Bertsolari Txapelketa Nagusiko liburua eta diskoa, kalean

Ataria 2014ko mai. 7a, 16:24

Subijana Etxean aurkeztu dute, gaur, liburua
Bertsozale Elkarteak azken Bertsolari Txapelketa Nagusia bildu du liburu eta CD batean. Txapelketako edizio guztiak bildu ditu orain arte liburu batean, baina 2013koak CD bat ere izango du. Elkarrekin salduko dira 20 euroren truke ohiko liburudendatan eta Lanku-ren webgunean.

Bertsozale Elkarteak argitaratu du bilduma, eta 500 ale prestatu ditu Lanku Bertso Zerbitzuak. Liburuak bertsoak, kronikak, argazkiak eta iritziak biltzen ditu, eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak koordinatuta Arnaitz Lasarte, Rosita Anakabe eta Maria Izaga aritu dira transkribaketa lanetan. Argazkiak berriz, Gari Garaialdek eta Alberto Elosegik ateratakoak dira. Girotze idatziak berriz, Felix Irazustabarrenak egin ditu eta baita bertso hautaketa ere.

Liburuan dauden bertsoak mp3 formatuan ere entzun daitezke diskoan. Bertsolari guztien bertsoak entzun ahal dira, ariketa eta saio guztietakoak. Irazustabarrenaren hitzetan ez da kolpe bakarrean oso osorik irakurtzeko liburua: "Zatika irakurriko dute bertsozale gehienek, kontsultarako edo prestaketa lanetan lagungarri izango zaio lanean ari denari".

Liburu eta CDaren aurkezpenean esan dutenez, Mintzola Fundazioan lanean ari diren ikerlariek osatu dute aditu multzoa, eta zerrenda luzea da. Bertsolari Txapelketa Nagusian erabili diren doinen azterketa ere egin dute Joanito Dorronsorok eta Martin Aramendik. Sei doinu berri identifikatu dituzte eta doinutegian txertatu.

  • Liburua: Bertsolari Txapelketa Nagusia 2013
  • Argitaratzailea: Bertsozale Elkartea
  • Prezioa: 20 euro
  • Salmenta puntuak: ohiko liburudendak eta Lankuren webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!