Emakumeen Lehen Gipuzkoako Itzulia antolatu dute Tolosako Oriako Txirrindulari elkarteak eta Tolosako Udalak. Kadete, junior eta elite mailako neska txirrindularientzat izango da. Gaur emango zaio hasiera Bergaran, eta Tolosa-Tolosa eta Villabona-Zizurkil etapak hartuko ditu eskualdeak.
Aitzin-etapa Bergaran izango da, eta 1,7 kilometroko banakako erlojupekoa egin beharko dute txirrindulariek. Lehen etapa, Tolosan izango da, eta 09:00etan izango da irteera San Frantzisko pasealekuan. Herri barneko zirkuitua izango da, eta maila bakoitzak kilometro kopuru ezberdina izango du. Kadeteek 37 kilometro eta juniorrek eta elitekoek, 95,9 kilometro.
Azken etapa, berriz, Aiztondo bailaran jokatuko da. 09:00etan Villabonan emango diote hasiera eta Zizurkilen izango dute helmuga marra. Kadeteek 27,1 kilometro eta junior eta eliteek 92,9 kilometroko lasterketa izango dute. Hiru mailetako 100 bat neskak parte hartuko dute itzulian, eta Leire Olaberria eta Usabiaga ahizpekin batera, espainiar mailako txirrindulari onenak bertan izango dira. Bestetik, Oriakok aipatu duenez, hiru etiopiarrek ere parte hartuko dute. Pare bat hilabeterako etorri direla Euskal Herrira azaldu dute.
Txirrindulari elkarteak esan duenez, Gipuzkoa mailako beste txirrindulari elkarteek itzulia antolatu izana «gustura» hartu dute. «Ez dute inoiz eduki honelako lasterketarik. Orain arteko guztiak elite mailakoei begira eta kanpoan izan ohi dira», gaineratu dute.
Amondarain maila onean
Oriako Txirrindulari elkarteak kadete mailan hiru neska txirrindulari ditu, eta Amondarain maila bikaina ematen ari dela adierazi dute elkartetik. Lehen Itzuli honetan gainera, kadete mailako Lehendakari torneoko maillot txuria soinean duela egingo du Gipuzkoako Itzulia.
Pasa den astean Iurretako lasterketa irabazteak, maillot txuriaren jabe egin zuen Amundarain. Euskadiko Erlojuaren aurkakoan ere parte hartu zuen, baina ez zitzaion hain ongi atera eta zazpigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Gipuzkoako Txapelketan, infantil nesketan Arantxa Garikanok 3. amaitu zuen lasterketa, Tolosan. Eta mutiletan Ander Usandizagak 2. postua eskuratu zuen. Kadeteek Zumaian izan zuten lasterketa eta Luis Mari Garikanok irabazi zuen. Eta taldekakoa ere irabazi zuten Aitor Zurdoren 11. eta Unai Iribarren 12. postuei esker.
Asteburu honetan, infantilek taldekako erlojuaren aurkako txapelketa izango dute, Irunen.
HIRU ETAPA
Bergara. 18:30ean, 1,7 kilometroko bakarkako erlojupekoa.
Tolosa-Tolosa. 09:00etan San Frantziskotik abiatuta.
Villabona-Zizurkil. 09:15ean, Villabonan irten eta Zizurkilen amaituko dute itzulia.