Anarkia eta ordena

Asier Artola / EHUko historia ikerlaria 2014ko mar. 23a, 19:00
Eskola laikoen aurkako mitina Tolosako zezen plazan
Festa giroan pasatu zuten eguna. Udal musika bandaren notek alaiturik, udaletxetik Eskolapioetarako bidea egin zuten. Goitik behera solemnitatez atondurik zegoen kaperan meza bikaina entzun zuten, Ramiz kaperau jaunaren sermoi jaso eta patrotikoak biribildu zuena.

Perossi eta Gorriti izan zituzten entzungai bertako koruaren eskutik. Elizkizunak amaitu eta berriro ere, formaturik, udaletxerako bidea hartu zuten. Jose Aranburuk zeraman banderina. Udaletxearen balkoian ipini eta eman zioten bedeinkapena. Ekitaldiaren ama pontekoak eta beste hainbat hizlarik bereak esan ostean Biba Espainia! biba Gipuzkoa! biba Somatena!... oihukatuz bukatu zituzten eginkizunak. Bazkaria Mariarenean: zizka-mizkak, oilo zopa, izokina, oilasko menestra, 'beefsteak'-a, postre batzuk eta izozki eta bizkotxoak, Borgoinako ardoa lagun. Bukatzeko kafea, kopa eta purua.

 



1927a zen, Primo de Riveraren diktadura garaia bete-betean. Ospakizunetan murgilduta zebiltzan hauek Somateneko kideak ziren, «ordena sozialaren» defentsarako sortutako milizia zibila. Ordena, fedea, familia, Espainiaren batasuna; hauek, besteak beste, euren kontsignak. Primo de Riverak bere agintearen lehen urtean Estatu osora zabalduarazi zuen erakunde hau. Honela, lurralde militar bakoitzak probintzia bakoitzean bere Somaten propioa antolatzeko eginkizuna izan zuen. Gainerako nukleo urbanoetan bezala, Tolosan ere Somatena antolatu zen eta halako bandera bedeinkapen egunak zinezko parada militarrak ziren. Gizon zerrendak, eskopeta bizkarrean, ordenaren defentsan. Ez zituzten lagun makalak. Bilkura hartan eurekin izan zituzten probintziako gobernadore militarra, komandanteak, kaperau militarrak, udal agintariak, Guardia Zibilaren kapitaina, bake epailea,... Paradoxikoki Estatua, bortizkeriaren monopolioa oinarri duen erakundea, ari zen halako miliziak sustatzen eta babesten. Ezagunak dira Primo de Riveraren inspirazio mussolinianoak. Italiako «alkondara beltzak» gogorarazten dizkigute (eta fenomeno historiko berberean kokatu beharko lirateke).

 


Baina nortzuk ziren miliziano hauek? Beraien ibilbidea ez da aztertu euskal eta gipuzkoar kasurako. Tolosaldeak ere gabezia bera du. Baina banderaren bedeinkapen egun hartako argazkiei begirada bat botatzearekin ideia bat egin dezakegu. Askotan borrokarako eta gatazkarako grinak gazteriari egozten bazaizkio ere, jende heldua ikusten da irudietan, heldutasun aurreratu xamarraren eta zahartzaroaren artean mugitzen direnak. Ez hori bakarrik. Euren estatus sozialaren berri eman dezakete euren janzkerek. Sektore herrikoein artean koka genitzakenak badaude, bai, baina traje eta sonbrerodun gizon «serioak» ere agertzen dira bertan, «klase ertain» mailan kokatu ohi ditugunak oro har, eta goi postuetan eta ama ponteko (hauen izenak ezagutzen ditugulako) Tolosako eliteetako kideak topatzen dira. Gobernuaren erabakietatik haraindi, zerk eraman zituen jende hauek halako milizia baten parte izatera? Zein zen arriskua? Zer zen eurek defendatu nahi zuten ordena soziala mehatxatzen zuen mamua?

 



Hamarkada bat lehenago agertu zen «mehatxu» hori, aurreko aleetan azaldu genuenez. Mehatxua erreala al zen Tolosaren kasuan? Ez dakigu. UGTren adar batzuek (Tolosan gehiengoa biltzen zuen sindikatua) diktadurarekin kolaboratzeko joera erakutsi zuten eta Tolosako alderdi sozialistak, Errusiako Iraultzaren ostean alderdi barruan sortutako eztabaidaren ostean, ez zuen bide iraultzailea aukeratu eta errepublikarrengana biratu zen. Anarkismoa 1910.eko hamarkadetan garatu zen Tolosan, baina hamarkada bat geroago, eta ilegalizazioaren eta jazarpenaren arazoak gehituta, ez zuen bere kabuz «ordena» iraultzeko indarrik. 1927ko hau ez zen gerrarako prestaketa, garaipenaren ospakizuna baizik. 1916-1917 bitartean izutu ziren «ordenako» klaseak Tolosan. Azaldu ditugu 1916-1917 hartan Tolosaldean gertatu ziren greba iraultzaileak. Aktore berri bat sortu zen, anarkismoa, langileentzako beste alternatiba osatu zuena eta mugimendu sozialistarekin posizio kontrajarriak erakutsi zituena. Sozialistek sinatutako zenbait konbeniorekin gatazkak izan zituzten. Horren adierazle izan liteke mitin baten ostean anarkista batek sozialista bat tiroz hil izana (nahiz eta tentuz hartu behar den albiste hau, Estatuaren edota enpresariek ordainduriko pistoleroen eskua egon bailiteke honen atzean). Bestelako langile borroka moduak agertu ziren eskualdean. Horren adierazle lantegi baten erreketa, hau ere anarkistei egotzia.



«Giro» horretan ulertu behar da, besteak beste, Primo de Riveraren estatu kolpea. «Anarkian ordena» jartzea zuen misio. Eta, beren ustetan, lortu zuten. Baina ezpataz finkatutako bakeak oso zalantzazkoak izan litezke. Ez dakigu bazkari oparo hura irentsi zuten miliziano haiek zer zerabilten buruan. Lasai aurkitzen ziren? Mehatxaturik? Usaintzen ote zuten, sikiera, handik lau urtera etorriko zena edo asetasunak itsutzen zituen? Errepublika eta Gerra Zibila ez ziren ezerezetik sortu. XX. mende osoan indar kontrajarrien lerraketa ematen ari zen, eta eztanda ez zen txikia izango. «Giro» hauetan hartu zuten itxura indar sozial hauek, eta etorkizuneko polarizazio eta gatazkak ulertzeko epe luzean ondu zen prozesu bezala hartu behar dugu. Borgoinako ardoak itsutu ez gaitzan.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!