Herriz herriko bertsoaren haria ez dadila eten

Itzea Urkizu - Mikel Iraola 2014ko api. 10a, 16:26
‘Arrakasta’ da Harituzen I. herriarteko bertso txapelketa definitzeko hitza. Bihar bukatuko da, Anoetako gaztetxean, Berastegi eta Zizurkilen arteko lehiarekin.
Jendea bertaratu eta bertsozaletasuna zabaltzeko gogoz hasi baziren ere, Harituz elkarguneko kideek ez zuten «inondik inora» herriarteko txapelketak izan duen arrakasta espero. Otsailaren 14an hasitako hura, betekadaz betekada finalera hurbiltzen joan da, eta bihar bertan biribilduko dute guztia, Anoetako gaztetxeko finalean, 23:00etatik aurrera. 
 
Bertso-plazetan aritutakoak, lagunartean errimaren bat edo besterekin ausartzen direnak edo sekula publikoak kantatu ezdutenak. Guztiak nahastu nahi izan dituzte herrien arteko lagun-giroko lehia horretan. Azken txanpa horretatik airosoen atera direnak, ordea, zizurkildarrak eta berastegiarrak izan dira; hiruna bertsolari talde bakoitzean eta hitz-jolaserako bezainbesteko gosea, ondo pasatzeko. Unai Mendizabal, Joseba Otaegi eta Jon Ormazabal ariko dira Zizurkil defendatzen eta Berastegi aldean, berriz, Iñigo Gorostarzu, Beñat Salbarredi eta Ibon Karrerak osatu dute hirukoa. 

 
Finala bano hiruzpalau egun lehenago Anoetako gaztetxeko hiru aulki izan dira Mendizabal, Otaegi eta Gorostarzuren hitzen lekuko, eta hantxe kontatu dute, besteak beste, errimen mundura sartu zirenekoa. 
«Txikiak ginenean gure etxean beri ikusten genuen Hitzetik Hortzera, eta baina Lazkao Txiki eta Pernando Amezketarra ere. Doinuak-eta beti buruan ibiltzen nituen eta gero izan nuen aitarekin bertsotan aritzeko bolada da; diotenez, okinarengana joaten nintzenean hari ere bertsoak botatzen omen nizkion», dio Iñigo Gorostarzu berastegiarrak. Haurtzaroko sena zenbait urtez alboratu ondoren, ordea, parrandetako bertso-giroak piztu zion berriz, bertso-gogoa. 
 
Bihar aurkari izango dituen Mendizabal eta Otaegik, berriz, eskola garaiak ekarri dituzte gogora. Biak ala biak bertso paper lehiaketetan sariak jasotakoak dira, eta eskolarteko txapelketetan ere zaildutako mutilak. Horrela, Zizurkil herri bertsozaletzat dute eta Otaegiren arabera, «Otañoren itzala ere hor egon izan da beti». 
 
Herriko giro eta ohiturekin eskutik helduta, gainera, aurreko belaunaldiek erakutsitako bideak ere mugarriak jarri ohi ditu: «Nik etxetik jaso dut zaletasuna. Aitonak magalean hartzen ninduen txikia nintzela, eta bertso saioz bertso saio eramaten ninduen», dio Unai Mendizabalek. 
 
Horrela, duela bi hamarkada zortziko txikiak trebatzeko gakoak ikasten hasi ziren haiek dira, gaur, egun, Harituz bertsozaleek elkargunea sortu, kudeatu eta zabaltzen dutenetako asko. 
 
Bertsoa askatzeko hariak
«Elkartu egin gara eta hori da, nire ustez, Harituzen abantailarik handiena», dio Gorostarzuk. Duela bi urte mamitzen hasi zen Tolosaldeari begirako elkargune bateratu bat sortzea. 28 herri dituen eskualdea izaki, hainbat herritan zail suertatzen zen bertsotarako talderik sortzea, eta bertsolari eta  bertsozaleek elkar ezagutzeko bideak ireki dizkie Harituzek, bertsoa bera eskualdean askatzeko. 
 
«Bertso eskolak sortzea dirudiena baino konplexuagoa da, batetik, herri txikietan taldea sortzeko zailtasuna izaten direlako. Baina, horrez gain, taldeko kideek maila beretsua izatea ere garrantzitsua da, bestela, batak besteari erritmoa moteltzen dio». Hari horri tiraz eta eskualdeko taldeak harilkatuz, beraz, erreferentzia bilakatu da jada Harituz, bertsotan trebatu eta bertsoak entzun nahi dituztenentzat. 
 
Entzuleen epela gertu-gertutik
Harituz herriarteko txapelketa berezia izan da, lehen aldi horri begira. Eskualdeko herri eta herritarrenganaino iritsi den txapelketa izateak eman dio, ordea, xarmarik handiena.
 
«Saioak antolatzeko tokiak bilkura txikientzako tokiak izan dira baina, azkenean, txiki geratu dira elkarte, taberna nahiz lokalak; jendearen aldetik izugarrizko erantzuna jaso dugu», dio Mendizabalek. Herri baten izena daraman taldeak herritar asko mugitzen dituela eta, publikoaren epela gertu-gertutik sentitu dute kantuan aritu direnek. 
 
«Errespetua» eta «urduritasuna» gertutasun horren atzetik etorri diren hitzak izan dira, finalisten ahotan. Baina oso gustura daude herriartekoak eman duenarekin: «Txapelketa osoko saioak duinak izan dira eta ez da asteburu oso txarrik izan, ezta gutxiago ere. Nik uste dute kantatu dugun guztiok gogoan hartzeko moduko lan edo ofizio politen bat utzi dugula». 
 
Bertso ale horiek irtetean, ordea, konpromiso handiago izan ohi da norbere herrian eta, batez ere, herritarren aurrean: «Beste saioak bezalakoa dela pentsatzen duzu, baina herrikoak dira entzuleak, eta haien aurrean ere bertsotan egin nahi izaten da...», dio Mendizabalek. 
 
Tentsio horiek puskatzen lagundu duen errezeta eskuan izan dute, dena den, Harituzeko antolatzaileek. Agurretik hasi eta saio osora zabaldu den umorea, taldekako ariketa, oinak emanda bota beharreko bertsoak... «Erdi jolasak izan dira eta emaitza oso polita izan da». 

 
Gai horien inguruan buruari bueltak ematen, gaiak jartzen nahiz saioetarako txokoa aurkitzen hiru bertsolarien atzean lantalde sendoa aritu da herri bakoitzean. Kontuak horrela, finalean herri bakoitzak epaile bana izango du; guztira, bederatzi bozka. 
 
Txapelketa nagusiko keinua itzuliz, Aitor Mendiluzek emango die garaikurra irabazleei. Eskualde bat haritu duen txapelketa ez da hor amaituko, ordea. Bidezidorrean abiatu besterik ez dira egin. 
 
I. Herriartekoa
 
Finala
 
Ordua. 23:00etan. 
Ariketak. Agurra, lau oinak emanda bertsoa osatzea, zortzi oinak emanda bertsoa osatzea, zortziko txikian ofizioa, zortziko handian ofizioa, hiru puntu-erantzun, hamarreko txikia, ofizioa koplatan eta seguidilla. Gero, publikoan egindako inkesta batekin jarriko dute beste gai bat. 
Bukatutakoan. Ingo al deu? taldearen kontzertua, Harituzi egindako kantuaren aurkezpenarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!