Amezketan eta Altzon izango da Ataria, aste honetan

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 25a, 12:50
Irratsaioa Alegiatik egin zuen pasa den ostiralean Atariak
Alegialdeko zazpi herrietan, 100 Atarikide berri lortzeko erronka jarri dio bere buruari Tolosaldeko Atariak, eta zentzu honetan herritarrekin biltzen ari da proiektua aurkezteko, batetik, eta zuzeneko irratsaioak egiten, bestetik. Orain arte Alegian eta Abaltzisketan egin ditu aurkezpenak, eta aste honetan Amezketaren txanda da. Ostegunean da hitzordua, 19:00etan, kultur etxean. Ostiralean irratsaioa Altzoko udaletxetik egingo du, 10:00etatik 13:00etara.

Herritar guztiak daude gonbidatuta Ataria aurkezteko egiten ari den bileretara. Bertan Atariari buruzko azalpenak jaso ahal izango dituzte eta besteak beste, duela bi aste astero Alegialdeko etxe guztietara iristeko hasitako kanpainaren xehetasunak emango dituzte Atariako arduradunek.

Izan ere, maiatza arte, ostiralero, Abaltzisketa, Alegia, Altzo, Amezketa, Baliarrain, Ikaztegieta eta Orendaingo etxe guztietan banatuko da Atariaren astekaria, doan.  Horrela, oraindik Tolosaldeko Ataria gertutik ezagutzen ez dutenek etxean bertan jasoko dute eskualdeari buruzko 32 orrialdetako aldizkaria. Horrekin batera, ostiralero, Alegialdeko herrietatik bertatik egingo da Ataria Irratia. Eta behin kanpaina amaitu ostean, Alegialdean beste 100 Atarikide berri lortzea da asmoa. Kanpaina hau aurrera eramateko ezinbestekoa izan da udalen laguntza.

 
 

Hurrengo hitzorduak

- Martxoak 27: Aurkezpena Amezketako kultur etxean, 19:00etan.
- Martxoak 28: Irratsaioa Altzon, udaletxetik.
- Apirilak 4: Irratsaioa Ikaztegietan.
- Apirilak 11: Irratsaioa Abaltzisketan.
- Apirilak 25: Irratsaioa Orendainen.
- Maiatzak 9: Irratsaioa Amezketan.
- Maiatzak 16: Irratsaioa Baliarrainen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!