Aingeru eta Angel Castrok irabazi dute VII. Ñañarri Rallyesprinta

Ataria 2014ko apirilaren 7a

Aingeru eta Angel Castro aita-semeek (BMW M3) irabazi zuten larunbateko Rallysprinta. Zazpigarren urtea da lasterketa antolatzen dutela Irurako Ikastolaren laguntzarekin, eta EAEko Rallysprint Lehiaketako hirugarren proba izan zen. Lasterketako azken bueltan arazo bat egon zen ikusle batzurekin, eta asko atzeratu zen irteera, baina azkenean lehiaketa bukatu ahal izan zuten.

Guztira 70 taldek hartu zuten parte Alegia, Orendain, Amezketa eta Abaltzisketatik pasa zen lehiaketan. 15:00etan hasi ziren parte hartzaileak ateratzen, banaka, eta zale asko gerturatu ziren errepide bazterretara.

Aingeru eta Angel Castroren lehiakide gogorrenak Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti (Peugeot 205 F1) izan ziren. Bi bikoteek hiru txandak sei minuturen azpitik bukatu zituzten, eta segundo bat eta bederatzi hamarreneko aldea bakarrik izan zuten.

Hirugarrenak Mattin Villares eta Andoni Blas (Renault Clio Maxi) izan ziren, hauek ere sei minuturen azpitik ibili ziren eta irabazleetatik lau segundora geratu ziren.


Lasterketan bi atzerapen izan ziren, lehenengoa istripu txiki baten ondorioz, zeinetan ez zen arazo handirik egon, eta bestea, azken txanda hasi baino lehen. Ikusle talde baten jarrera dela eta, lasterketa bertan behera uztekotan egon ziren, izan ere, asko atzeratu ziren, eta iluntzen ari zen, baina azkenean lasterketarekin jarraitu zuten.
 
Hauek izan ziren mailaren araberako irabazleak: Tarsicio eta Peña (Mitsubishi EVO IX) 6. mailan, Aingeru eta Angel Castro (BMW M3) bosgarrengoan, Antxustegi eta Urresti laugarrengoan (Peugeot 205 F1), Joseba eta Aitor Frutos (Clio Sport) hirugarrengoan, Izuzkiza eta Agirre (Citroën Saxo VTS) bigarrengoan eta Lopez de Guereñu eta Larrañaga (Citroën Saxo) lehenengo mailan. Junior mailako hoberena Mikel Mitxelena (Citroën Saxo) izan zen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!