Eskualdeko bi idazlek liburua aurkeztuko dute, gaur

Ataria 2014ko apirilaren 10a

Adunako Juan Kruz Igerabidek eta Tolosako Karlos Linazasorok liburuak aurkeztuko dituzte, 'Zangotraba' (Erein) eta 'Alferrik ez balitz' (Elkar), hurrenez hurren.

 

Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962) 'Alferrik ez balitz' (Elkar, 2014)  liburua aurkeztuko du gaur, 1.000 aforismoz osatutako lana, hain zuzen. Genero berezia da aforismoa: itxuraz sinple, baina ondo egiteko trebetasun aparta behar duena, tolosarrak erakusten duena bezalakoa. Gogoeta txundigarriak, poesia printzak, mikroipuinak, adar jotzeak, paradoxak eta bestelakoak aurkituko ditugu pasarte laburrotan, guztiak ere egileak ohi duen zorroztasunez eta ironiaz landuak.

 

 

Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956) 'Zangotraba' (Erein, 2014) lana aurkeztuko du. Eleberri honetako protagonistak bizitza doblea darama: aduanetako langilea da Joxe, eta detektibea Juan Fernandez, maitasun-kontuetan espezializatua. Biak dira bat eta bera? Edo hobe genuke gizakiaren sakonean murgildu eta nortasun konplexuaz mintzatu? Protagonistak bizi dituen garaiek ere ez dute laguntzen nortasun hori orekatzen. Garai zoroak, trantsizio garaiak: ametsa, ilusioa eta eldarnioa elkarrekin dantzara irten ziren urteez ari da nobela. Edurne bikotekidea, Dionisio lagun-min eta lankide, ez batak ez besteak jakingo du protagonistaren baitan irakurtzen. Azken batean, “inpostore” baten aurrean gaude: lagunen lagun bai, baina lagun desleiala. Ez da faltako poliziarekin elkar-hartze ilunik eta ETAren aurkako gerra zikinaren zipristinik. Ezta saldukeriarik ere, zangotrabarik adiskide minenak azpiratzeko.

Erein argitaletxetik azaldu dutenez, pertsonaia komikoa gertatzen da eta ez da falta umorerik kontakizunean. Adiskidetasuna eta traizioa tramaren muina dira. Zinema beltzaren igurtziak iIun-beltzeko atrezzo neurtua eskaintzen dio nobelari; eszenategi horretan gertatuko dira infideltasunaren unerik iradokigarrienak, zigarretaren kearen, sexuaren eta krimenaren giro patetikoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!