Baserri paisaiak, eskualdeko altxor ezkutuak

Rebeka Calvo 2014ko mar. 27a, 08:00
Tolomendi Landa Garapen Elkarteak duela bi urte abiarazi zuen proiektua azken txanpara iritsi da

Tolomendi Landa Garapen Elkartea, baserri paisaien garrantziaz jabetuta, 2011. urtean hasi zen eskualdeko paisaiaren balioa indartzeko lanean. Ez da bakarrik egon lan horretan, izan ere, Euskal Herriko beste zortzi landa garapen elkarte ere aritu dira.

Helburua, argia: landa paisaia atlantikoen balioa agerian jartzea. Azken bi urteetan lan teknikoa egin dute, batetik, hau da, informazio objektiboa biltzen aritu dira teknikoak, eta bestetik, datu horiek herritarrekin elkarbanatu dituzte. Landa Garapen Elkarteko Iker Karrerak azaldu duenez, «herritarrei eskatu zaiena da beraien baserri paisaien artean balio gehien dituztenak identifikatzea».

Era berean, herritarrei paisaia hauek babesteko hartu beharreko neurriak zehazteko eskatu diete. «Lan teknikoa egon da beraz, eta lan hori herritarren ekarpenekin aberastu dugu», esan du Karrerak.

Bi lan horiek uztartuta, orain, ondorioen txanda iritsi da. Baserri paisaiak zaintzeko jarduera zerrenda luze bat osatu dute. Baina bada jada egiten den, eta oso erraza den, ekintza bat; inguruan ekoizten diren produktuak kontsumitzea. «Hemen ekoitzitako produktuak kontsumituz eremu horretan abian dagoen jarduera hori mantentzea ahalbidetzen duzu eta hori da modurik hoberena bertan bizi direnei bertan bizitzen jarrai dezaten laguntzeko eta jarduera ekonomikoan laguntzeko», gaineratu du. Bestelako jarduerak ere identifikatu dituzte, hala ere, eta badute jarduera bat mahai gainean.

Alkizan barrena

Tolosaldean baserri paisaia asko daude, eta horietako bat da Alkizakoa. Inguruko aberastasunaz jabetuta udalak Tolomendiri ibilbide bat egitea proposatu zion, eta horretan daude orain lanean. «Gizarteari erakutsi nahi diotena da, baserri paisaia horiek nola sortzen diren, zein balio dituzten eta nola babestu ahal diren», azaldu du. Berastegiko herri bueltan jarduera didaktikoak proposatzeko asmoa ere badute, lehenengo sektorea eta tokiko historia uztartuz.

Paisaia, gozagarri

Herritarren laguntzarekin osatu duten zerrenda ez dute edonola osatu, lehentasunak zehaztu dituzte, eta baserri paisaiek gozatu ahal izateko bideratutako ekintzak egitea lehenetsi dute. Hor kokatu daiteke Alkizako ibilbidea. Honetaz gain, hala ere, mendi tontorrak identifikatu nahi dituzte, horrela baso landaketek ikuspegi panoramikoak ez oztopatzeko neurriak diseinatzeko. Era berean, paisaia hauetaz gozatzeko bereziki aproposak diren ibilbideak identifikatuko dituzte.

Baserri paisaien kalitatea hobetzea ere ezinbestekoa dela dio Karrerak, eta bide horretan, eskualde mailan baserri paisaien balioen inbentarioa egin nahi dute, «indarrak non kokatu behar diren jakiteko».

Lehen sektorea

Baserri paisaiak mantentzeko, dena den, ezinbestekoa da jarduera ekonomikoa mantentzea, eta azken urteetan lehenengo sektoreak izan duen bilakaerak ez du laguntzen. Horregatik da garrantzitsua bertan ekoizten dena kontsumitzea.

Zentzu honetan herritarrekin adostutako ekintzen zerrendan ustiapenean salmenta zuzena sustatzeko jarduerak burutzea lehenetsi dute ere, eta baita eskualdeko lehen sektoreak ekoitzitako produktuen kontsumoa errazteko bestelako jarduerak bultzatzea ere.

Turismoari begira ere jarri dira landa garapen elkarteak, eta eskualdeari buruzko informazio liburuxka eta abarrekin batera, landa turismoa sustatzeko zerbitzuak eta produktuak bilduko dituzten sortak diseinatuko dituzte. «Tolosaldeko baserri paisaien artean bisitari gehien biltzen dituzten guneetan paisaia hauekiko sentikortasuna sortzeko ekimenak» ere burutuko dituzte.

Gizarteko aldaketek eragin zuzena dute hortaz, baserri paisaian, eta gizartea hauek babestu beharraz jabetzen bada, egunerokoan gauza asko egin daitezke, txikikeria ugari, Tolosaldeko paisaia mantentzen laguntzeko. Tolomendi Landa Garapen elkarteak horretara animatu nahi ditu herritarrak, eta zalantzak edota ekarpenak dituztenei beraiekin harremanetan jartzeko eskatu die.

Iker Karrera, Tolomendiko Landa Garapeneko arduradunari egindako elkarrizketa

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!