Garbitzaileen greba dela eta elkarretaratzea, gaur

Ataria 2014ko maiatzaren 13a

Gipuzkoako garbiketa sektoreko langileak greban daude astelehena ez geroztik. Grebak sektoreko 3.000 langileri eragiten die, eta gaur elkarretaratzea egingo dute 17:30ean, Tolosako Trianguloan. Tolosako eraikin publikoetan, udaletxea, kultur etxea, Leidor eta musika eskolan esaterako, Hirukide ikastetxean, eta Anoetako Ikastolan ari dira nabaritzen lanuztea, besteren artean.

Garbiketa sektoreko langileek ez dute itun propiorik, eta beraz, enpresa handien menpean daude, eta ondorioz sindikatu abertzaleek enpresa hauek egiten duten iruzurra salatu dute. Iruzurra bezeroei  —askotan administrazioa—enpresak KPI igoera eskatzen baitiete nahiz eta langileen soldatak izoztuta edukitzen dituzten. Hitzarmena 2009an iraungi zen, eta iazko uztailaren 8rako indargabetu zuten enpresa handiek. Gipuzkoako ituna berritu nahi bada greba egitea besterik ez zaiela geratzen esan dute sindikatuek.

Grebak eraikin publiko askotan izaten ari da eragina, eta baita udaletxe askotan ere, Tolosan esaterako. Enpresa handietan ere nabaritzen ari dira greba. Itunpeko eskola eta eskola pribatuetan ere igarri zen greba, eskualdeko Anoetako Ikastolan eta Jesuitinas, Marianistas, Santa Teresa, Urnietako Salesiarrak eta Aspace eskoletan esaterako. 0 eta 2 urte arteko geletan gutxieneko zerbitzuak daude, eta baita osasun arloan ere; adibidez, Onkologikoan.

Sindikatuek esan dutenez, enpre handiek ez dute lan erreformari uko egiteko asmorik, baina erreforma horrek jasotzen dituen «alde kaltegarrienak» alde batera utzi beharko dituzte sektoreko ituna sinatuko bada. «Ultraaktibitate luzea eskatzen dugu, mugagabea edo urte askotakoa, ituna urratzeko aukera baztertzea eta soldatak KPIari lotzea». 2009tik gaur arteko KPIaren portzentaje batzuk eskatzen dituzte, ez KPI osoa. Patronalak soldatak izozturik eduki nahi ditu, bost urteotatik gaur arte, behintzat.

ELAk eta LABek sektoreko %70eko ordezkaritza dute bien artean. Haiek deitu dute grebara, baina beste sindikatuek ere, erreibindikazioekin bat datoz; CCOO, UGT eta ESK dira sindikatu horiek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!