Trukearen filosofia bultzatzen ari dira eskualdean azoken bitartez

Maier Ugartemendia 2014ko mai. 20a, 18:26

Pasa den asteburuan Aiztondoko Truke Azoka Asteasun izan zen; asteburu honetan Anoetan egingo dute.

Igandean Asteasun ospatu zuten aurtengo Aiztondoko Truke Azoka. Badirudi denbora bankuaren filosofia gero eta gehiago zabaltzen ari dela, zeren aurreko asteburuan Asteasun egindako azokan izandako parte hartzearekin «gustura» daude antolatzaileak; baina, gainera, igande honetan bertan beste Truke Azoka bat egingo da Anoetan, filosofia hau zabaltzeko asmoz.

Aiztondoko denbora bankuaren arduraduna da Itsaso Gonzalez, eta berak azaldu bezala duela bost urte zabaldu zen denbora bankua. Azoka antolatzen, berriz, duela lau urte hasi ziren. Lehenengoa Larraulen ospatu zuten, eta «oso gustura» gelditu zirenez urtero errepikatu dute ekimena.

Igandeko azokaren balorazioa «oso positiboa» izan da. Azokan parte hartzeko deialdi zabala egin zutenez, azkenean hamasei mahai inguru bete zituzten trukerako gauzekin. Mahaietan «denetik» aurki zitekeen trukerako: landareak, jogurtak, ogia, liburuak, xaboiak... Jendeak egindako trukeekin «gustura» gelditu zen. Gonzalezen ustez garrantzitsua da ohartaraztea «zuk erabiltzen ez duzuna, agian beste batek erabil dezakeela».

Igandean, azokaz gain, bestelako  tailer eta hitzaldietan ere parte hartu ahal izan zen. Jostungintzako eta eguzki labeak egiteko tailerretan «lanez lepo» ibili ziren, eta masajeak ematen zituztenak ere gelditu gabe aritu ziren. Eguerdian, banku etikoen mahai inguruan Fiare, Koop57 eta Oikokredit elkarteetako kideek parte hartu zuten. Hogeita bi pertsonek izan ziren mahai inguruan, eta «oso gustura» gelditu ziren bertan parte hartu zutenak: «beste aukera bat ezagutu zuten».

Azokaren ostean, kalean bazkaldu zuten. Bakoitzak etxetik eman zuen jana, eta hemen ere trukea eginda, «denetik» jan zuten. Bazkalostean ere «oso giro polita» sortu zen.

Aiztondoko denbora bankua
Gonzalezek jendea Aiztondoko denbora bankuan parte hartzera «animatu» nahi du. Azokan horretarako aukera izan zen, baina azokara joateko aukerarik izan ez zuenak aukera du denbora bankuko 943 69 39 30 telefonora deituz, edo aiztondokodenborabankua@gmail.com helbidera idatziz.

Trukeak on-line egiteko aukera ere badago interesa duenarentzat, TrukeAdos web orriaren barruan badu lekua denbora bankuak, eta, hortaz, nahi duenak internetez ere parte hartu ahal izango du. Hala ere, bankua bera da, eta batak bestearekin harremana du.

Egun egunerokotasunean hamahiru pertsonek parte hartzen dute Aiztondoko denbora bankuan. Urtean bi ekimen nagusi izaten dituzte «oraingoz»; nahiz eta «poliki-poliki» gauza gehiago egin nahi dituzten. Truke azokaz gain, Gabonetan, esate baterako, jostailu bilketa egiten dute.

Trukeak egiten dituzten pertsonak, berriz, berrogei inguru dira. Gonzalezek azpimarratzen du ez direla «egunero» behar gauzak. Berak bitartekari lanak egiten ditu, eta proposamenak egin. Baina, «ez da derrigorrezkoa» gauzak egitea, aukera ematen da.

Anoetako Truke Azoka
Aiztondoko denbora bankuko lagunak asteburu honetan Anoetan izango dira. Lehenengo aldia da Anoetan Truke Azoka antolatzen dutena. Helburua, denbora bankuaren filosofia «herrian martxan jartzea» da Tere Soto antolatzailearen esanetan. Oraingoz erantzun «ona» jasotzen ari dira.

Herritarren artean «laguntza sare bat» sortu nahi dute, dirurik gabe funtzionatuko duena eta gauza materialak nahiz bestelakoak (trebetasunak, denbora..) trukatuko dituztena; baldintza bakarra «tartean dirurik ez egotea da».

Ohiko trukeez gain, bestelako kontuak ere izango dira. Aiztondoko lagunek informazioa emango dute, banka etikoari buruzko eta Fracking mugimenduari buruzko informazio gunea izango da, ume jolasak, hamaiketakoa...

Truke azoka Anoetan

MAIATZAK 25, IGANDEA
10:30. Azokaren hasiera.
11:00. Ume jolasak.
12:00. Aurkezpena eta Aiztondoko denbora bankukoen hitz batzuk.
12:30. Hamaiketakoa denen artean emandakoa konpartituz.
13:30. Azokaren amaiera.

ENTZUN ANOETAKO TRUKE AZOKAREN ANTOLATZAILEEI EGINIKO ELKARRIZKETA:

 
AIZTONDOKO DENBORA BANKUKO ITSASO GONZALEZI EGINIKO ELKARRIZKETA:
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!