Segundoen igarotzea baino askoz ere gehiago

Itzea Urkizu - Mikel Iraola 2014ko api. 4a, 09:00
Musika eta literatura uztartu eta soinu berri bat eraiki du Tenpora taldeak. Argitaratu berri duten maketa eskuan, Leidorren izango dira maiatzean.



Denbora geratzen da, lau argi zuriren azpian, bost akorde horiek bat egiten dutenean. Geratu den denbora horrek ihes egiten du gero, inor konturatu ere egin gabe, bestelako doinuetan barrena. Denbora eskutik lotuta doa Tenporarekin, Tenpora denborarekin bezalaxe. Tenpora ez baita eguraldia iragartzeko antzinako jakintza, eta ezta duela ehunka urteko hitza ere. Soinu berri baten sorburua da Tenpora, ahots, gitarra, baxu, piano eta perkusioen erritmora.

Urtebeteko bizitza duen proiektu hau gertu-gertukoa da, Juantxo Zeberio tolosarraren eskutik elkarrekin jotzen hasi baitziren Elene Arandia ibartarra, Itsaso Etxebeste belauntzarra eta Beñat Barandiaran zizurkildarra. Guztien tempoa markatuz, berriz, Hasier Oleaga bilbotarra jarduten da.

Musikaren emari hori literaturak osatzen du, Karlos Linazasororen eta Harkaitz Canoren hitzekin. Bide horretan, Tenporaren lehen taularatzea pasa den iraileko Poesia Orduetan izan bazen ere, musika talde gisa Zarautzen aurkeztu zuen bere burua Tenporak, joan den astean. Kristalezko teilatuen estalkiaz, sortzen duten musikak bezainbesteko xarma du kontzertua eskaini zuten lekuak.

Inor etorriko al den, bertaratzen direnek gustuko izango ote duten, beren lana ondo egingo al duten... Lehen emanaldiko urduritasun txiki hori nabaria zen hasiera ordua gerturatzen zen heinean. Bonbilen argi ahularen pean norbere lekuan jarri orduko, ordea, erraz hartu zuen guztiak, bidezidorra. Izan ere, ez da kasualitatea, Tenporaren musikak zer transmititzen ote dien galdetuta taldekide guztiek «askatasuna» aipatzea.

Aske sentitzen dira beren estiloa jorratzeko, askatsuna ematen die musikak eta baita hitzek ere, bizitzaren joan-etorriez pentsatzeko. Linazasoro eta Canoren begietatik eguneroko arazoak oholtzara eramate horrek publikoarekiko distantzia txikiagotzen die musikariei, eta Itsaso Etxebestek dioen moduan, «emanaldi bat beste guztiengandik desberdintzen» denez, sekula errepikatuko ez diren uneen segida bilakatzen da emanaldi bakoitza.


Soinu baten nortasuna

«Proiektu honen tankerako zerbait egiteko gogoa nuen aspaldidanik», dio Juantxo Zeberiok. Talde-dinamika baten bila hasita, musikari onak eta ingurukoak izatea baldintza moduan jarri zizkion bere buruari.

Urtebetean mamitu dute garajeko lan hori, entseguz entsegu. Ikus-entzuleen aurrean lehen aldiz agertu aurretik, ordea, beren burua objektiboki entzun nahi izan zuten Tenporako kideek, eta hari horri tiraka iritsi zen maketa: «Berez helburua ez zen maketa bat grabatzea, inondik ere. Irailean emanaldi bat genuen eta uda aurretik egindakoak funtzionatzen ote zuen ikusi nahi izan genuen. Entseguak egiten dituzunean soinua ez da nahi bezain egokia eta erakargarria, eta maketarena guretzat egindako kontua izan zen hasieran».

Beasaingo Pottoko estudioetan grabatutakoak harrituta utzi zituen, ordea, eta Tenporak soinu propio bat eskuratu zuela ikusi zuten. Inondik ere, Tenporarena ez da musika lasaia, ez behintzat kideen arabera: «Gutako inork ez zuen garbi zein soinu topatuko genuen, eta hori izan zen proiektu honen erronka nagusietakoa. Orain, esan genezake soinu propio bat baduela Tenporak, eta kontrastez beteriko musika dela, ez musika lasaia».

Bizitzaren beraren kontrastea da, Zeberiorentzat, Tenporaren doinu-kontrastea: «Gaur hemen zaude eta bihar norbait gaixotzen da, edo ez dakit zein kotxe batek harrapatzen du... Bizitza horrelakoa da. Eta inkontzienteki izan den arren, kantuek badituzte oso-oso hutsak eta isilunez betetakoak diren zatiak. Aldiz, beste hainbatetan soinuak nabarmen hartzen du protagonismoa».

Jendeak entzungo duen soinua horren guztiaren gainean dago, ordea, eta orain arte entzun gabeko zerbait da Beñat Barandiaranen ustez: «Uste dut norbaitek talde hau entzuten badu, bere artean pentsatuko duela soinu hau orain arte ez duela entzun; antzeko gauzak bai, baina hau ez» Abestiz abesti aurpegiz aldatzen da, gainera, soinu berezi hori: «Baina identitate hori kantu guztietan mantentzen dela uste dut, eta era naturalean irteten dela», Etxebesteren arabera.

Bizitza, erritmoa, talde-lana eta soinu berezia uztartzen dituen maketak harrera ona izan du oraingoz, eta aurrerago ekoizpen handiago bat egitea pentsatu duten arren, sei abestiz osatutako bildumatxoa aurkezpen ederra da Tenporarentzat; emanaldietan eskuragarri izango da.

Askotariko belarriak goxatuz

Publiko anitza espero dute emanaldietan, Tenporako kideek. Jende heldua, jende gaztea, literatura gustuko duen laguna, euskal musikaren jarraitzaile sutsua eta baita euskal musika gustatu ez eta taldea entzunda harritu egin denik ere. Denetik.

Nabarmendu duten soinu horren gainean abesten dituzten hitzek ere zerikusia dute entzuleen aniztasun horretan. «Gaiak askotarikoak dira: maitasuna, denboraren igarotzea,... Era berean, gaur egungo arazoak eta errealitatea deskribatzen duten abestiak ere badaude eta, azken finean, guztiontzat interesgarri dira horrelako gaiak», dio Elene Arandiak.

Kanon horien guztien artean musikazalearena nabarmendu du, ordea, Juantxo Zeberiok, tenporazale izateko baldintzen artean: «Musika gustatzen zaionari, sonoritate errazetatik konplexuagoetara irekia baldin badago, etortzea gomendatuko nioke. Ezagutzen duen zerbaiten bila baldin badabil, ordea, hobe izango du beste zerbait entzutea. Ez dugu polbora asmatu, egia da. Baina oso kontu hauskorra eta arraroa izan gabe, desberdina den zerbait edo arrisku pixka bat bilatzen duenari kontzertura bertaratzeko esango nioke, ondo pasako du eta».

Finean, «zerbait berezia», «bihotzarekin egindakoa», «dastatzeko erakargarria» eta «sentimenduak transmititzen dituena» eskainiko diete musikariek entzuleari. Entzule horiek musikarien herrikide direnean, gainera, are bereziago bilakatzen da zuzenekoaren elkarrekintza; datorren maiatzaren 16an Leidorren izango da Tenpora, eta Zeberio eta Arandia tolosarrak gustura daude.

«Tolosan abestu izan dudan guztietan urduritasuna ez, baina tentsio puntu bat sentitu izan dut. Azken finean, ezagunen aurrean abestu edo jo behar duzu, eta niretzat horrek xarma berezia du», dio Elene Arandiak. Leidor aretoaren handitasuna azpimarratu du, berriz, Juantxo Zeberiok: «Leidor Leidor da, onerako eta txarrerako. Oso handia da eta oso handi gera daiteke. Baina hor gaude gu, egiten dugun istorio hau sinesteko, 200 lagun bertaratzen badira ere. Guk dugun soinuarekin Leidorrera bertaratzen dena beteko dugula sinesten dugu. Erronka zein ote den? Oso urduri egotea Leidor beteta dagoelako, zalantzarik ez».

Tolosako aretoko nahiz beste askotako denbora geratuko du, berriz ere, Tenporak, tempoa aldatuz, denboraz kantatuz, denborari soinua jarriz, edo orainaz eta geroaz hausnartuz. Orain ez baita bart, orain gaur da betiko.

Tenporaren sareak

Maketarekin batera, Interneten sareak ere baliatu dituzte proiektua plazaratzeko. Batetik, www.tenpora.com atarian taldearen nondik norakoak, agenda nahiz irudiak ikusgai daude. Horrekin batera, tenpora.bandcamp.com-erainoko lotura ere bertan dago, maketako Frustration, Argia eta fini, Beti da orain, Zure bila ibili naiz bart, Hauskorrago ni eta Zaldiak, denbora abestiak entzuteko.

Sare sozialetan, berriz, @Tenpora_ jarraituz taldearen Twitter jarioa irakurri ahal izango da, eta Facebooken 'Tenpora' profilean ere izango da proiektuaren berri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!