Bi derbi eta hiriburua, herriartekoaren osagaiak

Asier Imaz 2014ko mai. 22a, 08:50
Gipuzkoako Herriarteko Esku Pilota Txapelketa final zortzirenetan dago. Joaneko partidak bihar eta etzi jokatuko dira, eta eskualdeko bost herri egongo dira ordezkaturik. Lauk elkarren artean jokatuko dute, eta Bidania-Goiatzek hiriburuko pilotariak izango ditu aurrean. Aurreko fasetik Asteasu eta Alegia sailkatu ziren, hurrenez hurren, Lezo eta Amezketa lehiatik at utzita. Alegiak Tolosaren aurka jokatuko du, etxean. Eskualdekoen bigarren derbia Asteasuren eta Zizurkilen artekoa izango da. Bi kanporaketa hauek bihar jokatuko dira, 20:15ean hasita.

Partidak
Maiatzak 23, ostirala
20:15. Asteasun, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren barruan, Asteasuren eta Zizurkilen arteko joaneko partidak izango dira.
20:15. Alegiako Elorri pilotalekuan, eta herriarteko txapelketaren barruan, Alegiaren eta Tolosaren arteko joaneko partidak jokatuko dira.
Maiatzak 24, larunbata
16:30. Donostian, Atano III.a pilotalekuan, herriarteko txapelketaren barruan, Donostia eta Bidania-Goiatzen arteko joaneko partidak.

 

Tolosaren eta Zizurkilen antzera, Bidania-Goiatz final zortzirenetan hasiko da herriartekoaz gozatzen. 500 biztanle inguruko herriak beste behin taldea osatzea lortu du, eta Luis Galarraga arduradunak horri bere balioa eman nahi dio, erraza ez delako. Aurkaria ez da nolanahikoa izango, taldea osatzeko zailtasun gutxiago izan dituen Donostia. Kadeteetan lehia nola joango den ez daki Galarragak, aurkariak ez baititu ezagutzen. Jubeniletan lehia parekatua ikusten du Bidania-Goiatzeko hautatzaileak. Nagusietan, aldiz, zaila ikusten du partida irabaztea eskualdekoak. Kanporaketa hau larunbatean hasiko da jokatzen, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Itzulerakoak hurrengo astean jokatuko dira, eta etxetik urrun lehiatu den taldeak zaleen babesarekin jokatzeko aukera izango du.
Asteasutik eta Alegiatik pilotazaleei dei egin diete, bihar jokatuko diren partidetara ager daitezen eskatuz, edozein herritakoak izanda ere. Kontua pilotariak animatzea eta jokoaz gozatzea da.
Bostak Ataria Irratian
Bost herrietako ordezkariak bihar Ataria Irratiko Eutsi Goiari kirol saioan izango dira, 12:30etik 13:30erako tartean. Horiez gain, zesta puntak ere bere tartea izango du ostiraleko kirol saioan. Modalitate honetan ere herriartekoa jokatzen ari dira, eta bertan dago Tolosa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!