Kalte-ordainik jaso ez duten GAL eta BVEren biktimak "ETAren ingurukoak" zirela egiaztatutzat eman du Fernandez Diazek

Tolosaldeko Ataria 2014ko api. 9a, 16:00
Hainbat biktimak laguntzak jaso ez izanaz galdetu dio Maite Aristegi Amaiurko diputatuak Espainiako Barne ministroari. Kriminologia Institutuko kideek egin zuten txostenean ohartarazi zuten biktima horiek ETAko kidetzat jotzeak urratu egiten dituela "babes judiziala, errugabetasun printzipioa, prozesuen legezkotasun printzipioa eta botere banaketa". Gaineratu du kalte-ordaina 46 biktimei ukatu zaiela, tartean Lasa eta Zabala tolosarren senitartekoei.

"Uste duzu biktima guztiak lehentasunezkoak direla zuretzat?". Hala galdetu dio Maite Artistegi Amaiur koalizioko diputatuak Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroari. "Terrorismoaren biktimak" Espainiako Gobernuarentzat "lehentasuna" direla erantzun dio Fernandez Diazek. Bere erantzunean zehaztu du 46 direla laguntza hori ukatu zaien biktimak: "ETAren ingurukoak", zehaztu du.

Espainiako Barne Ministerioak estatuaren indarkeriaren hainbat biktimari kalte-ordainak emateari utzi dio, "ETAren inguruarekin" lotura zutela argudiatuta. Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak duela urtebete inguru izan zuen horren berri, hau da, hainbat biktimaren senideek kalte-ordainak jasotzeari utzi ziotela. Gertatutakoa sakon aztertu eta Espainiako Gobernuaren erabakia legezkoa den argitzeko, Kriminologia Institutuari txosten bat egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak.

Txosten horretan oinarrituta egin dio galdera Aristegik Fernandez Diazi. Indarkeria Delituen Biktimen Kalte-ordainei Buruzko Europako Hitzarmenari helduta ihardetsi dio ministroak. Zehazki, hitzarmen horren zortzigarren artikuluaren arabera, kalte-ordainak murriztu edo ken daitezke biktimak edo kalte-ordainaren eskatzaileak indarkeria delituak egin baditu edo horiek egiten dituen erakunde batean parte hartzen badu. Hori egiaztatuta dagoen kasuetan, biktimen senideek ez dute kalte-ordainik jasotzen.

Ignacio Muñagorri Laguia eta Ana Isabel Perez Machio Kriminologia Institutuko kideek egin dute txostena, eta Eusko Legebiltzarrean izan ziren apirilaren 1ean. Bertan, ohartarazi zuten biktima horiek ETAko kidetzat jotzeak urratu egiten dituela "babes judiziala, errugabetasun printzipioa, prozesuen legezkotasun printzipioa eta botere banaketa".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!