«Oinarrizko heziketa musikala jasotzea beharrezkoa da»

Maier Ugartemendia 2014ko mar. 27a, 11:34
Ana Iparragirre piano joleak eta Nerea Barriola sopranoak musika lirikoaren emanaldia eskainiko dute, bihar, Gurean

Ana Iparragirrek (Villabona,1975) eta Nerea Barriolak (Zizurkil, 1986) musika lirikoaren emanaldia eskainiko dute bihar, ostirala, Gurea zineman, 20:00etan. Urteak daramatzate biek musika munduan murgildurik eta ostiralekoa ez da elkarrekin eskaintzen duten lehen kontzertua izango.



Nola sortu zen zuen arteko elkarlana?

Ana Iparragirre: 1998an Villabonan lanean hasi nintzen, eta Nerearen irakasle izan nintzen, berak solfeoa eta pianoa hemen ikasten baitzuen. Gainera, Eresargi Txiki abesbatzan ere ni piano jotzailea nintzen eta berak abestu egiten zuen. Bakarlari moduan aritzen zen eta orduan hasi zen gure harremana. Pixkanaka elkarrekin ezkontzetara joaten hasi ginen. Gure lehen kontzertua 2006an izan zen Villabonan. Handik hiru urtera Zizurkilen eman genuen kontzertua.

Nerea Barriola: Nik pianoa nire instrumentua ez zela eta kantua ikasi nahi nuela erabaki nuen. Donostiako kontserbatorioan sartzeko solfeoa prestatzen Anak lagundu zidan. Hor sei urte eman nituen eta Iruñean beste bost urte eman ditut. Hortaz, azken urteetan parentesi moduko bat egin dugu, batez ere ezin izan dugulako asko entsegatu. Orain berriro itzuli naiz hona eta karrera amaierako kontzertua besterik ez zait geratzen ikasketak amaitzeko. Urrian kontzertu hori prestatzeko lanetan hasi ginen eta programa polita dugula ikusi genuenean, publikoarentzat egokitu genuen ostiralean eskainiko dugun emanaldia.

Zer aurkituko dugu ostiraleko emanaldian?

A. I.: Obra ezberdinak izango ditu. Lehen zatian abestiak eskainiko ditugu italiarrez, alemanez, frantsesez eta euskaraz. Bigarren zatian opera eta zarzuelako zatiak izango dira. Ea zer moduz ateratzen den eta ea gauza gehiago egiteko aukera izaten dugun.

Eta emanaldia Villabonan bertan eskaintzeak ere ilusio berezia sortuko dizuela pentsatzen dut...

N. B.: Bai! Gainera, betidanik ezagutzen gaituzte eta urte asko igaro dira hemen eskaini genuen lehen kontzertu hartatik hona. Ordutik lan asko egin dugu eta hobetu dugula uste dugu. Hori erakusteko aukera bikaina dugu aurrean.

Honelako herri batean musika lirikoaren emanaldi bat aurkitzea ez da oso ohikoa.

A. I.: Bakarlarien kontzertu oso gutxi egiten dira inguru honetan. Pasaia, Irun edo Donostiara joan behar da horrelako kontzertuak entzutera. Aukera paregabea da, beraz, honelako musika emanaldi bat ikusi nahi duenarentzat.

N. B.: Nik uste dut aukera bat dela bai, musika estilo hau ezagutzen duenak gozatzeko eta baita beste batzuk, aukera berri bat dutelako zerbait desberdina ikusteko. Agian gero gustatu egiten zaie eta ikusle bezala emanaldi hauetara joaten hasten dira edo interesa zabaldu egiten da.

Egun zein da musika lirikoaren egoera?

N. B.: Hemen egoera oso zaila da. Krisiarekin ere murrizketak hezkuntzan edo kulturan izaten dira, eta musika ere bertan sartzen da. Askoz diru laguntza gutxiago daude eta oraintxe ez da bereziki ona den garai bat. Hala ere, esan liteke berez garai onetan ere musika lirikoz bizitzea hemen ez dela erraza. Nik aukera badaukat nork daki, baina, zaila da. Gainera, askok kanpotik hartu dute izena.

A. I.: Eskuarekin kontatu zenitzake hortan dabiltzanak: Ainhoa Garmendia, Marife Nogales, Miren Urbieta. Eta tenoreak Andeka Gorrotxategi, Jose Luis Sola, Iker Kasares.

Hortaz, Euskal Herrian bai maila teorikoan eta baita profesionalean ere garapen bat izatea zaila da?

A. I.: Ikastetxeetan musika oso gutxi lantzen da, aparteko ikasketa batzuk dira.

N. B.: Bai, hori da. Ez da heziketa musikal bat jasotzen, hezkuntza orokorretik kanpo dago. Finlandian, Noruegan edo Austrian jasotzen den moduan. Herrialde hauetan adibidez, txikitatik lantzen dute, baita abesten ikasi ere. Hemen, berriz, musika eskola oso gutxitan eskaintzen da kantua.

Eskoletan musika lantzen hastea, beraz, beharrezko ikusten duzue.

N. B.: Bai! Ez instrumentu espezifiko bat, baina, oinarrizko heziketa musikal bat jasotzea bai. Musika irakurtzen hastea, lantzea, ezinbestekoa da. Gainera, memoria lantzeko ere oso ona da.

A. I.: Nik ez dakit zenbateraino lantzen den, baina, gehiago bultzatu beharko litzateke zalantzarik gabe.

Musika eskoletatik kontserbatoriorako pausoa ere handia izango da ezta?

N. B.: Bai, sartzeko bakarrik asko saiatu beharra daukazu. Urtean plaza jakin batzuk egoten dira, normalean gutxi, eta kopuru jakin horren barruan sartzeko prestatu beharra daukazu. Behin sartuta, hainbat osagarri ere izaten dituzu: historia, hizkuntzak, musika, konposizioa... Eta guzti hau ikasketa orokorrekin batera egin behar duzu! Hau da, sakrifizio handia eskatzen du.

Aurrera begira egoera aldatuko dela uste duzue?

N. B.: Gustatuko litzaidake. Niretzat, adibidez, amets bat litzateke jendeak horretan interes gehiago jartzea eta hortik kantuko posturen bat edo sortzea. Eskaerak gauzak bultzatzen ditu. Niri, adibidez, kantuko irakasle izatea ikaragarri gustatuko litzaidake. Eta gainera, kontzertuak eskaintzeko aukera izatea oso ona litzateke.

A. I.: Ez da erraza, baina, ea egoera hau aldatzen den. Guk behintzat horretan jarraituko dugu, nik orain arte bezala irakasle lanetan jarraituko dut. Baita sopranoei eta beste musika instrumentuei laguntzen jarraitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!