AHT Gelditu! elkarlana: "Oraindik ere asko dago egiteko"

Tolosaldeko Ataria 2014ko mai. 22a, 09:47
Tolosa Hernialde zatia
Abiadura handiko trenaren kontrako Tolosaldeko plataformak bilera deitu du maiatzaren 26rako, astelehena, 19:00etan Tolosako kultur etxean. AHTari ezezkoa "argi eta ozen" esan diote berriz ere, eta gizarteari ematen ari diren irregulartasun eta informazio faltaren inguruan ohartarazi. Horiek horrela, trenaren lanak eragindako zarata, dardara, kutsadura eta abarrez gain, tunel bateko leherketarengatik Olarrain auzoko baserri batean teilak hautsi izana salatu dute; "onartezina da eta salatu nahi dugu, zeren ordu horretan norbait han egon izan balitz, hilik legoke". Zizurkilen gainera, udalaren baimenik gabe hormigoi planta bat jarri dutela esan dute. Amagoia Eskudero elkarlaneko kidea da eta Ataria Irratian izan da hau guztiaz hitz egiten.

Honekin batera, ingurumenaren inpaktuei dagokienean, Aldaba Txikin eta Apattan lanek eragin handia izan dutela esan dute. "Anoetan ere lur mugimendu ugari ikus daitezke inguruak lokaztuz. Hau gutxi balitz, Tolosan eta Legorretan, oraindik desjabetzeak ari dira egiten".

Informazio falta

Tolosa-Hernialde zatiaz ere aritu dira AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak. Zatia "lehendik ere berezia" izan dela aipatu dute, eta orokorrean AHTari buruzko informazio eskasa eman badute, zati honi dagokionez "zer esanik ez", esan dute. "Desjabetzen prozesuan, behin Eraikuntza Proiektua amaituta, edozein momentutan bidali dezakete Desjabetze Agiria, non, kalteak eta desjabetuen zerrenda agertzen diren. Hori publikatzean, alegatzeko epea irekitzen da. Noski, zer alegatu jakiteko aipatutako Eraikuntza Proiektua eta Desjabetzen Agiria behar da. Hor dago koska; 2010eko urrian alegatzeko epea hasia zen eta ez genituen eskuetan agiri guztiak. Hori bai, lizitazioak martxan ziren. 2010eko uztailean dagoeneko enpresariek eskuetan zuten Eraikuntza Proiektua", azaldu dute.

Garai hartan Eusko Jaurlaritzak Tolosan jarritako AHTari buruzko informazio bulegoaz ere aritu dira: "Jokin Bildarratz jauna (orduko Tolosako Alkatea EAJ alderditik) Eraikuntza Proiektua ez zela iritsi esanez, eskuak garbitu zituen eta Patxi Lopez  jauna (orduko lehendakaria), inoiz baino informazio gutxiago pasatuz, informazioa helarazten zutenaren itxurakeria egin zuen".

Abiadura handiko trenak, orokorrean, kalte lazgarriak eragiten dituela esan dute eta Tolosa-Hernialde zatian "zer esanik ez": "3 etxebizitza, 3 eraikin botatzekoak ziren. Gehigarri, aurreikusi genuen baina desjabetzetan ageri ez zen 6 etxebizitzatako eraikina genuen. Harritu gintuen … Hara non, eraikin hori ere botatzekoak direla informatzen garen alegatzeko epea amaitutakoan. Eta orain, Corsan-Corviam eraikuntza enpresa lanean dabilen Tolosa-Hernialde zatiko lanen gainkostua, hau da, behar den bezala frogatu gabeko 9 milioi euroren desfasea, aldaketak egon direlako dela esaten digute. Dirua poltsikoratu nahi duenak, errazegia du edozein leku eta momentutan aldaketak burutzea".

Tolosa-Hernialdeko esleipenak

Era berean, ez zaie justua iruditzen, herriak alegatzen duena behar den bezala aztertu gabe esleipenak burutzea. "Aipatu bezala, 2010eko urrian desjabetzen alegatzeko epea hasi zen, 2010eko azaroan dagoeneko esleitua zegoen eta desjabetzeak burutzeko Akten Altxamenduen deialdia 2011ko otsailean izan zen".

www.euskalyvasca.com webgunea ere aipatu dute, "herritarroi informazioa eskura jartzeko webgunea". Eusko Jaurlaritzari informazioa eskatzean, dagoena webgune horretan zintzilikatuko zutela esan zutela diote AHT Gelditu! Elkarlanekoek.  "Noski, ohiturei jarraiki, gezur potoloa. Gaur dugu eguna, 2010etik, hau da, Tolosaldean lanetan hasi ziren garaitik, bertan esleipenen informaziorik ez dugu ikusgai. Bai ordea, Aitor Esteban EAJ-PNVko bozeramailea inoiz baino presio handiagoarekin, Madrili martxan jartzeko eskatzen ari zaion Bergarako lotuneko zati bat lizitatu dutela".


 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!