Elkartasun helburuz, lasterketa

inigoterradillos 2014ko mar. 20a, 12:25
Tolosaldea Sahararekin elkartearen laguntzarekin Miyic herrian Euskal Herria ikastetxea eraiki ahal izan dute.
Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren sorreraren urteurrenean maratoia egin ohi dute eta bertan Leaburuko Gregorio Eizagirrek eta Tolosako Agus Agotek hartu dute parte. Izagirrek Irratian hitz egin du.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren sorreraren urteurrenean maratoia egin ohi dute azken urteetan Aljerian kokaturiko errefuxiatuen kanpalekuetan. Hain justu, hamalaugarrenez egin dute aurten, 27 herrialde desberdinetako jendeak parte hartu du lasterketan, eta tartean eskualdeko bi herritar izan dira, Gregorio Eizagirre leaburuarra eta Agus Agote tolosarra. Ekimen horretan parte hartzeaz gain, bidaia Tolosaldetik burutzen ari diren proiektuak bertatik bertara bisitatzeko ere baliatu dute.

Leaburuarrak azaldu duenez, egonaldia «oso atsegina eta aberasgarria» izan da: «Elkartasuna du helburu lasterketak, eta baita sahararren egoera gizarteratzea ere, hau da, jendeak gogoratzea sahararrak ez daudela euren herrian, Mendebaldeko Sahara Marokok okupaturik duelako». Bada, hondar gainean lasterka egin ostean, Tolosaldea Sahararekin elkartearen nahiz Ibarrako Udalaren laguntzarekin burutzen ari diren proiektuak ikusi ahal izan dituzte.

Ikastetxea lurralde liberatuan

Duela lau urte hasi ziren Miyic izeneko herrian ikastetxea eraikitzen, eta bidaia honetan amaiera eman diete lanei. Herri hori sahararren lurralde liberatuan kokaturik dago, hau da, Polisarioaren menpe dagoen zatian. «2.700 kilometro luzerako harresi handi batek zatituta dago Sahara, eta eskola liberaturiko zati horretan eraiki dugu», azaldu du Eizagirrek. Euskal Herria ikastetxea izena duen eraikina, beraz, martxan da dagoeneko, bere hiru gela, irakasle gela eta jangelarekin. «120 umerentzat prestatuta dago; nomadak dira zonalde horretan bizi direnak, eta gaztetxo asko distantzia luzetik joaten dira eskolara, beraz, goizetik arratsaldera arte egoten dira bertan, eta horregatik, eskolan jaten dute». Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak bertako agintariekin izan dira, eta euren poztasuna eta eskertza» adierazi diete, proiektua «oso aberasgarria» izango delako herriarentzat. Tolosaldeko elkartetik eskola materialarekin laguntzen jarraituko dute, eta horretarako, urtean zehar burutzen dituzten ekimen desberdinak erabiliko dituzte.

Horrekin batera, herri horretan bertan, anbulatorio bat ere hasi dira eraikitzen Tolosaldea Sahararekin elkartearen laguntzarekin. «Gune horretan, lehen ez zegoen ez eskolarik ez eta osasun zerbitzurik, beraz, behar handia zegoen», adierazi du Gregorio Eizagirrek. Egin berri duten bidaia baliatu dute anbulatorioa eraikitzen has daitezen diru laguntza emateko. «Eman dugunarekin, iaz eman genuenarekin eta hurrengo urtean eman ahalko dugunarekin, espero dugu proiektua gauzatzea».

Erabilera anitzeko gunea

Bestalde, Ibarra Saharako Tichla herriarekin senidetuta dago, eta bertan hasi zen duela 4-5 urte erabilera anitzeko gune bat eraikitzeko proiektuarekin. Hori ere bisitatzeko aukera izan dute elkarteko kideek, eta laster martxan egotea espero dutela azaldu du Eizagirrek. «Goizetik arratsaldera arte egunero irekita egotea da helburua, adin guztietako gizonekin eta emakumeekin». Goizean lehen orduetan erizain bat egotea aurreikusten dute, aiton amonak artatzen, eta arratsaldeetan, berriz, emakumeak biltzeko gune izatea nahi dute.

Errefuxiatuen kanpalekuetako egonaldian sahararrekin egon, eta euren egoeraz hitz egiteko aukera izan dute. «Urtetik urtera ikusten dugu, krisiaren eraginez edo, laguntzak murriztuz doazela», esan du leaburuarrak. Errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren sahararrak iristen zaien laguntzetatik bizi dira, eta geroz eta gutxiago dutela, eta muga mugan bizi direla jabetu dira Tolosaldeko bi herritarrak. «Gainera, euren herrira bueltatzeko geroz eta gogo handiagoa dute, eta itxaropen horrekin borrokan jarraitzen dute».

Udan haur saharrak etxean

Elkartasuna adierazteko beste modu bat Oporrak bakean ekimenean parte hartzea da. Udan 7 urtetik 12 urtera bitarteko haur sahararrak, bi hilabetez etxean hartzea da ekimenaren funtsa, eta une honetan, bai udaletxeetatik, bai eta Tolosaldea Sahararekin elkartetik, familia hartzaileen bila ari dira.

Bi hilabete horietan basamortuko baldintza gogorrak arindu ahal dituzte, eta familia hartzaileek euren errealitatea gertutik ezagutzen dute. Parte hartzeko udaleko gizarte zerbitzuetara jo besterik ez da egin behar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!