Andoni Ortuzar eta Arantxa Tapia jeltzaleek eskualdea aztertuko dute

Asier Imaz 2014ko apirilaren 7a

Tolosaldeko EAJ alderdiak gobernantza ireki, parte hartzaile eta integratzaile baten aldeko apustua egin nahi du, eta hori azaltzeko, hainbat ekimen antolatu ditu ondorengo egun eta hilabeteetan. Andoni Ortuzar EAJren presidentea, adibidez, ekainaren 4an etorriko da Tolosara. Lehen ekitaldia asteazken honetan izango da.

Olatz Peon eta Juan Ramon Bastarrika jeltzaleek eskualdeko EAJ-ren hainbat ekimen aurkeztu dituzte gaur arratsaldean. Lehena asteazken honetan izango da, 20:00etan, Tolosako Batzokian. "Gobernu onaren" inguruko lan jardunaldia izango da, eta parte hartzaileen artean, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Imanol Lasa iragan legealdian aldundiko parte hartzearen zuzendaria eta egungo Zarauzko zinegotzia egongo dira.

Bigarren lan jardunaldia ekainaren 19rako aurreikusi dute Peonek eta Bastarrikak. Bertan, gizarte politika eta bere sostengarritasuna landuko dituzte.

Tartean, Andoni Ortuzar eta Arantxa Tapia etorriko dira Tolosara. EAJren presidenteak egungo egoera aztertuko du, eta Garapen ekonomikorako saillburuak krisiaren eraginak aztertuko ditu eskualdean: "Zuzenean bailarako kasuistika eta arlo produktibo ezberdinen errealitateak eta Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako ekimenak kontrolatzeko", azaldu du Olatz Peonek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!