IAk ikasleak grebara deitu ditu ostegunean

Asier Imaz 2014ko martxoaren 25a

Tolosaldeko Ikasle Abertzaleek grebarako deia egin dute. Martxoaren 27an, etzi, Hego Euskal Herrian grebara deitu dituzte ikasleak, eta eskualdeko IAk bat egin du protestarekin. Grebaren leloa ondorengoa da: 'Ekin geroa marrazteari! Ekin Euskal Eskola Nazionalari!'


Eskualdeko ikasleak Tolosara deitu dituzte IAtik, bertan antolatu baitituzte ekitaldiak. Lehenik, ikastetxez ikastetxe ibiliko dira protesta zaratatsuan. Ondoren, Trianguloan elkarretaratzea eta manifestazioa egingo dituzte. Ikasleez gain, biharko mobilizazioetara eskualdeko eragileak, «eta batez ere», hezkuntza komunitateko kideak deitu dituzte ikasle mugimendutik.


Sortu-ren atxikimendua
Tolosaldeko Sortu-k bere atxikimendua agertu dio martxoaren 27rako Ikasle Abertzaleek deitu duten greba egunari. Egun osoan antolaturik dauden ekimenekin bat egiteaz gain, «oinarri militante eta soziala» arratsaldeko manifestaziora deitu ditu eskualdeko Sortu-k: «Guk aldarrikatzen dugun eredua, hezkuntza euskaldun, ezkertiar eta feminista da. Eskola inklusibo, herritar, parekide, duin, internazionalista, askatzailea... borrokatzen dugun heinean, Euskal Eskola Nazionala eraikitzen ariko gara».

Hitzorduak
Martxoak 27, osteguna
09:00. Tolosako Orixe institutuan elkartu, eta ikastetxez ikastetxe protesta zaratatsua.
12:00. Trianguloan elkarretaratzea.
19:00. Eskualdeko manifestazioa Trianguloatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!