Zerkausi gaineko terraza piknika egiteko gunea bilakatuko da larunbat goizean, Olatu Talkaren eskutik. Nekazariek azokan saltzen dituzten garaiko produktuak belaunaldi gazteenengana gerturatzea jomugatzat hartuta, artea nahiz musika ere izango dira hitzorduan. Guztiaren berri eman dute Ibai Luke BOX.Ako kideak, Koldo Butron Peñascal fundazioko ordezkariak, Arrate Iturbe azoka dinamizatzaileak eta Hasier De los Rios ingurumen zinegotziak, Zerkausian egindako agerraldian.
10:30ean hasi eta 14:00etara bitarte, Tolosako azokako produktuez osatutako saskiak eskuratu ahal izango dira Zerkausian; 10 euroren truke bizpahiru pertsonentzako adina genero bilduko dute saskietan, gazta, intxaur, letxuga nahiz babekin. Saski hori erosi ondoren, gainera, goiko terrazara igo eta Peñascal fundazioko ikasle eta sukaldarien eskutik dastatu ahal izango dira produktu horiekin osatutako hainbat errezeta; saski bakoitzak txarteltxo bat izango du, errezetak iradokiz.
Aipatzekoa da, gainera, saskirik erosten ez duenarentzat ere pintxoak prestatuko dituztela, euro baten truke. Halaber, azokako edozein postutako produktuak erosi eta gora igo ahal izango dira, nahierara dastatzeko.
Piknik bat, ordea, ez da piknika mantelik gabe, eta BOX.A arte elkartearen ardura izango da horixe. Goizean hainbat tailer izango dira egitasmoaren barruan eta, horietako bat, mantelak diseinatzeari begirakoa izango da; serigrafia erabiliz sortuko dituzte, bai mantelak, eta baita poltsak ere. Horiekin batera, baratza tailerra, hazi-bonba tailerra, errezeta liburuak osatzeko tailerra eta umeen txokoa ere egokituko dituzte gunean.
Barazki, pintxo eta eskulan horiek guztiak girotzeko azken ukitua Barazki Truk musika taldeak jarriko du. Tolosako hainbat taldetako lau musikarik osatutako proiektua da, eta jazz nahiz funky estiloei jarraituz kantu ezagunen bertsioak jotzen dituzte. Zalantzarik gabe, piknikari soinu banda jartzeko aukera bikaina.
Azkenik, aipatzekoa da, eguraldi txarrak egingo balu egitasmoa Trianguloa plazako karpetan egingo luketela.