Pello Zabala: «Negua inoiz baino epelagoa da, eta udaberria geroz eta beroagoa»

Iñigo Terradillos 2014ko mai. 15a, 13:31

Pello Zabala frantziskotarra izango da gaur Leaburun, eguraldiari, tenporei eta oro har, Euskal Herriko klimari buruz solasean. Hain justu, erabilera anitzeko gelan izango da amezketarraren hitzaldia, 17:00etatik aurrera.

Nolatan hasi zinen eguraldia iragartzen?

Kasualitatez hasi nintzela esan daiteke. Euskadi Irratian hasi zirenean, 82an ez zeuden eguraldia iragartzeko gaur egun bezain prestatuak. Ni bertan musika klasikoari buruzko saioa egiten hasi nintzen, eta proposatu zidaten udan Arantzazun zer eguraldi egiten zuen azaltzea. Ni bezala, Euskal Herriko beste hainbat txokotako jendeak ere parte hartzen zuen eguraldiaren berri ematen. Bada, udako kontua izan behar zuenak asteburuetara pasa zen, eta horrela pixkana ardura hori hartuz joan nintzen, eta ni nire kabuz galdetzen eta ikasten joan nintzen.

Asko aldatu da eguraldia iragartzeko modua.

Bai. Pentsa, duela 1.000 urte herrietako kanpaiak joz ematen zen eguraldiaren berri. Zeruan zer berri liburuan bildua dut horren inguruko historia.

Tenporena ere aspaldiko kontua da.

Laugarren mendetik dator. Eguberriak oraindik sortu gabe zirela elizak otoitza edo penitentzia egiteko bidea ezarri nahi izan zuen tenporen bidez. Baserritarrak hiru hilabetez behin astebetean otoitz egitera joaten ziren elizara, eta larunbat gauez egiten zen mezan amaitzen zen otoitzaldi hori.

Gaur egun ere mantentzen da.

Tenporak ospatzeari utzi zitzaion, baina gurean jarraitu egin du, nolabait ikusi delako aste horretako giroak eragina duela. Horren inguruan ez zegoen ezer idatzita, eta ikertzen egon nintzen, eta bateko eta besteko adituekin hitz egiten. Ikusi ahal izan dut errepikatu egiten dela aste horretako eguraldia ondorengo hiru hilabeteetan, ilargiaren fase oso bat hartzen duelako.

Udan zer eguraldi egingo duen jakiteko?

Ekainaren 13ko asteari begiratu behar diogu, eta hor egiten duenak iragarriko du nolako uda izango dugun. Udaberrian egingo duen eguraldia, berriz, udaberri aurreko asteari begiratuta jakingo dugu, eta udazkena irailaren 14ko aste horren araberakoa izango da.

Dena den, eguraldia nahiko zoro dabilela ematen du azkenaldian, ezta?

Egia dena da negua inoiz baino epelagoa ari dela izaten, eta udaberria inoiz baino beroagoa. Iazko uda oso beroa izan zen, eta neguan euri ugari egin du, eta olatu handiak izan dira. Orain bi urteko uda, esaterako, oso xelebrea izan zen. Bero handia egin zuen, baina bero sanoa, trumoi lainorik gabekoa, eta hori ez da Euskal Herriko ohikoa. Horrekin batera, landareak loretan normalean baino lehenago hasten direla ere ikusten ari gara. Beraz, aldaketa nabari da, nahasmena dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!