Eskolen Asteak

Alkizan eta Lizartzan, eskolaren astea ospatzen

Iñigo Terradillos 2014ko mai. 22a, 10:56

Alkizako zein Lizartzako eskoletan egun bereziak dituzte aste honetan, izan ere, ezohikoak diren ekitaldiak ari dira egiten. Alkizan Aste Berdea ari dira ospatzen, eta Lizartzan, XXV. Eskolaren Astea.

Ikasleak, irakasleak eta gurasoak hartzen dituen eskolako elkarbizitza batzordeak antolatu du hirugarrenez ingurumenaren inguruan kontzientziatzea helburu duen Aste Berdea. Aste guztian zehar eskolako kide guztiek eskolara oinez joateko konpromisoa hartu dute. Herriko bi puntutatik elkarrekin abiatzen dira ikasleak irakasleek lagunduta. Hori modu egokian burutzeko, udalari idatzi bat luzatu zioten ikasleek, plaza hesitu eta oinezko egiteko eskatuz. Udalak onartu egin du, eta egunero 17:00ak arte autoentzat itxita edukitzen dute.
Horretaz gain, soinketako saioetan hainbat gurasok hartu dute parte. Kanikak, sokasaltoa, txingoa, xiba, taba edota kromoak bezalako jolasak azaldu dizkiete ikasleei. Aste Berdearen barruan, Haur Hezkuntzako ikasleek hamaiketako osasuntsua egin zuten atzo, eta egitarauarekin bukatzeko, bihar Lehen Hezkuntzako gaztetxoak kalera irtengo dira edukiontzietan herritarrek hondakinak modu egokian bereizten dituzten ikustera. Beste ikasle batzuk gune berdeak aztertuko dituzte, eta besteak muralak jarriko dituzte herrian. Azterketan ateratako ondorioak txosten batean bildu eta udalari helaraziko diote ikasleek.
Lizartzan, gaur alkizarren bisita
Eskolaren Astearen barruan, Alkizako lagunak joango dira gaur goizean Lizartzara, eurekin goiza pasatzera. Arratsaldean, berriz, ikasturteko lanen eta eskulanen erakusketa jarriko dute ikusgai udaletxeko batzar aretoan, 16:15etik 17:30era.
Aurretik, astelehenean hasita, hainbat ekitaldi izan dituzte lizartzarrek. Eskulanak egin dituzte, punttu txapelketan parte hartu dute gurasoekin batera, bizikleta festa egin dute, mendira joan dira, eta afari merienda izan dute. Egun pasa eginez emango diote amaiera bihar Eskolaren Asteari. Haur Hezkuntzakoak Aramara joango dira, eta Lehen Hezkuntzakoak Kristina Eneara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!