Jakak 22-10 irabazi dio Tolosari

Tolosaldeko Ataria 2014ko mai. 1a, 18:05
Erik Jaka pilotari lizartzarrak 22-10 irabazi dio Xabier Tolosa anoetarrari. Promozio Txapelketako lehenengo partida jokatu da Beotibarren eta Tolosaldeko derbia Jakarentzat izan da.

Pilotari lizartzarra "oso gustura" geratu da partidarekin: "Batere entrenatu gabe etorri gara ia, eta partida nahiko ondo atera dugu". Hasieran sufritu egin duela esan du Jakak, Tolosa aurreratu baita markagailuan, "baina gero hartu dudan abantaila ondo erabili dut eta 22ra ondo iritsi naiz". Partidan orokorrean "ondo" sentitu dela esan du lizartzarrak: "Batere entrenatu gabe etorri naiz; sake-errematean oso gustura aritu naiz eta agian okerrena egin dut ondo egin behar nuena, sakatu. Hurrengo partidarako akats horiek konpontzen saiatuko gara eta ea zer ateratzen den". Partida "oso zaila" ikusten zuela dio Jakak: "Banekien Xabik partida ondo prestatuko zuela, eta bagenekien nik baino hobeto jotzen duela. Nire aukerak izango nituela pentsatzen nuen, aukera horiek ondo aprobetxatu ditut eta horregatik irabazi dut".
Xabier Tolosa anoetarrak "ahal duen guztia" egiten saiatu dela azaldu du: "Jaka aurrelaria da eta sake-errematea egiten aritu da, oso ondo atera zaio, eta azkenean nik ezin izan dut horren aurka egin". Atzelaria izanik atzera jokatzen saiatu dela esan du Tolosak, eta ahal zuenean dejadak bota eta tantoa egiten: "Baina Jaka laugarren koadroan jartzen zen eta ezker pareta ez banion ondo bilatzen, airean hartzen zidan eta ondo zabaltzen zidan. Gero, dejada eginez gero, lautik ondo iristen zen. Saiatu gara behintzat eta horrekin geratu beharko gara". Pilota biziago bat aukeratu arren, Jakak ondo erantzuten ziola gaineratu du Tolosak. Partidan zehar zaila ikusi du lizartzarrari markagailuan harrapatzea, bi tanto baino gehiago segidan ez zizkiolako egiten eta sakean ere ez duelako nahi bezala asmatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!