Herri txikien arteko txapelketa handia

Iñigo Terradillos 2014ko api. 11a, 08:21

Tolosaldeko herri asko ari dira parte hartzen herri txikien areto futbol txapelketan

Hirugarren denboraldia du aurten Gipuzkoako Herri Txikien areto futbol Txapelketak. Jon Leunda ikaztegietarraren ekimenez sortu zen «herri txikietako haurrek herrian bertan eta elkarrekin jokatzeko helburuz», eta oso harrera ona izan du, urtetik urtera ehunka gaztetxo animatzen baitira parte hartzera. Aurtengo Liga jokatu dute, baita 3x3 Txapelketa ere, eta une honetan Kopa jokatzen ari dira. Hain justu bihar, larunbatean, finalak jokatuko dituzte Ormaiztegin, Tolosaldeko ordezkaritza zabalarekin.

Arratsaldean, 15:30ean hasiko dira partidak. Alebinen B Kopako finalean Lizartza-Orexa B eta Igeldo lehiatuko dira; alebinen A Kopako finalean, Ikaztegieta eta Lizartza-Orexa; infantil kadeteen finalean, Errezil eta Lizartza-Orexa; benjaminen B Kopako finalean Baliarrain-Ikaztegieta eta Lizartza-Orexa eta benjaminen A Kopako finalean, Txalburuk eta Igeldo A. Partida horiez gain, hirugarren eta laugarren postuak zehaztuko dituztenak ere jokatuko dituzte.

Ormaiztegiko kiroldegia gaztetxoz nahiz gurasoz beterik egongo da, eta giro polita ziurtaturik egongo da. Gainera, hainbat kirolari profesional ere bertan izango dira, hala nola, Leire Olaberria txirrindularia, Patxi Caminos korrikalaria, Uxue Garmendia Realeko jokalaria edota Europako Txapelketan Euskal Herriko selekzioa ordezkatuko duten bi jokalari.

«Oso aberasgarria»

Biharko partiden ostean egingo den sari banaketan, Ligako sariak ere banatuko dituzte. Jokalari guztiei domina banatuko diete, eta irabazleei garaikurra. Liga ere hiru mailatan banatuta jokatu zuten, eta Ikaztegieta izan zen txapedun alebinetan eta infantil-kadeteetan, eta Txalburuk abaltzisketarrak benjaminetan. 3x3 Txapelketari dagokionez, pilotalekuetan eta porteria txikiekin jokatzen da, eta maiatzaren erdialderako aurreikusi dute jokatuko dituztela azken saioak.

1.300 biztanletik beherako herriek parte hartzen dute Herri Txikien areto futbol Txapelketan, eta talderik gehienak, Tolosaldekoak dira. Talde edo herri bakoitzeko bi arduradun izaten dira. Anizeto Ugartemendia Leaburu-Txaramako ordezkaria da, eta azaldu duenez, «oso aberasgarria» da ekimena gaztetxoentzat: «Herri txikietan bazen bertakoek txapelketetan aritzeko hutsunea, eta horrelako ekimenei esker, herrietako gaztetxoek elkarrekin jokatzeko aukera dute». Bestalde, ekimenaren helburua neskek zein mutilek parte hartzea da, taldeak mistoak izatea, alegia, eta maila batzuetan hori lortzerik izan ez dutenez, hurrengo txapelketei begira, gaztetxo guztiak animatu nahi dituzte parte hartzera.

Parekidetasuna bultzatzea eta ahalik eta herri gehienak txapelketan izatea nahiko lukete antolatzaileek, eta Ugartemendiak dioen moduan, «taldeak antolatzea eta gaztetxoekin egotea ardura eta denbora den arren, merezi du, oso giro polita sortzen baita, bai gaztetxoen bai eta gurasoen artean ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!