Aniztasuna eta parte hartzea izango dira kultur hilabeteen oinarri

Maier Ugartemendia 2014ko mai. 7a, 08:56
Kukai dantza taldearen 'Jelajauziak' laneko entsegua
Maiatza kulturaren hilabetea izango da Zizurkilen eta Iruran. Maiatza Saltsan eta Maiatza Kultura ospatuko dituzte bi herrietan, hurrenez hurren.

Zizurkilen atzo aurkeztu zuten aurtengo Maiatza Saltsaneko egitaraua. Aurten Erroz erro. Herri bat! izango da leloa eta honekin Zizurkilen dagoen «aniztasuna» islatu nahi izan dute. Leire Zubeldia komunikazio zinegotziak azpimarratu zuen «jatorri eta kultura ezberdinetako» pertsonek osatzen dutela Zizurkil, eta guzti horiengana jo dutela aurtengo egitaraua osatzeko.

Hala ere, Ainhoa Larrea, kultura teknikariak aurten pauso bat haratago ematen saiatu direla adierazi zuen. Agian, beti «oso urrutitik etorri diren herritarrei» jarri dietelako arreta, eta horregatik oraingoan 60ko hamarkadan Espainiatik Zizurkilera emigratu zuten pertsonak eta euren bizipenak jasotzea erabaki dute. Gauzak honela, Del Pueblo Zizurkilera dokumentala grabatu dute garai hartan Zizurkilera iritsitako hamar bat pertsonekin. Bertan beraiek eta oinordekoak «gaur egunera bitarte» izandako bizipenak kontatzen dituzte. Dokumentala osatzeko sortu zen batzordeak, osatu du hilaren 17rako komunitate ezberdinen artean ospatuko duten egunaren egitaraua. Bestalde arreta jarriko dute Nigeriatik Zizurkilera joandako herritarrengan ere, «dezente» baitira eta euren komunitatea «ezezaguna» baita. Horregatik, hilaren 24a beraiei zuzendua izango da.

Aurten «hiru lasterketa batu» eta Neska Txirrindularien Gipuzkoako I. Bira antolatu dute. Hiru etapa izango ditu eta hirugarrena Zizurkilen amaituko da. Larreak azaldu zuenez «harrera ona» izatea espero dute, gonbidapenak banatuta Portugalgo selekzioak, esate baterako, interesa erakutsi baitu.

Hilaren 30ean eta 31n senidetzeak izango dira protagonista. Zizurkil Gironako (Katalunia) Lladóko herriarekin eta El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin senidetua dago, eta Adunan ospatuko dute denek batera aurtengo Senidetze eguna. Alaitz Ormazabal, kultura zinegotziak «eskerrak» eman nahi izan zizkien aurtengo egitaraua osatzen lagundu duten herritarrei, eta gainerako herritar guztiak «animatu» ditu Zizurkil «hamaika kolorez janztera».

Maiatza Kultura

Iruran gaur bertan hasiko da Maiatza Kultura, Nahia Alkortaren mimo tailerrarekin. Duela urte asko hasi ziren Iruran Kultur astea antolatzen, baina, Alex Lasa, Irurako Gizakultur dinamizatzaileak azaldu bezala «duela hiru urte» hasi ziren hilabete osoko egitaraua prestatzen. Aurten, gainera, lehen aldiz Maiatza Kultura eta euskal jaia «elkartu» egin dituzte.

Aurten tabernekin «elkarlanean» hainbat bakarrizketa eta musika emanaldi antolatu ditzute herriko tabernetan. Bestalde, Lasak Carmen Ameztoyren omenez antolatututako kontzertua azpimarratu zuen. Ameztoy «pertsona esanguratsua» izan baitzen Iruran. «Herritar askok» berari esker ikasi baitzuten musika. Gainerakoan, herritarren «parte hartzea» bultzatzea izan dute helburu aurtengo egitaraua osatzerakoan.

 

 

 
 

Egitarauak

ZIZURKILGO MAIATZA SALTSAN

  • MAIATZAK 8, BIHAR: 11:00. Euskara zine aretoetara: Julieta fokatxoa, Gurea zine aretoan. Haur hezkuntzako ikasleentzat emanaldia.
  • MAIATZAK 10, LARUNBATA: 17:30. Tomaxen abenturak: Txipli txapla pailazoak, Atxulondo kultur etxean.
  • MAIATZAK 11, IGANDEA: Egun pasa. Autobusa Herri Urratsera.
  • MAIATZAK 15, SAN ISIDRO EGUNA: 11:00. Meza. 12:00. Pilota partidak eskuz binaka: Peru Labaka eta Jon Erasun, Asier Arteaga eta Egoitz Aburuzaren aurka. Ondoren. Aizkolariak: Ion Irazu eta Unai Otaño, Joseba Otaegi eta Ruben Saralegiren aurka. 14:00. Bazkaria Iriarte jatetxean, bertsolari eta trikitilariekin.
  • MAIATZAK 15, OSTEGUNA: 11:00. Euskara zine aretoetara: Freddy Igeldegi, Gurea zine aretoan. Lehen Hezkuntzako ikasleentzat emanaldia.
  • MAIATZAK 16, OSTIRALA: 17:30. Bertsolariak, Loatzo Musika Eskolako koruko kideak eta Bukalai dantza taldeko dantzarien emanaldia, Atxulondon.
  • MAIATZAK 17, LARUNBATA: 19:00. Del Pueblo Zizurkilera. Etorkizun berriaren bila dokumentalaren estreinaldia, Atxulondon. Ondoren. Jon Maiaren Desde Extremadura al bertsolarismo hitzaldia. Bukatzeko, komunitate desberdinetako festa.
  • MAIATZAK 18, IGANDEA: Goizean zehar. Neska txirrindularien Gipuzkoako I. Biraren azken etapa.
  • MAIATZAK 20, ASTEARTEA: 17:30. Zoritxarrezko babutxak ipuin kontaketa, familientzat, euskaraz eta arabieraz, Iriarte jatetxean.
  • MAIATZAK 24, LARUNBATA: Festa afrikarra. 19:00. Zizurkilgo Nigeriarren gospel kontzertua. 20:00. Perkusio eta dantza afrikarrak, sabel dantza erakustaldia eta janari nigeriarra dastatzeko aukera, Joxe Arregi plazan.
  • MAIATZAK 25, IGANDEA: 19:00. Gelajauziak Kukai dantza taldearen emanaldia, Pedro Mari Otaño plazan.
  • MAIATZAK 27, ASTEARTEA: Goizean. Ipuin kontaketa solidarioak, Pedro Mari Otaño ikastetxean.
  • MAIATZAK 30, OSTIRALA: Zehazteke. Aiztondoko Argazki Rallyaren sari banaketa, Iriarte etxean. Zehazteke. Zizurkilekin senidetutako Kataluniako Lladóko herritarrei harrera.
  • MAIATZAK 31, LARUNBATA: Egun osoan. El Salvadorko Segundo Montes komunitatekoekin Senidetze eguna, Adunan.
  • EKAINAK 1, IGANDEA: 11:00. Zumba eta body combat maratoia, Joxe Arregi plazan.

IRURAKO MAIATZA KULTURA

  • MAIATZAK 7, GAUR: 17:30. Mimo tailerra (8-12 urte arteko haurrentzat), Nahia Alkortaren eskutik.
  • MAIATZAK 8, BIHAR: 17:30. Kantu Kantoi ipuin kontalaria (4-8 urte arteko haurrentzat), liburutegian.
  • MAIATZAK 9, ETZI: 17:00. Pintura tailerra Gaztelekukoentzat. 20:30. Irlandar bat, nolatan hemen? bakarrizketa Barry Manleyren eskutik Enara Tabernan. 22:00. Mus txapelketaren hasiera herriko tabernan.
  • MAIATZAK 11, IGANDEA: Egun pasa. Herri Urratsera.
  • MAIATZAK 13, ASTEARTEA: 17:30. Gure tradiziozko jantzi eta janzkerak azken ehun urteotan. Atontzearen garrantzia hitzaldi-tailerra, Ane Albisurekin, plazako ikastolan. Gainera, Aloña Garmendiaren lanak ikusgai egongo dira.
  • MAIATZAK 14, ASTEAZKENA: 17:00. Erretiratuen mahai jolasak erretiratuen egoitzan. 17:30. Klown tailerra (8-12 urte arteko haurrentzat), Nahia Alkortaren eskutik Gaztelekuan.
  • MAIATZAK 16, OSTIRALA: 17:00. Zumba, Gaztelekukoentzat.
  • 22:00. Mus Txapelketaren final-laurdenak, Herriko tabernan.
  • MAIATZAK 21, ASTEAZKENA: 17:30. Txotxongilo tailerra (8-12 urte arteko haurrentzat), Nahia Alkortaren eskutik haurrentzat.
  • MAIATZAK 22, OSTEGUNA: 17:00. Haurrentzako kultura arteko jolasak, plazan. 17:00. Herri osoari zabalduta, barreterapia, erretiratuek antolatuta, haien egoitzan.
  • MAIATZAK 23, OSTIRALA: 17:00. Mus ikastaroa Gaztelekukoentzat. 19:00. Kultura ezberdinen arteko pintxo poteoa, Herriko tabernetan. 22:00. Mus txapelketaren finalaurrekoak eta finala, Enara tabernan. 23:00. Petti zuzenean, Zarretxe tabernan.
  • MAIATZAK 24, LARUNBATA: Egun osoan zehar. Irurako ikastolaren festa.
  • MAIATZAK 25, IGANDEA: 11:45. Musika kontzertua Carmen Ameztoyren omenez Elizan. Ondoren, kalejira txistulariekin.
  • MAIATZAK 28, ASTEAZKENA: 17:30. Superheroi tailerra (8-12 urte arteko haurrentzat), Nahia Alkortaren eskutik, Gaztelekuan.
  • MAIATZAK 29, OSTEGUNA: 17:30. Irurako antzerki taldekoen emanaldia musika eskolan.
  • MAIATZAK 30, OSTIRALA: 17:00. Mus txapelketa, Gaztelekukoentzat.
  • MAIATZAK 31, LARUNBATA: Eguerdian. Gure Esku Dago ekimenak antolatutako herri bazkaria. Txartelak aldez aurretik jarriko dira salgai.
  • EKAINAK 1, IGANDEA: 10:00. Euskal produktuen eta artisauen azoka, plazan. 11:00. Dantzari txiki egunaren hasiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!