Arrazakeria eta Xenofobiaren kontrako Nazioarteko Eguna da gaur

Maier Ugartemendia 2014ko mar. 21a, 08:30
Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako eguna dela eta, Tolosaldea Garatzenek jardunaldiak antolatu ditu apirila bitartean. Gaur 18:30ean Tolosako kultur etxean Munduko Medikuak elkartearen 'Cuanto ganamos cuanto perdimos' dokumentala ikusi ahal izango da. Tolosaldeko Atariak erreportaje zabala egin zuen, hitzorduaren harira.

Martxoaren 21a Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko eguna da, eta hori dela eta, aniztasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako jardunaldiak antolatu ditu Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun Sailak.  Arduraduna Kristina Morales da, eta berak azaldu bezala ez da kasualitatea Nazio Batuen Erakundeak martxoaren 21a aukeratu izana aldarrikapen honetarako: «1960an, Hegoafrikako herri batean manifestazio baketsu bat burutzen ari ziren apartheidaren aurka eta poliziak 69 pertsona hil eta 180 zauritu zituen. Aldaketa bat egon zen unea izan zen, Hegoafrikan isolamendua hasi zen data bezala seinalatzen da». Arrazakeriaren eta diskriminazioaren aurkako egun bezala identifikatu da egun hori geroztik.
Berrogeita hamalau urte beranduago Moralesek uste du gure eskualdean ere egun hau ospatzen jarraitzeko beharra dagoela. Izan ere, «diskriminazio egoerak egunero ematen dira arrazoi desberdinengatik». Moralesen ustean «desberdin ikusten dugun edonor diskriminatzeko gai ikusten gara askotan, eta batzuetan, nahi gabe ere egiten dugu». Tolosaldea Garatzenek dituen datuen arabera, Tolosaldean laurogeita hamabi nazionalitate daude, eta berrogeita hamar edo hirurogei hizkuntza inguru hitz egiten dira.  
Egitarau oparoa
Arrazakeriaren Aurkako egunaren harira, esan bezala, Tolosaldea Garatzenek, eskualdeko udalekin eta beste hainbat eragilerekin elkarlanean, apirilaren 3ra arte iraungo duen egitarau oparoa prestatu du.

«Ikastetxeetako hizkuntza aniztasuna agerian jartzea» du helburu. Lingolang web orri bat da eta bertan haurren grabazioak entzun daitezke, norbere ama-hizkuntzan hitz egiten ari direla. Gauza «arruntak» grabatzen zaizkie: agurrak, zenbakiak... Villabonako proiektuan, Fleming ikastetxeko eta Jesusen Bihotza ikastolako ikasleek parte hartu dute eta aurkezpenean parte hartu duten ikasleen familiak ere izango dira. Jatorri desberdinetako haurrengan edo bertan jaiotakoek, baina, ama-hizkuntza euskara ez duten haurrek euskararekin «zailtasunak» dituztenaren ustea omen dago; baina, hori pentsatzen dutenak «harrituta» geratzen omen dira ama-hizkuntzak zeinen «ondo» menderatzen dituzten ikusita. Horrek ikaskideen hizkuntzen ezagutzari dagokionean «aberastasun» handia  suposa dezake.
Proiektua jatorri ezberdinetako familien parte hartzea bultzatzeko ere baliagarria izan daiteke. Moralesen ustez «beraien kultura eta hizkuntza agerian jartzea bada» parte hartzea handiagoa da, «denoi bezala gustatzen zaizkigun gauzetan parte hartzen dugu».
Ostiralean, Tolosan Munduko Medikuak gobernuz kanpoko elkarteak osasun eskubidearen inguruko dokumental bat eskainiko du. Paperik gabe edo egoera irregularrean dauden pertsonei osasun eskubidea «jartzen zaizkien oztopoak» aipatzen dira bertan. Gure eskualdean osasun publikoaren «kezka» dago, eta pertsona batzuek oraindik ez dute «eskubide hori bermatua». Baina, bermatzea «guztiok osasuntsuago egoteko» beharrezkoa dela uste du Moralesek. Murrizketek «gehienean» egoera irregularrean daudenei eragiten diela gogorarazi du, gainera.
Larunbatean Tolosan eta igandean Alegian, Txintxarri  Txiki eta Hodei Truk  abesbatzek Tolosako Lita Arafu elkarteko haurrekin batera bi emanaldi eskainiko dituzte. Lita Arafu elkartea musulmanen komunitatearen elkargune da, eta eskualdeko abesbatzekin batera euskaraz eta arabieraz hainbat abesti abestuko dituzte «elkar-ezagutzeko».
Zizurkilen, Tolosaldean jatorri ezberdinak egon arren «herri bat garela erakutsi nahi» dute, eta horretarako Juanma Berasategiren dokumental bat botako dute;  Tolosaldeko hainbat jatorritako pertsonek mugikorrarekin grabatutako bideotxo bat ere eskainiko dute eta Zizurkilgo jatorri ezberdinen datuak ere emango dituzte.
Azkenik, hilaren 27rako eta apirilaren 2-3rako zurrumurruen aurkako hitzaldi eta tailerra prestatu dituzte. Irekiak dira erabat, baina, telefonoz edo korreoz izena ematea eskertuko lukete. Krisi garai honetan diskurtso mota batzuk «indarra» hartzen dute eta «legitimatu» egiten dira, baina Moralesek azaldu bezala  «kanpotarrak kriminalizatzen dituen diskurtso horiek arriskutsuak dira». Hitzaldian eta tailerrean  diskurtso hauei «aurre nola egin eta zergatik ez isildu» ikasi ahal izango da. Pertsona oro bilakatu baitaiteke zurrumurruen aurkako agente.
Hala ere, aurreiritziei aurre egiteko modurik onena «ondokoa ezagutzea» dela argi du Moralesek eta ekimen hauek horretan «lagundu» dezakete. Horretarako eskualdeko herritar guztiak ekimen hauetan parte hartzera «animatu» ditu Moralesek.

 

Jardunaldietako egitaraua

  • MARTXOAK 21, GAUR: 18:30ean Tolosako Kultur etxean, Munduko Medikuak elkartearen osasun eskubidearen inguruko 'Cuanto ganamos cuanto perdimos' dokumentalaren emanaldia.  
  • MARTXOAK 22, BIHAR: 18:00etan Tolosako Kultur etxean, Txintxarri eta Hodei truk abesbatzen eta Lita arafu- Ezagutzeko elkartearen arteko, kulturen arteko gerturatzea.
  • MARTXOAK 23, IGANDEA: 18:00etan Alegiako Kultur etxean Txintxarri txiki eta Hodei truk abesbatzen eta Lita arafu-Ezagutzeko elkartearen arteko, kulturen arteko gerturatzea.
  • MARTXOAK 24, ASTELEHENA: 19:30ean Zizurkilgo Atxulondo Kultur etxean, 'Gu jatorri anitz herri bat' dokumentalaren  aurkezpena.
  • MARTXOAK 27, OSTEGUNA: 19:30ean Tolosako Kultur etxean, Zurrumurruen aurka Xabier Aierdiren hitzaldia.
  • APIRILAK 2 ETA 3: 19:30ean Tolosako Kultur etxean, Zurrumurruen aurka Rakel Morenoren tailer praktikoa.

 

 

 
 

Tamara Etxeberria, ijito misa

"Jendeak hobeto ezagutuko bagintu, iritzia aldatuko luke"

Tamara Etxeberria billabonatarrak hemezortzi urte ditu eta iazko Ijito Missa Lehiaketako irabazle izateagatik egin da ezaguna bere izena. Apirilaren 8an ospatuko da aurtengo edizioa eta bertan epaile lanetan ere ariko da eta irabazleari koroa ere pasako dio. Etxeberria aurreiritzi eta estereotipo guztiak puskatzen dituen neska da.




Ijito Missaren Lehiaketa Ijitoen Nazioarteko egunaren harira sortu zen, baina, zergatik? Zer da lehiaketa honekin aldarrikatu nahi dena?
Ijito Missa Lehiaketak gure pertsonarekiko errespetua sortzea du helburu. Ikusteko guk ere desfilatu dezakegula, pertsona normalak garelako eta aukera berdinak dauzkagulako; hau da, jendeak emakume ijitook ez garela ezkondu eta etxean bakarrik egoten ikustea nahi genuen. Guk ere aukera berdinak dauzkagula.

Eta zure kasuan, bilatzen zena bete da?
Bai, nire kasuan bai. Aurten Ijito Missaren 2014ko edizioa egingo da eta, beraz, bete da.

Martxoaren 21a, Arrazakeriaren Aurkako eguna da. Ez dakit inoiz zurekiko jarrera desegokiren batekin egin duzun topo...
Denetariko jendea dago eta jende mota askorekin egin izan dut topo. Baina jende horrek ezagutzen gaituenean konturatzen da nolakoak garen.

Zuk esan duzun moduan, ezagutzean aurreiritzi horiek albo batera utziko dituzte, ezta?
Garrantzitsuena da ikustea nolakoak garen, eta gure kultura zein den, eta hori ulertu behar dute. Hori eginez gero egoera aldatzen da.

Estereotipoak hausteko adibide onena zu zeu zara, oso oker ez banago euskara irakasle ere izan nahi duzu?
Bai, euskara irakaslea izan nahi dut, baina, horretarako asko ikasi behar dut oraindik. Baina, hori pentsatu dut egitea poliki-poliki. Hori gustatzen zait.

Zure ustez zer egin beharko litzateke estereotipo eta aurreiritzi horiekin amaitzeko?
Nik uste dut jendeak gure ohiturak hobeto ezagutu beharko lituzketela eta horrela iritzia aldatuko lukete. Badago jendea ezagutu nahi ez gaituena, gu itxiak garela pentsatzen duena, baina, hori ez da horrela.

Aurrera begira egoera aldatuko dela uste duzu?
Nik uste dut baietz. Orain telebistan gure bizitzari buruz asko hitz egiten da eta nire ustez hori oso ona da, zeren horrela jendeak gure bizimodua zein den ikusten du eta gure ohiturak ezagutzen ditu. Eta honela, lehen iritzi negatiboak  zituztenek, agian, orain iritzia aldatu dute, eta hori ona da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!