte uztailaren 7tik 20ra bitartean eskualdeko hiru herritean egingo den auzolandegian.

Gaur goizean, Aranzadi Zientzia elkartearen egoitzan aurkeztu dute Gerra Zibila 1936-1937. Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila auzolandegia, eta aurkezpenean izan dira Josu Amilibia Adunako alkatea, Jose Mari Luengo Zizurkilgo alkatea eta Pili Legarra Asteasuko alkatea. Hiru udalekin elkarlanean antolatu dituzte auzolandegiak Aranzadi Zientzia elkarteak, UEUk, Udalbiltzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Josu Amilibia Adunako alkateak hitz egin du hiru udalen izenean, eta bertan aipatu du urteetan jakin izan dela euren herrian lubakiak edo trintxerak zeudela, "erresistentzia gune bat egon zela". Baina, hamarkada luzeetan gaia ez dela landu. Amilibiak Amasa-Villabonako Haritza kultur elkartea aipatu nahi izan du bereziki, eurek Villabonan egindako ikerketetan abiatutako lanaren ondorioz iritsi baitziren Adunara. Iaz jada auzolanak jarri zituzten martxan Adunan, eta orduan jada Aranzadik ikusi zuen "harrizko estruktura handiak eta luzeak" zeudela eta estruktura horiek lubakiak edo trintxerak zirela. Iaz hamabost egunez lanketa egin ostean trintxerak garbitzeaz gain, "bala zorroak, kargadoreak, balak..." aurkitu zituztela dio.

Miaketa lanekin jarraituz, ikusi zuten Adunakoa ez zela gunea bakarra. Asteasu eta Zizurkilen ere "aurkikuntza arkeologikoak" egin zituzten, "estruktura berdintsuak" aurkitu zituzten. Aurkikuntza hauen ondorioz, erresistentzia guneko eremu zabal bat zegoela konturatu dira.

Aurtengo proiektuarekin bi helburu nagusi dituzte. Batetik, oroimen historikoa "azaleraztea": "askatasunaren alde borrokatu zutenen historia ezagutaraztea". Bestetik, helburu akademikoa: "gazte ezberdinek auzolanetan parte hartuz oinarrizko metodologia ikastea". Honetarako guztirako, lubakiak aztertu eta dokumentatu egingo dituzte. Aurkitutako aztarnen inbentarioa ere egingo da. Eta aurten lehen aldiz historia ezagutu zuten herritarren testigantzak ere jasoko dituzte. Udaletxetako artxiboetan ere lanketa berezia egiten ari dira, "eta dokumentazio pilo bat aurkitu dute". Baina, guztia ez da lana izango, izan ere, arratsaldetan "jakintza ezberdinetako" pertsonen bisita gidatuak izango dituzte, Euskal Herrian Gerra Zibilarekin lotutako gune esanguratsuak bisitatuko dituzte, eta auzolandegietako gazteei eta herritarrei zuzendutako hitzaldiak izango dituzte.

Aranzadi elkartetik aipatu dute aurtengo auzolandegi hauetan berri gehiago izatea eta "ezagutzen ez ditugun aurkikuntzak egitea" espero dutela.

Izena ematea

Auzolandegietan izena emateko epea zabalik dago eta epe hori ekainaren 27an amaituko da. Auzolandegi bakoitzak 150 euro balio du, eta prezio horren barnean sartzen dira ostatua, ikastaroaren barneko garraioa eta janaria. Informazio gehaigo jaso edo matrikula egin nahi duenak www.ueu.org helbidean aurkituko ditu xehetasunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!