Herri Txikietako areto futbol Kopako finalak, jai giro «ederrean»

Iñigo Terradillos 2014ko api. 15a, 16:33

Giro polita nagusitu zen larunbat arratsaldean Ormaiztegiko kiroldegian. Gipuzkoako Herri Txikien areto futboleko Kopako finalak jokatu ziren bertan, eta gaztetxo eta guraso ugari elkartu ziren, baita kirol munduko hainbat arpegi ezagun ere, txapelketari amaiera «oso polita» emanez.

Infantil-kadete mailan, Lizartza-Orexak irabazi zion 9-4ko emaitzarekin Errezili. Hirugarren eta laugarren postuetarako lehian, berriz, Bidania-Goiatz eta Ikaztegietaren artekoa launa amaitu zen, eta penaltietan Bidania-Goiatzek irabazi zuen. Alebin A mailan, Ikaztegietak 7-3 irabazi zuen Lizartza-Orexaren aurka, eta 3 eta 4 postuetarako partidan, Bidania-Goiatzek 5-2 irabazi zion Leabururi. Alebin B mailan, Lizartza-Orexak 6-2 irabazi zuen Igeldoren aurka, eta Ikaztegieta-Baliarrainek Abaltzisketako Txalburuen aurka jokaturiko partidan, 4 eta 3ko emaitzarekin irabazi zuten lehenengoek.
Txikienetan, Benjamin A mailan, Txalburuk izan zen garailea, Igeldori 3-1 irabazi ostean, eta maila berean, Bidania-Goiatzek 9-1 irabazi zion Ormaiztegiri. B mailan, berriz, Baliarrain-Ikaztegietak irabazi zuen, Lizartza-Orexari 3-0 gailenduta. 3 eta 4 postuetarako lehian, Leaburuk 7-0 irabazi zuen, Igeldo Bren aurka.
Liga eta Kopa amaitu dira, beraz, eta Mikrofutsaleko partidak geratzen dira orain. Areto futboletik datorren aldaera da hori, frontoian eta ate txikiekin jokatzen dena, eta alebin mailakoek soilik jokatzen dute. Maiatzaren 11n jokatuko dituzte Albizturren txapelketa horretako azken partidak.
Maila eta herri guztietan
Liga irabazi duten taldeek Europako Txapelketan parte hartzeko gonbidapena jaso dute, baina, oraindik erabaki gabe dute bertara joango diren ala ez.
Aurtengo denboraldia amaituta, irailean hasiko dira berriro entrenatzen, eta denboraldi berriarekin parte hartzaile berriak izatea espero du Jon Leunda Gipuzkoako Herri Txikien areto futbol Txapelketako antolatzaileak. «Gure helburua da benjamin mailatik hasi eta seniorretara bitarte egitea txapelketa, adin guztiak hartuz», azaldu du. Ahalik eta gaztetxo gehienek parte hartzearekin batera, ekimenaren xedea geroz eta herri gehiagok taldea osatzea da: «Bailara edo eskualdeko herri gehienek parte hartzea nahiko genuke, eta eskualdeko txapelketa egitea; hori egin ostean, eskualdeko txapeldunen arteko lehiarekin jarraituko luke», dio Leundak. Hala ere, jakitun dira kasu guztietan ez dela erraza adin guztietako taldeak herri guztietan osatzea, eta kasu horietarako ondoko herrietako gaztetxoekin taldeak osatzeko aukera proposatzen dute.
 Hirugarren urtea du aurten ekimenak, eta urtez urte parte hartzaileen kopurua handituz joan dela gogoratu du Leundak: «Alebin mailako gaztetxoekin hasi ginen, eta pixkanaka maila gehiago sartuz joan gara». Hala, aurten, esaterako, 200 gazte baino gehiagok hartu dute parte Gipuzkoako Herri Txikien areto futboleko Txapelketan. Bertan parte hartzen ez duten Tolosaldeko nahiz beste eskualdeetako herriak animatu ditu datorren denboraldirako: «1.300 biztanle baino gutxiagoko haurrek euren herrietan eta elkarrekin jokatzea da xedea, eta beraiek bereziki oso ondo igarotzen dute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!