Museoak herriari zabalik

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mai. 15a, 16:55

Museoen Nazioarteko Egunaren harira, eskualdeko museoek egitarau berezia prestatu dute.

Maiatzaren 18arekin batera, aurten ere iritsi da egutegian gorriz margotu beharreko eguna, museoentzat eta museozaleentzat. Nazioartean museoen eguna izango da igandean, eta badira jada, hainbat urte, Tolosaldeko museoak ospakizunetan hasi zirenez geroztik. Horrela, aurten ere egitarau bateratua prestatu dute ateak zabaldu eta erakustokiak herritarrez betetzeko.
Larraulen egindako agerraldian Tolosaldea Tour-eko Olatz Illarregi izan da, batetik, eta baita museoetako ordezkariak ere: Topic zentroaren izenean Xabier Ormazabal izan da; Rafa Gorrotxategik txokolatearen inguruko Gorrotxategi museoaren egitaraua azaldu du; Koldo Jauregi eta Karlos Irazuk, azkenik, Larraulgo Ekomuseoak astebururako prestatutakoak hizpide izateaz gain, urte osorako aurreikusitako agenda ere azaldu diete bertaratuei.
Aipatzekoa da Alkizako Urmara museoak ere parte hartu ohi duela egitasmo horretan, baina aurten arazo batzuk izan ditu museoan bertan, eta maiatzaren 18aren harira irekitzeko asmoa zuen arren, ezinezkoa izan zaio Koldobika Jauregi arduradunari.

Artea, kultura eta musika zabalik
Museoen Nazioarteko Eguna igandean bada ere, horren aitzakian prestatutako ekitaldi eta egitarauek asteburu osoa hartuko dute eskualdean.
Larraulgo Ekomuseoan, adibidez, larunbatean egingo dituzte jarduerak. Besteak beste, azken bi urteotan landu duten Egurra proiektua izango dute ardatz: usadio zaharrari jarraiki landu dute egurra, bai moztuz, bai garraiatuz, bai tratatuz eta baita egur horrekin eraikinak sortuz ere. Hori guztia islatzen duen ikus-entzunezko lana aurkeztuko dute, batetik, eta argazkiak ere ikusgai izango dira museoan bertan.
Jauregi eta Irazu arduradunek, horrez gain, urte osoari begira «Ekomuseoa bizi mantentzeko» prestatutako egitasmoak ere azaldu nahi izan dituzte. Batetik, hainbat tailer antolatzen dituzte, gehienetan gaztetxoentzat, eta aldi baterako erakusketak ere izaten dira; aurten aizkoren inguruko bat prestatu dute, eta baita belar jangarriena ere.
Ekomuseoa izanagatik, Larraulgo txokoa arteari begira ere jarri da 2014an, eta elikadura, artea eta barazkiak uztartuz erakusketa prestatuko dute.
Azkenik, Egurra proiektuaren bidetik, karobi bat berreskuratzeari ere ekingo diote datozen hilabeteotan: «Karea egiteko prozesuari ekingo diogu, baina bi urte inguruko lana izango da, egunekoa egin nahi baitugu, antzina egiten zuten moduan, eta ez astekoa», azaldu du Koldo Jauregik.
Bere aldetik, Gorrotxategi museoak atea zabalduko dizkio herriari, eta txokolatea egiteko teknika eta tresna zahar eta bitxienak ezagutzeko aukera izango da, zuzeneko musikaz lagunduta. Gainera, museoen gau zuria eta txokolatea uztartuz, bisitariei txokolate zuri eta beroa eskainiko diete.
Topic zentroak ere larunbatean ekingo die ospakizunei, ateak irekiz eta larunbat gauak duen festa giroa zabalduz. Izan ere, Blanc de Blanc koktel berezia dastagai izango da zentroko Ambigu gunean, hiru euroren truke.
Azkenik, eta museo izaera ez duen arren, Tolosaldea Tour turismo bulegoak ere egitasmo berezi-berezia prestatu du bihar gauerako. Azken urteotan sekulako arrakasta izan du eta Olatz Illarregik nabarmendu duenez, «jendea deika ari da jada, aurtengoan parte hartzeko». Tolosako Alde Zaharra eta Andre Maria eliza ezagutzeko bisita gidatua egingo dute, baina gauez eta antortxen argiarekin. Antolatzaileek hitzorduaren xarman azpimarratu ohi dute, eta bistakoa da herritarrek gustuko dutela.Etzi izango da, 22:30etik 00:00etara bitarte.
Museoen Nazioarteko Egunak Tolosaldean oso harrera ona dutela diote arduradunek, eta aurten ere bertaratzeko deia egin nahi izan dute.

Egitaraua
Maiatzak 17, larunbata
Larraulgo Ekomuseoa
Goizean. Egurra usadio zaharraren arabera nola lantzen den erakutsiko dute. Bi urteko Egurra izeneko prozesuaren azken zatia erakutsiko dute.
. Azken bi urteotako Egurra prozesu didaktiko horren DVDa aurkeztuko dute museoan.
. Egurra egitasmo didaktikoaren azken zatian iltzerik gabe egindako estalpea eta egitasmo guztia argazkitan erakutsiko dute, azalpenez lagunduta.
. Hamaiketakoa egingo dute.

Gorrotxategi museoa, Tolosan
19:00-22:00. Ate irekiak izango dira Tolosako Letxuga kaleko museoan. Bisitari guztiei txokolate zuri eta beroa banatuko diete dastatzeko.
. Alde berean, musika eskolako ikasleen eskutik zuzeneko musika entzungai izango da.

Tolosaldea Tour, Tolosan
22:30-00:00. Alde Zaharreko eta Andre Maria elizako bisita gidatua egingo dute antortxekin.

Topic zentroa, Tolosan
21:00-01:00. Ate irekiei ekingo diete.
. Musika eskolako ikasleek zuzeneko emanaldia eskainiko dute.
. 19/90 Pub-ak Blanc de Blanc izeneko koktel berezia prestatuko du, 3 euroren truke, Ambigu gunean.

Maiatzak 18, igandea
Topic zentroa, Tolosan
11:00-14:00/16:00-20:00. Ate irekiak eta zuzeneko musika izango da.
12:00. Argazki lehiaketako sari banaketa Ambigu gunean.
Gorrotxategi museoa, Tolosan
11:00-14:00. Ate irekiak izango dira eta baita txokolate zuri eta beroa dastatzeko aukera ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!