Lasterbidean, laster etxera bidean jartzeko helburuz

asierimaz 2014ko mai. 8a, 09:03
Tolosaldeko hainbat gizarte eragilek, euskal preso eta iheslarien senideekin batera, Lasterbidean, nazio elkartasun lasterketaren II. edizioa aurkeztu zuten atzo iluntzean, Tolosan. Maiatzaren 18a da egun seinalatua, eta Bizkaiko Larrabetzu herrian antolatu dute aurtengo egun pasa. Lasterketa, herri kirolak, herri bazkaria, kontzertuak, txosnak... eta batez ere, errepresaliatuekiko elkartasuna.

Beste hainbat ekimenen antzera, Lasterbidea, desagertzeko bokazioarekin jaiotako egitasmoa da. «Jaioarazi zuten arrazoiak desagertzearekin batera bukatuko da, errepresaliatu eta beren gertuko guztien eskubideak betetzearekin batera, alegia», aurkezpen ekitaldian esan zutenez.

Oraingoz eskubideak ez direla errespetatzen esan zuten, eta lasterketarekin jarraitu beharra azpimarratu zuten. Iaz Oiartzunen ospatu zen Lasterbidean, eta aurten, Bizkaira eman dute. Kirolaren eremutik, korrikaren esparrutik zehazki, «euskal errepresaliatu politikoen eta beraien gertukoen eskubideen aldeko elkartasun keinua» egiteko beharrak sortu zuen ekimena. Oiartzunen 1.200 korrikalarik parte hartu zuten. 800 lagunentzat egin zuten herri bazkaria, eta egunean zehar, antolatzaileen esanetan, ehunka lagun ibili ziren herrian barrena, elkartasun eta jai giroarekin bat eginaz. Aurten, argazki hori eraman nahi dute Larrabetzura.

Eskualdeko ekimenaren sustatzaileek, herritarrei maiatzaren 18an Larrabetzura joateako deialdia egin zioten; lasterka egitera, edo eguna pasatzera. Lasterbidean 11:00etan his eta 19:00ak arte ospatuko da, eta egitasmo nagusia lasterketa izango da.


Lasterketa herrikoia
Maila guztietako korrikalarientzat prestatu dute ibilbidea, bi itzuli jarri baitituzte aukeran. Alde batetik lasterketa luzea dago, 7,6 kilometrokoa. Bertan parte hartu nahi dutenek, www.lasterbidean.com webgunean eman behar dute izena. Bestetik, ibilbide laburra egongo da, 3,2 kilometrokoa. Hemen parte hartzeko ez da izenik eman behar, hau da, egunean bertan irteera puntura joatea nahikoa da. Lasterketaren ondoren, herri kirol erakustaldiak, txosnak eta 600 lagunentzako herri bazkaria egongo dira. Kontzertuek eta haurrentzako guneek ez dute hutsik egingo Larrabetzun maiatzaren 18an, antolatzaileen esanetan.


Elkartasun jasotzaile moduan, eskualdeko preso eta iheslarien hainbat senide elkartu ziren Tolosan. Hauek herritarrei elkartasuna senide eta lagunen arnasa dela gogoratu zuten, eta Larrabetzura joatea eskatu zieten eskualdeko herritarrei, egoerari buelta ematea, «denon konpromisoarekin lortuko baitugu». 

 

Egitaraua


  •    Noiz: Maiatzak 18, larunbata
  •    Ordutegia: 11:00etatik 19:00etara.
  •    Ibilbidea: Lasterketa luzea. 7,6 kilometro. Izena www.lasterbidean.com webgunean eman behar da. Lasterketa motza. 3,2 kilometro. Ez da izenik eman behar.
  •    Herri bazkaria 600 lagunentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!