Osasun eskualdeko alkateek agerraldia egin dute Legebiltzarrean

Ataria 2014ko mai. 14a, 19:46

Tolosako, Alegiako eta Orexako alkateak Eusko Legebiltzarrean egin dute agerraldia, Asuncion Klinika eta Tolosako Anbulatorioaren zerbitzuen inguruan dituzten kezka eta aldarrikapenen berri emateko osasun batzordeari. Alkateekin batera, Juanjo Bilbao medikua ere joan da Gasteizera.

Ibai Iriartek hartu du hitza agerraldia hasteko. Eskualdeko herri guztien –28 herrien– izenean joan direla nabarmendu du Tolosako alkateak, eta ordezkaritza horrez gain, 17.000 herritarren atxikimenduak izateari garrantzia berezia eman dio. Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduk eta PPk adostutako eskaera badela ere gogoratu du. "Hiru aldetik dator, beraz, lan mahai bat eratzeko eskaera. Organo honi soilik dagokio azken hitza ematea".

Hiru kezka nagusi azaldu dizkie Iriartek legebiltzarkideei: Alde batetik, informazioa eskatu duten bakoitzean "gardentasun falta" izan dela salatu du: "Eskubide osoa dauzkagu guk egindako galderen erantzunak jasotzeko, baina ez ditugu jaso". Bestalde, erantzun horietan emandako arrazoi objektiboak "zalantzan" jartzen dituztela esan du, "emandako arrazoi asko pixuzko arrazoi" ez direlako.

Zentzu horretan, duplizidadea aipatu du alkateak: "OSIaren bitartez, Donostiako Hospitalearengandik bereizi nahi gaituzte. Hospitale hori da biztanle askok lehenesten dutena, 20 minutura dagoelako eta zerbitzu gehiago dauzkalako".

Azkenik, komunikazio oztopoak izan dituztenaren salaketa egin du: "Balorazio txostenak bi urte iraun ditu gugana iritsi arte. Bilera bat eskatu eta hilabeteak pasa dira batzar hori egin ahal izan arte. Ez zaigu kasurik egin, eta askotan hirugarren maiako herritar gisa sentitu gara".

Hori dela eta, hiru arazo horiei aurre egiteko, lan mahai bat eratzea eskatu dute Iriarte, Iraola eta Maiozek. "Lan mahai politiko bat eratzea eskatzen dugu, 2011n geneuzkan zerbitzuetara itzultzeko lan egingo duena eta informazioa gardentasun osoz pasako duena".

Galdera-erantzunen txanda

EH Bilduko Rebeka Uberak hitz egin du ondoren, eta galdera bat eginez hasi da: “noren buruan sartzen da kontzertazioaren baitan, zerbitzu publikoa kentzea? Diru xahuketa izan da”. Tolosaldeko osasun zerbitzua guztiz pribatizatuko dutenaren kezka dutela ere azaldu du eta TOPAk osatu nahi duen lan mahaia “begi onez” ikusten dutela argitu.

 Ondoren PP alderdiko Carmelo Barriok hartu du hitza, eta Bildu eta EAJri adostasuna bilatzeko eskatu die, “aurrekontuen gaian iritsi zarete akordiora, zergatik hemen ez?", galdetu die.

 Blanca Roncal PSE-EE alderdiko legebiltzarkideak Tolosaldetik askotan joan direla gaia lantzera esan du, “baina lehen klinika mantentzea eskatzen zen. Zergatik orain ez?", galdetu du. “Akaso zerbitzuen kalitatea neurtu duzue? Asuncion publifikatuko balitz orduan ere zerbitzu horien aurka zeundekete?", gaineratu du. Donostiako ospitalea eta Asuncion klinika ez direla konparagarriak ere esan du, eta normala da bere iritziz, Donostiara joatea “zerbitzu gehiago dituelako”. “Zer defendatzen duzue? Non egingo dira ebakuntzak? Zer gertatuko litzateke Asuncion klinikako langileekin?”.

 EAJko Kerman Orbegozok, bere txandan, eztabaida “interes partidistatik” sortu dela esan du; “Asuncionek ematen duen zerbitzua ona da eta sinesgarritasun osoa du”, esan du.

 

Alkateak

Ondoren, alkateen txanda iritsi da, eta Tolosako alkateak, Ibai Iriartek hartu du hitza. Lehenik eta behin, Osasun sailarekin duten harremana “oso urria” dela salatu du. “Bilera eskatu eta lau hilabete pasa dira egin arte. Oso zaila izan da”. Komunikazio falta hori gainditu eta PP alderdiaren ordezkariak eskatutako adostasun hori lortzeko eratu nahi dutela lan mahaia nabarmendu du.

 Roncalek esandakoari erantzunez, anbulatorioan ematen ez diren zerbitzuak ematen zirela Asuncionen esan du, eta horregatik eskatzen zela ez ixtea. “Hitz dezagun argi. Oraingoa ez da kontzertazioa, pribatizazioa baizik. Kontzertazioa lehenagoko egoera da”, gaineratu du alkateak.

 Roncalek berriz ere hartu du hitza, eta mahai teknikoa osatzea ez dagokiela esan du, eta mahai politikoa nahi izanez gero, orain daudela guztiak hitz egiten esan dio Tolosako alkateari. Honi Iriartek eskatzen duten lan mahaia politikoa dela erantzun dio, "dauzkagun komunikazio oztopoak gainditzeko eta zerbitzua hobetzea helburu duena".

"Ez da pribatizazioa"

Orbegozoren bigarren txandan, Asuncionera ez dela pribatizazioa esan du, "parkingen, garbiketa zerbitzuaren edo zaharren egoitzen zerbitzua bezalakoa da Asuncion".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!