Urteroko behor eta zaldien lehiaketaz eta larre irekieraz gain, bestelako ekintza ugari ere izango dira. Esate baterako, Imanol Paollaren zaldiek Roman Elosegiren idien aurka jokatuko duten dema. Pisu ezberdinetako harriekin ari beharko dute lanean bataren eta bestearen animaliek, baina, azkenean plaza gehien egiten dituenak irabaziko du.
Horretaz guztiaz gain, esku langintza saioak ere izango dira. Artileen, saskien, harri landuen eta ohiko tresnen erakusketa ere izango da, besteak beste. Bertako produktuak erosi nahi duenak ere, izango du horretarako aukera; bertako produktuak salgai egongo baitira. Ingurune hori hobeto ezagutu nahi duenarentzat, berriz, Aralarko mapak, liburuak eta liburuxkak ere salduko dituzte. Gainera, goizean zehar, urtero bezala, postuak ikusteko aukera ere izango da. Jai giroa trikitilariek jarriko dute, goizean zehar Larraitzen ibiliko baitira.
Komizarren larre irekiera
Amasa-Villabonako Komizarreko parkean ere egingo dute larre irekiera ekitaldia. Aurten 11:00etarako egin dute deialdia, Amasa-Villabonako ganaduak neguan babesean egon ondoren, Komizarreko parkera.jaitsiko baitituzte. Ondoren, hamaiketakoa egiteko aukera izango da, eta trikitilariek festa giroa alaitzen lagunduko dute.
EGITARAUAK
LARRAITZ
- 10:00etatik aurrera postuen irekiera eta trikitilariak festa gunean zehar.
- 11:30ean Gipuzkoako mendiko behor eta zaldien V. Lehiaketa.
- 12:00etan Aralarko larreak irekitzeko suziria. Nabarralde taldearen eskutik Aralar, egungo Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituen mendi katea emankizuna.
- 12:30ean zaldi eta idien arteko dema. Imanol Paollaren zaldia eta Roman Elosegiren idiak elkarren aurka. Zaldiak 1.100 kilotako harria eta idiek 1.500 kilotakoa.
- Ondoren, Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi bertsolariak.
- 17:00etan erromeria Jesus Mujika eta Josu Puldainen eskutik.
KOMIZAR
- 11:00etan Komizarreko parkearen larreen irekiera. Gandaduak bertara jaitsiko dituzte.
- Ondoren, hamaiketakoa eta trikitilariak.