Justizia Administrazioaren pribatizazioa

Justizia unibertsala arriskuan ote dago?

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko api. 24a, 09:13

Espainiako Gobernuak Justizia Administrazioa erreformatu nahi du, eta besteak beste, Erregistro Zibilaren zerbitzua pribatizatu nahi dutela salatu dute langileek.


Prest al dago gizartea jaiotza edo ezkontza baten erregistroa ordaintzeko? Eta pentsioa jaso ahal izateko urteroko bizi-agiriarengatik? Espainiako Justizia Ministerioaren lege proiektu berriak Justizia Administrazioa eta Erregistro Zibilaren pribatizazioa aurreikusten du, eta ondorioz, herritarrek egunerokoan behar izaten dituzten hainbat agiri eskuratzeko ordaindu beharko dute, baina hori ez da okerrena, «oso pertsonalak diren datuak esku pribatuetan geratuko dira», dio Begoña Gartzia Justizia Administrazioko langile eta LABeko ordezkariak. Erregistro Zibilaren pribatizazioa baino lehen Bake Epaitegien desagertzea emango litzateke hala ere, eta honek erabiltzaileari kalte handia eragingo dio.
Justiziako langileak plataforma batean elkartu dira, LAB, ELA, UGT, CCOO eta CGT sindikatuek osatzen dutena hain zuzen, eta murrizketak ez dituztela onartuko esan dute hauek onartzea «justizia unibertsalaren printzipioak murriztea ekarriko duelako, eta Erregistro Zibila eta Justizia Administrazioa publikoa, kalitatezkoa eta doakoa izan behar duelako», dio Gartziak.
Hori dela eta sinadurak biltzen ari dira epaitegietan, eta azken hilabeteetan elkarretaratzeak egin dituzte ostegunero barruti judizialetan. Azken elkarretaratzea duela bi ostegun egin zuten, eta orain beste zerbait egin nahi dute, baina datorren astean bilduko dira zer egin erabakitzeko.


Berdintasuna
Justiziako langileek justizia zerbitzu publikoa izaten jarraitzea nahi dute, eta lege-proiektuak guztiz kontrakoa aurreikusten du, are gehiago, «berdintasunezko baldintzetan herritar guztientzat auzietara jotzeko eskubidea urratzen du, eta gure erakundeek erabaki propioak hartzea eragozten du», gaineratu du.
Izan ere, protestan ari diren langile hauek guztiak Eusko Jaurlaritzako langileak dira, eta beraz, eskaera ere egiten diote Jaurlaritzari: «Eusko Legebiltzarrak agindutakoa betetzeko, Justizia Administrazioaren barruan eta Administrazio horretako langileen Erregistro Zibilen eskumena hartzeko eta baita gaur egun EAEko Justizia Administrazioko Erregistro Zibiletan lan egiten duten lanpostu guztiak mantentzeko».


Ezinbesteko zerbitzua
Erregistro Zibila herritarrek oso gertuko duten zerbitzua da; jaiotzak, heriotzak edo ezkontzak erregistratzea izan ohi da zerbitzurik erabilienak, baina pentsioa jasotzeko urteroko bizi-agiriak ere eskatu behar dira, ezkontzak egiten dira... Erreformak Erregistro Zibilean egiten diren espediente guztiengatik ordaintzea ekarriko du eta honek erregistratzaileei eta notarioei irabaziak ekarri Gartziak salatu duenez.

 

 
 

Ondorioak

- Auzietara jotzeagatik ordaindu behar izatea.
- Doako justizia erdiesteko zailtasun handiagoak.
- Bake Epaitegiak eta Erregistro Zibilak deuseztatzea.
- Hiriburuak ez diren herrietako zerbitzu judizialak urruntzea.
- Jaiotzak, heriotzak, ezkontzak, tutoretzak, ezgaitasunak, dibortzioak, adopzioak, aitatasun-aitortzak... erregistratzeagatik ordaintzea.
- Ezkontza espedienteak egiteagatik ordaintzea.
- Pentsioa jaso ahal izateko urteroko bizi-agiria ordaintzea.
- Jaiotza, heriotza edota ezkontza bat egiaztatzen duen ziurtagiri bakoitzeko ordaintzea.    
- Ezkontzak egiteagatik ordaintzea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!