Iaz baino bisitari gutxiago izan dira Aste Santuko egunetan

Ataria 2014ko apirilaren 24a

Tolosaldea Garatzenek eman dituen datuen arabera, 1.189 bisitari artatu dituzte apirilaren 17tik 21era Tolosako eta Abaltzisketako informazio guneetan, 325 eta 864, hurrenez hurren. Iaz, 1.732 pertsona pasa ziren informazio gune horietatik.

Batez ere, Gipuzkoako bisitari gutxiago gerturatu dira Tolosako eta Abaltzisketako informazio guneetatik, baina Tolosaldea Garatzenek esan duenez Espainiako eta beste herrialde batzuetako bisitariak igo dira, eta ondorioz okupazio datuak positiboak izan dira. Ostegunetik igandera bitarteko okupazioa nekazalturismo eta landetxeetan %75ekoa izan da, aurreko urtearekin alderatuta, %10eko igoera eman delarik. Hotel eta pentsioetan berriz, bataz bestekoa, %63koa izan da, orokorrean, aurreko urtearekin alderatuta zertxobait jaitsi delarik kopurua.

%7 igo da Espainiako bisitarien kopurua, eta aurreko urteetan kataluniarrak eta madrildarrak gerturatu badira gehien, aurten jatorriak oso banatuta daudela dio Tolosaldea Garatzenek.

Ekintzak

Aste Santuko egunetan egin duen eguraldi ona ez da izan museoak bisitatzeko aproposena, baina, hala ere, datuak nahiko onak direla esan dute. Gorrotxategi Museoa 146 pertsonek bisitatu dute eta Topic museoa 270 lagunek.

Tolosaldea Garatzenek, 'Gorrotxategi, tradizio gozoa' esperientzia nabarmendu nahi izan du. Turismoaren Euskal Agentziak, Basquetourrek, esperientzia hau aukeratu zuen Aste Santuan lehen aldiz martxan jartzeko eta emaitza oso onak izan ditu, 9 erreserba jaso dituztelarik. Tolosaldeko BTT Zentroaren bizikleta eta GPS alokairuaren zerbitzua ere estreinatu dute aurten, eta bezeroak oso gustura geratu direla esan du. Era berean, karakol dastatzea ere inoiz baino lehenago bukatu zela eta jende asko hurbildu zela nabarmendu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!