Argazkizaleentzat sortutako Aiztondoko argazki rallya iritsi da

Maier Ugartemendia 2014ko mar. 21a, 16:00
Aiztondoko argazki rallyaren VI. edizioa antolatu du aurten ere Aiztondoko Zerbitzuen Mankomunitateak. Lehiaketa apirilaren 6an izango bada ere, izena emateko azken eguna, hilaren 24a, astelehena izango da; 08:00etatik 12:00etara Aiztondoko Zerbitzuen Mankomunitatearen bulegoan. Edo Rallyaren egunean 09:00etatik 10:30era ere eman ahal izango da Adunako udaletxeko atarian.

 Izena emateak 5 euroko kostua izango du eta nerabeentzat doakoa izango da. Nahi duen argazkizaleak eman dezake izena eta argazkiak kamera edo telefono mugikorrarekin atera daitezke. Larraul, Alkiza, Aduna eta Zizurkil herrietan atera ahal izango da argazkia, eta gaiak apirilaren 6an banatuko dira Adunako udaletxeko atarian. Jarritako gai bakoitzeko argazki bat atera beharko dute parte hartzaileek. Argazkilariek aukeratutako sei argazkiak Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatera eraman beharko dituzte apirilaren 7ko 10:00ak baino lehen.

Sari bikainak

Irabazleentzat lau sari izango dira, 250 eurokoa eta trofeoa lehenarentzat, 200 eurokoa eta trofeoa bigarrenarentzat, 100 eurokoa eta trofeoa hirugarrenarentzat eta 75 eurokoa eta trofeoa laugarrenarentzat. Aiztondo saria, berriz, afari eder bat izango da. Gainera, aukeratutakoekin erakusketa bat ere egingo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!